euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Judas Arrieta artistak Asia Draws izeneko erakusketa inauguratuko du bihar Shanghaiko Euskal Etxean

2007/11/15

Shanghaiko Euskal Etxean zabalik den erakusketaren gonbidapena, Judas Arrietak diseinatua
Shanghaiko Euskal Etxean zabalik den erakusketaren gonbidapena, Judas Arrietak diseinatua

PUBLIZITATEA

Judas Arrieta artista hondarribitarra Beijing-en bizi da eta Asia, Europa eta Euskal Herriko kultura islatzen ditu bere lanetan. Orain, Shanghaiko Euskal Etxearen eskutik bere azken lanak aurkeztuko ditu Asia Draws izeneko erakusketan. Ostiral honetan bertan inauguratuko dute, Shanghaiko Euskal Etxean. Karia hortara elkarteak ateak irekiko ditu asteburu osoan, erakusketa ikusi nahi duenari ongi etorria eginez. Asia Draws erakusketa urte bukaera arte luzatuko da.
Shanghaiko Euskal Etxeak Judas Arrieta artista hondarribitarraren Asia Draws erakusketa irekiko du ostiral honetan arratsaldean. Euskal artistak eta Shanghaiko euskal komunitateak urte hasieran egin zen Txinako Korrika TX ekitaldian ezagutu zuten elkar eta orduan sortu zen Shanghaiko Euskal Etxea erakustoki bezala erabiltzeko ideia. Asia Draws azken bi urteetan Judas Arrietak egindako marrazki eta serigrafia ezberdinen aukeraketa baten emaitza da. Bertan Judasek txinatar, japoniar zein euskal kulturaren pop idiosinkrasiak landu eta uztartzen ditu.

Txinan bakarka eta taldekako erakusketa ezberdinetan behin baino gehiagotan parte hartu duen arren, honakoa izango da Shanghain Judas Arrietaren lanak ikusteko izango den lehen aukera. 1971 urtean jaioa, Arrietak 14 urte daramatza erakusketak egiten, Euskal Herrian ez ezik Espainia, Frantzia, Alemania, Japonia eta Txinan barrena. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Injuve eta BBK fundazioak bekatua izan da. BilboArte eta Artelekun lan egin du eta Gasteizko ARTIUMek, Cuencako MIDEk, Madrileko UNED eta INJUVEk eta Euskal Herriko Unibertsitateak, besteak beste, bere artelanak dituzte beren bildumetan.

Artista txinatarra bilakatu nahian

Artistak berak azaltzen duenez erakusketa 2005 eta 2007 urteen artean sortutako marrazkien aukeraketa bat da. 2005ean egin zuen Arrietak lehen bidaia Txinan barrena. 'Txinarako lehen bidaia hau, Txinatar Urteberriaren ospakizunak gertatzen ari zirela egin nuen, Oilarraren Urtean, eta nire ikuspuntu artistikoak eta bizitza ulertzeko modu berriak ireki zituen'. Artistak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Casa de Asia erakundearen beka jaso zuen. 'Beijing Dreams izeneko proiektuaren barnean, artista txinatar bilakatzen saiatu nintzen, Beijing-en egon nintzen 9 hilabeteetan'.

Bere lanean ikonografia japoniarra landu du Arrietak batik bat, noiz behinka txinatar zein korear gaiak ikutuaz. 'Baina Txinan nagoenetik, bertako argazki eta ikonoen erabilpenean finkatu naiz, nire inspirazio basikoa diren etxeko zein estudioko poster, komiki eta jostailu mekanikoekin uztartuz. Honela egun, Godzilla eta plastikozko Ultraman baten tartean, Beijingen erositako liburu bat edo izar gorridun txapel militar bat topa daitezke'.

Kultura desberdinen arteko elkarbizitza

[Judas Arrietaren lan batzuk]

Shanghaiko Euskal Etxean erakusgai izango den erakusketan sentimendu horiek laburbiltzen dituzten marrazkiak jaso ditu Arrietak. 'Marrazki hauetan kultura ezberdinak modu erlaxatuan bizikide dira. Nire marrazkiak, beste marrazki eta artistetan daude inspiratuak. Honela pelikula, komiki edo arte lan ezberdinak ikusterakoan bizitutako momentu intimoen bertsio edo omenaldi bilakatzen dira'.

Shanghaiko Euskal Etxearen datozen ekitaldiak

Erakusketa honetaz gain, ekitaldiz jantzitako egutegia prestatu du datozen asteotarako Shanghaiko Euskal Etxeak. Hilaren 24ean 'Babarrun Jana' egingo dute MCC kooperatibak inauguratu berri duen Kunshan-eko industriagunean. Bertan 'Anaitasunaren Etxea' (sic) izeneko baserriak Txinako alde horretan lanean ari diren euskaldunak hartzen ditu eta urtero egiten den Babarrun Jan hau ilusio handiz itxaroten duten hitzordua bihurtu da. Parte hartu nahi dutenek hemen eman dezakete izena. Shanghain dagoen Euskal Etxetik Kunshanera joateko autobusa eratu da. Hurrengo data abenduaren 8an izango da, elkartearen Urteko Biltzar Nagusia, hain zuzen.

Bide batez Euskal Etxeak joan den larunbatean egin zen Udazkeneko I. Mus Txapelketaren berri ere eman du. Hamalau bikotek hartu zuten parte eta irabazleak Mikel Aiestaran eta Unai Diego izan ziren. Txapeldunordeak, berriz, Iñigo 'Lehoia' Zabala eta Pablo Martinez.

[Goiko irudian Shanghaiko Euskal Etxeko Mus Txapelketan parte hartu zuten jokalariak, eta erdian irabazleak txapelarekin (argazkia Shanghai EE)]


Lotura interesgarriak

Shanghaiko Euskal Etxearen webgunea
www.chinaeuskaletxea.com Beijings Dreams, Judas Arrietaren lanak
www.beijingdreams.net

Judas Arrietak lehenengo erakusketa zabaldu du Txinan, Beijing-en
2007ko urtarrilaren 10ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia