euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juan Mari Beltran musikariak Montevideoko entzuleak liluratu zituen euskal instrumentu zaharren soinuarekin

2008/09/11

Juan Mari Beltran (erdian) txalapartariekin Montevideoko kontzertuaren una batean (argazki erreportaia Lucia eta Edurne)
Juan Mari Beltran (erdian) txalapartariekin Montevideoko kontzertuaren una batean (argazki erreportaia Lucia eta Edurne)

PUBLIZITATEA

'Kontzertuak iraun zituen bi orduak konturatu orduko pasa egin ziren', azaltzen zion EuskalKultura.com-i euskal musiakariak larunbatean eman zuen kontzertuan izan zen entzule batek. Bertara bildu zen jendearten arabera emanaldia 'oso ederra' eta 'paregabea' izan zen. Txalaparta, alboka, txistu, ttun-ttun, burruna eta trikitixa bezalako musika tresnak, paraje hauetan nekez ikus daitezkeenak, izan ziren kontzertuaren izarrak eta entzuleek jakinminez eta harriduraz hartu zituzten. Montevideoko Haize Hegoak antolatu zuen Uruguaiko emanaldi honen ostean, Beltranek Argentinako Chivilcoy-en eta Arrecifes-en eman ditu kontzertuak, eta gaur bertan bukatuko du bira, Buenos Aireseko Centro Cultural Plaza Defensa-n emango duen kontzertuarekin (20:00). Bertara joan ezin dutenentzako, Montevideoko kontzertuaren kronika eta argazkiak, hemen.

Montevideo, Uruguai. Hotza eta euriarekin lehian, eta batez ere futbolaren konpetentziari aurre eginez --Uruguai Kolonbiaren aurka ari zen jokatzen, 2010 urteko Mundialerako sailkatzeko-- Haize Hegoako kideek Juan Mari Beltranen kontzertuak nahi baino jende gutxiago bilduko ote zuenaren beldurra zuten. Ateak ireki eta jendea sartzen hasi orduko arnasa lasai hartu ahal izan zuten, izan ere, jendetza 'harrigarria' bildu zen, eta 'aurreikuspenak aixa gainditu genituen'.

Txalaparta, alboka, txistu, ttun-ttun, burruna eta trikitixaren soinuak entzuteko aukera izan zuten entzuleek, askok lehen aldiz. Baina aurkikuntza entzuleek bakarrik ez, Beltranek berak ere egin zuen. Musikari donostiarraren bokazioa euskal instrumentu zaharrak berreskuratu eta biziberritzea izaki, candombe-a bezalako Uruguiako instrumentu bat ezagutzeko parada ezin zuen galdu. Candombe-a Afrikako esklabuek Ameriketara eraman zuren musika tresna da eta egun Uruguaiko eta beste herrialdetako herri musikaren parte da.

Haize Hegoa Montevideo Juan Mari Beltran 08 2
[Juan Mari Beltran eta bere taldeko musikari batzuk Montevideoko emanaldian]

Haize Hegoa Montevideo Juan Mari Beltran 08 3
[Juan Mari Beltran ttun-ttuna jotzen]

Kontzertuan giro bikaina egon zen, entzulegoa erabat txundituta eta adi-adi Beltran eta bere musikarien emanaldia jarraituz. Musikari donostiarrak gainera euskal musika tresna zaharrei buruz duen ezagutza entzuleekin partekatu zuen, era natural eta xumean instrumentu edo kanta bakoitzari buruzko azalpenak emanez. 'Juan Mari Beltranek jenderarengana heltzeko era naturala du, umiltasunez eta xalotasunez', azaldu dio EuskalKultura.com-i  Haize Hegoako lehendakari Enrique Poittevin-ek.

Haize Hegoa Montevideo Juan Mari Beltran 08 5
[Kontzertuaren beste une bat: Aitor burrunarekin]

Haize Hegoa Montevideo Juan Mari Beltran 08 6
[Giro bikaina izan zen kontzertuan: irudian musikariak taulagainean eta ikusle batzuk dantzan]

Euskal instrumentu zaharrak entzuteaz gain, Uruguaiko euskaldunek txalaparta bat nola egiten den ikusteko aukera aparta ere izan zuten.  '(Juan Mari Beltran) hegazkinetik jaitsi orduko zerratoki batera joan ginen, txalaparta egiteko oholen bila. Jendea zur eta lur gelditu zen, makil batzuekin ohol batetik bestera kolpeak emanez zebilen gizon hari begira', azaltzen du Poittevinek. Oholak aukeratu ondoren, Haize Hegoako aretoan eurekin lanean aritu zen musikaria, nahi zuen soinua lortuz doitu zituen arte. Prozesu osoak aho bete hortz utzi zituen Haize Hegoako kideak.  'Ahaztu ezin' izango duten bisita honen hasiera baino ez zen hura.

Haize Hegoa Montevideo Juan Mari Beltran 08 1
[Goiko irudian Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeko kide batzuk Juan Mari Beltran eta bere taldeko musikariekin]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia