Azkeneko hamar egun hauetan Euskal Herrian ibilia da Juan Iñaki izen artistikoarekin diharduen Juan Iñaki Berecibar kantari argentinarra (Cordoba, 1986), bere birraitona Jose Mari Berecibar duela ehun urte Argentinara abiatu zen jaiotetxea bisitatu eta hemengo ahaideekin biltzeko. Bere aita Raulekin etorri da kantari gaztea eta Arrasateko Salturri baserriko hemengo ondorengoekin bildu dira familia bilkura batean. Oraintsu argitara emaniko bere bosgarren CDa ari da aurkezten europar bira batean cordobatarra, Euskal Herriaz aparte (Bilbo eta Arrasate), kantatuko duelarik Madrilen, Frantzian (Paris eta Tolosa), Suitzan (Berna) eta Italian (Milan).
Donostia-San Sebastian. Argentinar Berecibar aita-semeak hemen zirela-eta Arrasate aldeko berezibartarrek familia bilkura antolatu zuten ongi-etorria emateko. Juan Iñakik emanaldia eskaini zuen Arrasaten maiatzaren 9an, larunbata, eta igandean bildu zen Arrasateko familiarekin aipatu familia bilkuran Arteaga jatetxean. Eta biharamunean abiatu ziren aitarekin eta bere musika taldearekin Parisera, non ostegunean lehenengo kontzertua eta larunbatean bigarrena behar zuen eman.
Hirugarrena duen europar bira honek Bilbon izan zuen hasiera maiatzaren 6 eta 7an, egun horietan hiriburu bizkaitarrean egin zen latinoamerikar musika jaialdian partaide. Ondoren aukeratu zuen Arrasatera bisita egiteko. Izan ere, argentinar definitzen bada ere, harro esaten du jatorri euskaldunekoa dela, eta horren adierazgarri katatzeko hartu duen izen artistikoa, Juan Iñaki.
Aitaren aldetik euskal erroduna, amarenetik sustrai indigenak dauzka eta amaren aldetiko aitonarengandik jaso zuen jatorri horrek bustitzen du izan ere musika egiteko daukan estiloa, folklore argentinarra oinarri erritmo afrikar, jazzero, tangozale eta brasildarrekin nahasten baititu musikagile cordobatarrak. Kantua ere herrikoia baina hezkuntza lirikoduna duela obratzen du.
1920 inguruan Arratsateko Salturri baserria utzi eta Argentinara abiatu zen Jose Mari Berezibarren biloba da Juan Iñaki. Hura harakina izan zen Cordoba hirian eta italiar jatorriko Lidia Cencirekin ezkondu zen. Euren lau seme-alabetarik, Oscar Eduardo, Raulen aita eta Juan Iñakiren aitona, lehenengoa izan zen Salturri baserria bisitatzen. Jose Mari sekula Arrasatera itzuli gabe hil zen Argentinan.
Salturrin bere anaia Daniel geratu zen eta Emilia Ibaberekin ezkondu zen. Euren seme-alaba izan ziren Dorotea, Alfonso Garai 'Miraballes' harakinarekin ezkondu eta Elgoibarren kokatu zena; Juanito, Francisca Zigorragarekin ezkondua eta sortetxean geratuko zena; eta Maria Teresa, auzoko Montxon baserriko Fabiak Etxebarriarekin esposatu zena.
(artikulu originala 2015-05-16an eman du argitara El Diario Vascok)