euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juan Mari Atutxa Rosarion izango da EAJ-PNVren Argentina Buru Batzarraren Mendeurrena ospatzeko

2011/10/31

Juan Mari Atutxa polikari jeltzalea (argazkia eaj-pnv.eu)
Juan Mari Atutxa polikari jeltzalea (argazkia eaj-pnv.eu)

PUBLIZITATEA

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean ospatuko da larunbatean EAJ-PNV alderdiko Argentina Buru Batzarraren sorreraren mendeurrena. Bertan izango da Juan Mari Atutxa alderdikidea, Euskadi Buru Batzarraren ordezkari gisa. Politikari areatzarrak harreman estua du Argentinako Diasporarekin eta, izan ere, EAJren Argentinako sailaren ordezkaria da alderdiaren Aberri Batzarrean. "Alderditik harreman sakona eta ugaria dugu Argentinarekin", azaldu dio EuskalKultura.com-i Sabino Arana Fundazioako presidenteak. "Adibidez, oraintxe alderdiaren hurrengo lau urteetako norabideak eztabaidatzen ari gara eta Argentinak ere parte hartzen du prozesuan".

Bilbao, Bizkaia. Sabino Arana Fundazioko presidenteak, Juan Mari Atutxak, Argentinara bidaia laburra egingo du aste honetan, Rosarion ospatuko den Argentina Buru Batzarraren mendeurrenean parte hartzearren. Ostegunean atera eta astelehenean bueltatuko da. Jeltzaleak harreman estua du Argentinako euskal diasporarekin eta sarri izan da bertan --"La Platan, Rosarion, Necochean, Buenos Airesen..."-- euskal-argentinarrek antolatutako ekitaldietan. "Argentina Buru Batzarrak Euskadi Buru Batzarra gonbidatu du eta, nahiz eta EBBko kide ez izan, ni joango naiz ordezkari bezala", azaldu dio Atutxak gure buletinari. 

Argentina Buru Batzarraren mendeurreneko ospakizunak larunbat arratsaldean hasiko dira, 15:00etan,  Zazpirak Bat Euskal Etxean egingo den Bilkura Orokor batekin. Ondoren, 19:00etan lore eskaintza egingo da Sabino Arana Goiriren omenez. 19:30tan Juan Mari Atutxak  "Euskadi, Nación Europea" izeneko hitzaldia emango du euskal elkartean. Ospakizunak 21:00etan hasiko den Mendeurreneko Afari batekin bukatuko dira.

Juan Mari Atutxa Argentinako Buru Batzarraren ordezkaria da EAJren Aberri Batzarrean. "Orain hiru edo lau bat urte naiz Argentinako ordezkaria hemengo bileratan, Argentinak ezin duelako bilera guztietara ordezkari bat bidali", azaldu du Atutxak. "Oraintxe hurrengo lau urteetako norabideak eztabaidatzen ari gara alderdian eta Argentinak ere parte hartzen du prozesuan: txosten eta testu guztiak bidaltzen zaizkie eta haiek iruzkinik edo zuzenketarik proposatzen badute neuk azaltzen ditut Aberri Batzarrean".

Argentinako Buru Batzarreko ordezkariak Euskal Herrian izan berri dira irailean eta Alderdi Egunean parte hartu zuten.

-Argentina Buru Batzarraren bloga, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia