euskal diaspora eta kultura
2009/04/15
PUBLIZITATEA
Frankfurt, Alemania. Juan Mari Beltran musikaria Frankfurten izan da egunotan, Ander Barrenetxea txalapartariarekin batera hiri alemaniarrean ospatzen den Musikaren Nazioarteko Azokan parte hartzeko. Apirilaren 1etik 3ra egon ziren bi musikariak Frankfurten eta egonaldi labur honetan Beltranek Goethe Unibertsitateko Euskal Ikasketan Etxearen inguruan bildutako euskal komunitatea eta euskaltzale alemaniarrak ezagutzeko aukera izan zuen.
Bidaia honetan bi musikariek Frankfurten egin den lehen txalaparta osatzeko denbora ere izan zuten. Txalaparta Euskal Ikaskuntzen Etxearena izango da eta hirira bisita egiten duten musikariek erabili ahal izango dute aurrerantzean. Frankfurteko zurgin baten lantegian egin zuten txalaparta eta alemaniarrak adi-adi eta harrituta jarraitu zuen prozesua. Apurka apurka txalaparta osatu behar zuten bost zurezko oholak findu zituen zurginak, Beltranek lortu nahi zuen soinua ematen zuten arte.
[Juan Mari Beltran eta Ander Barrenetxea txalaparta probatzen Frankfurteko zurginaren aurrean (argazkia FrankfurtEE)]
Txalaparta prestatu ostean Beltranek eta Barrenetxeak Azokara bisita egin zuten eta bertan zuzenean musika munduko azken nobedadeak ezagutzeko aukera izan zuten. 'Juan Mari Beltranek bertan ikusgai zeuden mundu osoko musika tresna tradizional asko ezagutu egin zituen eta Valentziako lagun batzuekin ere topo egin zuen', azaltzen du Martin Petrusek, Euskal Ikasketen Etxeko koordinatzaileak.
Sagardotegi euskal-alemaniarra
Gauean musikariek kontzertua eman zuten Euskal Ikasketen Etxeak antolatu zuen euskal-alemaniar sagardotegi afarian, Buchwald jatetxe eta sagardotegi alemaniarrean. Beltranek eta Barrenetxeak Kirikoketa bezalako erritmo klasikoekin hasi zuten emanaldia eta abesti eta azalpenak tartekatuz afarira hurbildu ziren lagunak gustora asko egotea lortu zuten.
[Juan Mari Beltran eta Ander Barrenetxea txalapartarien kontzertuaren une bat (argazkia FrankfurtEE)]
Emanaldiaren ostean Jörg Stier alemaniar sagardogileak alemaniar eta euskal sagardoaren arteko deberdintasunak eta antzeko ezaugarriak aipatu zituen. 'Afaria oso arrakastatsua izan zen eta Jörg Stier sagardogileak datorren urtean ere etorri eta esperientzia errepikatzeko gonbitea egin zuen musikariei', bukatzen du Petrusek.
A zer inbidia! Giro aparta izan zenuten; Frankfurteko euskaltzaleok merezi duzuen neurrikoa. Segi horrela eta eutsi goiari!
Ion, 2009/04/15 15:56
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus