Buenos Aires, Argentina. Iaz orrialde hauetan Serrat-en aipatu genuen kasuan bezala, oraingoan nazioarteko beste kantari bat ari izan da Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeko areto nagusian entsaiatzen hiriburuko Colon Antzokian kontzertua eman aurretik. Juanes kantari kolonbiarra --Antioquiako Medellinen jaioa, Juan Esteban Aristizabal du izena, eta euskaraz ere grabatu izan du kantarik, Kepa Junkeraren (besarkada, Kepa!) eskutik-- orkestra lagun, eta hormetako koadro batetik Iparragirreren begiradapean aritu da bertan, Argentinara iritsi berritan.
Entsaioko ikuspegi nagusia, Juanes orkestrarekin Laurak Bat-eko areto nagusian (arg. Hernan Zenteno-La Nación)
Joan den asteburuan izan da hau. Entsaioa Laurak Bat-en eta bere kontzertuaren xehetasunak argentinar hiriburuko La Nación egunkariak bildu ditu Cecilia Martínezen artikulu honetara, Hernan Zentenok sinatzen dituen zenbait argazki ere tarteko, eta horiek baliatu ditugu aipu honetarako.