euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juanjo Olasagarrek Italian aurkeztuko du 'Ezinezko maletak' eleberria, 'Valigie impossibili' izenburuarekin

2008/09/25

Juanjo Olasagarre idazle arbizuarra (argazkia Zaldi Ero)
Juanjo Olasagarre idazle arbizuarra (argazkia Zaldi Ero)

PUBLIZITATEA

Juanjo Olasagarre idazle arbizuarrak Italiako hainbat hiritan 'Ezinezko maletak' eleberriaren itzulpena aurkeztuko du. 'Valigie impossibili' izenburuarekin argitaratu du liburua Gran Via argitaletxeak, Roberta Gozziren itzulpenarekin. Liburua 2004an plazaratu zen eta urte berean Kritikaren Saria jaso zuen. Aipatzekoa da gaztelerazko itzulpena oraindik ez dagoela kalean, urriaren amaieran plazaratuko baitu Bassarai argitaletxeak. Italiako aurkezpenak asteartean, irailaren 30ean, Milanen hasiko dira eta ondoren Turinen (urriaren 1ean), Erroman (urriaren 2an) eta Pontederan (urriaren 5ean) izango da Olasagarre.

Iruñea, Nafarroa. Juanjo Olasagarre idazle arbizuarra Italian barrena bere 'Ezinezko maletak' eleberria aurkezten ibiliko da, italieraz 'Valigie impossibili' izenarekin argitaratua. 2004ean plazaratu zuen Susa argitaletxeak lana lehen aldiz eta joan den ekainean Italiako Gran Via argitaletxeak italieraz plazaratu zuen, Roberta Gozzik itzulita. Olasagarrek Italiako hainbat lekutan aurkeztuko du hurrengo egunotan liburua. Ondo bidean, hurrengo asteartean Milanen izango da; urriaren 1ean Turinen eta urriaren 2an Erromako Libreria Caffe 'Giuffa'-n. Azkenik, urriaren 5ean Pontederan aurkeztuko du eleberria, idazleen nazioarteko biltzar baten barruan. Aurkezpenetan Fabio Cremonesi Gran Via Edizioni-ko zuzendariaren laguntza izango du.

Gran Via Edizioni argitaletxea euskal literaturgintzan interesatu da azkenaldian eta besteak beste 'Basque Anthology...', ingelesez argitaraturiko euskal narrazioen bilduma, eta Unai Elorriagaren bi liburu argitaratu ditu. ‘Valigie impossibili' liburuaren kasuak badu bere anekdotatxoa, izan ere, italierazko bertsioa gaztelerazkoa baino lehenago plazaratua izan da. Roberta Gozzi itzultzaileak liburua eskatu zion Olasagarreri eta honek gaztelerazko itzulpena (artean argitaratu gabekoa) bidali egin zion. Gozzi-ri asko gustatu omen zitzaion liburua, Olasagarreren esanetan, eta Fabio Cremonesi Gran Via Edizioni-ko argitaratzaileari utzi zion. Harek ere asko atsegin eta abian jarri zuten itzulpena.

Italian liburua aurkezteko aukera hau pozez hartu duela azaldu dio Olasagarrek EuskalKultura.com-i. Ekainaren hasieran kaleratu zen ‘Valigie impossibili’, baina uda literatura aurkezpenak egiteko garai txarra izanda iraila bukaera arte atzeratu omen dute aurkezpen bira. Elaberriak lau lagunen istoria kontatzen du, bi garaitan desberdinetan gertatzen direnak bilduz. Lagun hauetako bat Londresen hiltzean, lagunak hara joateko batuko dira eta bidaia egin bitartean gazte garaiak ekarriko dituzte gogora.

Lotura interesgarriak

Italiako aurkezpen itzuliaren berri
Gran Via Edizioni argitaletxearen webgunean

Eta Erromako Assoziacione Culturale Euskara webgunean
www.euskara.it



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia