euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juan Kruz Igerabide idazleak Brasilgo Ibero-Amerikar Poesia Jaialdian parte hartuko du hil honen bukaeran

2007/10/19

Juan Kruz Igerabide (Aduna, Gipuzkoa, 1956)  idazle eta poeta (argazkia ZaldiEro)
Juan Kruz Igerabide (Aduna, Gipuzkoa, 1956) idazle eta poeta (argazkia ZaldiEro)

PUBLIZITATEA

Juan Kruz Igerabide euskal idazle eta poeta Brasilen izango da hil honen bukaeran Sao Paulo hirian egingo den poesia jaialdian parte hartzeko. Topaketa urriaren 30etik azaroaren 4a bitartean egingo da eta 25 idazle iberoamerikarrek hartuko dute parte. Igerabidek euskarazko hiru poesia irakurraldi eskainiko ditu jaialdian eta laugarren bat ere egingo du ziurrenik Sao Pauloko Euskal Etxean. 'Jaialdian izango diren poeten artean ezagutzen ez ditudan asko daude eta ze poesia egiten duten jakiteko interes handia daukat', azaldu dio idazleak EuskalKultura.com-i.
Euskal poesiak ahots propioa izango du Tordesilhas-eko Ibero-Amerikar Poesia Jaialdian, Juan Kruz Igerabide adunarraren eskutik. Jaialdiaren izpirituak, bere izenak azaltzen duenez, Tordesillaseko Itun historikoa ekarri nahi du gogora. 1494an sinatu zen itun honen bidez Espainiak eta Portugalek orduan Mundu Berria izenez ezagunak ziren lurrak partitu zituzten. Tordesillaseko marrak Hegoamerika bitan zatitu zuen eta bere eragina gaurdaino heltzen da gazteleraz edo portugesez hitz egiten den herrietan. Jaialdiak orain Tordesillaseko marra hori desegin nahi du, gaztelera, portugesa, euskara, galegoa zein katalanera egiten duten poetak bilduz. Aipurik ez dugu topatu bertako hizkuntzez.

Juan Kruz Igerabideren partehartzea azaroaren 1ean hasiko da, Iberir penintsulako hizkuntzetan egun egiten den poesiari buruzko mahai-inguruan. Poeta valentziarra eta madrildarra izango ditu alboan eta Fabio Aristimunho euskal-brasildarrak zuzenduko du eztabaida. Ekitaldia Cervantes Institutuaren egoitzan egingo dute, 20:30etan hasita.

Latinamerikar literaturak eraginda

Aurkezpen honetaz gain Igerabidek irakurraldi bat egingo du azaroaren 3an, Sao Pauloko Caixa Cultural aretoan. Ekitaldia 16:30etan hasiko da eta euskal idazleak Brasil, Kuba, Portugal, Mexiko eta Espainiako poetak izango ditu lagun. Egun berean, baina 19:00tan, Igerabidek 'Gau irakurraldi eta Pocket Show' izenburua duen ekitaldian parte hartuko du, Nazioarteko Zine Akademian, Brasil, Portugal, Mexiko, Argentina eta Espainiako kideekin.

Idazleak berak EuskalKultura.com-i aitortu dionez, topaketan parte hartzeko gogo handia du. 'Idazten hasi nintzenetik eragin handia izan du nigan Hegoamerikako literaturak ', azaldu du. 'Egonaldi hau labur samarra izango da, eta harremana sakontzeko aukera handirik ez dut izango; baina harreman labur hori izateko aukera eskertzekoa da. Ikusi ditudan izenen artean, asko ez ditut ezagutzen, eta interes handia dut ze literatura mora egiten duten jakiteko'.

Irakurraldia Euskal Etxean

Igerabidek beste irakurraldi bat emango du Sao Pauloko Euskal Etxean, baina eguna konfirmatzeke dago oraindik. 'Baditut harremanak Brasilekin, familia-kontuak direla eta. Brasil oso zabala da eta Sao Pauloko euskal komunitatearekin orain ari naiz lehenengo harremanetan', agertu du. 'Badirudi giro kultural interesgarria daukatela Euskal Etxean, lehen begirada batean eta errezitaldiarena aurrera ateratzen bada, are hobeto'.

Datozen asteetan Igerabidek haurrentzako eta gazteentzako bi liburu argitaratuko ditu, biak euskaraz eta gazteleraz. Lehena gazteentzako historia bat da: 'Bagdadeko aurpegiak' (Erein) euskaraz eta 'Rostros sobre Bagdad' (Algar) gaztelerako bertsioan. Bestea, haurrentzako ipuina: 'Adio Jonas' (Aizkorri) euskaraz eta 'Adiós Jonás' gazteleraz (Everest). Gainera idazleak 'Trovalenguas' ekimenean ere parte hartzen du: lau idazlek haurrentzako poesia errezitaldiak eskaintzen dituzte euskaraz, gazteleraz, katalanez eta galegoz. 'Tenerifen izan berriak gara eta hurrengo emanaldiak Lisboan, Bartzelonan eta Almerian izango dira, aurtengoz', azaltzen du. Baina aurretik, Brasilen erakutsiko du bere poesia idazleak.


Lotura interesgarriak

Tordesilhas Ibero-Amerikar Poesia Jaialdia
www.festivaltordesilhas.net

Juan Kruz Igerabideren poemak irakurtzeko
www.susa-literatura.com

Juan Kruz Igerabideri buruzko informazio gehiago
Literaturaren Zubitegian


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia