euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporan ere bere gastronomia zigilua jarri duen Juan Mari Arzak da 2008ko Euskal Herritar Unibertsala

2008/07/10

Juan Mari Arzak sukaldari donostiarrak datorren urriaren 7an jasoko du Euskal Herritar Unibertsalaren saria
Juan Mari Arzak sukaldari donostiarrak datorren urriaren 7an jasoko du Euskal Herritar Unibertsalaren saria

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian eta Diasporan ere ospe handia duen Juan Mari Arzak sukaldariak jasoko du Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Kutxak ematen duten Euskal Herritar Unibertsalaren saria. Hamasei hautagairen artean donostiarra izan da bozkatuena, besteak beste, bere lanaren bidez Euskal Herriari buruzko irudi positiboa eskaintzen duelako atzerrian. Horrela, donostiarra Ainhoa Arteta soprano tolosarra, Pedro Migel Etxenike zientzilaria eta Bilboko Guggenheim Museoa bezalako saridunen zerrendan sartu da. Dononstiako jatetxea zuzentzeaz gain, Mexikoko Tezka jatetxeetan bere zigilua jarri eta aholkulari gisa dabilen sukaldariak datorren urriaren 7an jasoko du saria Gasteizen.

Donostia, Gipuzkoa. Euskal Herritar Unibertsala sariak euskal edo jatorri euskalduna duten pertsona zein elkarteak saritzen ditu euren lanaren bidez Euskal Herriaren irudia atzerrian eskaintzen dutelako. Juan Mari Arzakek euskal gastronomia garai berrietara moldatu eta munduko berritzaileenen artean kokatu duela iritzita sariaren epaimahaiak aurtengo saria sukaldari gipuzkoarrari ematea erabaki du.

Donostiarra, Euskal Herrian bere sukaldaritza lanak erakusteaz gain, Diasporan ere lan egin du azken urteetan. 2006ko urrian, esaterako, Mexikoko Zona Rosa eta Pedregaleko Tezka jatetxeetan aritu zen aholkulari gisa bere zigilua jarriz. Bestalde, Mexikoko zenbait euskal sukaldarirekin harremanetan jarri da 'Sukal Leku' egitasmoan parte har dezaten. Euskal sukaldaritza munduko gastronomiaren lehen postuan kokatzeko helburua duen proiektu honetako lehendakaria da Arzak eta fundazioa datozen hilabeteetan Diasporako beste zenbait sukaldarirekin jarriko da harremanetan.

Sari ugari bere ibilbidean

Sukaldaria 'Arzak' jatetxean hasi zen lanean 1966. urtean, 1897an aitona-amonek Donostiako Mirakruz gainean altxa zuten eraikin batean. Bere ibilbide profesionalean sari eta aitorpen ugari jaso ditu bere gastronomia lanarengatik. 34 urte zituela bere lehenengo saria jaso zuen. Hauek dira jasotako beste batzuk: Espainiako sukaldaririk onena, bere jatetxeak Michelin Gidako hirugarren izarra du 1989az geroztik eta 'Restaurant' aldizkari britainiarrak egiten duen munduko 100 jatetxerik onenen zerrendan zortzigarren postuan dago.

Oraingo honetan lortu duen sariari dagokionez, Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko Kutxa 1997an hasi ziren Euskal Herritar Unibertsalaren saria ematen. Harrezkero, hamabost pertsona eta elkarte saritu dituzte euren lana aitortuz.

Euskal Herritar Unibertsalak:

- 2007: Guggenheim Museoa.

- 2006: Auñamendi Argitaletxea.

- 2005: Joakin Atxukarro.

- 2004: Joane Somarriba.

- 2003: Ainhoa Arteta eta Martin Ugalde.

- 2002: Xabier de Irala.

- 2001: Pablo Mandazen.

- 2000: Juanito Oiartzabal eta Jon Sobrino.

- 1999: Pedro Migel Etxenike.

- 1998: Donostiako Orfeoia eta Jorge Oteiza.

- 1997: Laboa monsinorea eta Eduardo Txillida.


Lotura interesgarriak

'Arzak' jatetxea
www.arzak.info

Munduko 100 jatetxerik onenen zerrenda
www.theworlds50best.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia