Buenos Aires, Argentina. Fundazioak urtean zehar garatuko duen kultur programa martxoaren 7an hasiko da, Jorge Beramendi adituaren hitzaldi batekin. Arratsaldeko 6:30etan abiatuta, gaiak honako galderari erantzungo dio: ‘Zenbat euskaldun eta euskal jatorrizko jende dago munduan?’. Beramendik berak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “kantitatearena oso gutxitan ikertu den gai bat da; galdera hori erantzuten duten hainbat iturri ikertu ditut eta horren emaitza azalduko dut mintzaldian”, zehaztu du.
Hitzaldiaren ostean, basoerdia eskainiko dio Fundazioak publikoari. Eta pixkat beranduago afaria ere partekatuko dute antolatzaileek eta lagunek; hitzordua, kasu honetan, Iparraldeko Euskal Etxeko Jatetxean izango da, Buenos Airesko Moreno kaleko 1370. zenbakian.
“Hurrengo hitzaldien izenburuak, baieztatu ahala jakinaraziko ditugu”, gaineratu du Beramendik. “Urtero bezala, 40ren bat astearte izango dira ikasturte osoan eta ez dugu informazio zehatzegirik eman nahi ondoren aldaketak iragartzen hasteko. Aurreratu dezakegu, dena den, gaiak interesgarriak izango direla, hizkuntza, literatura, historia eta geografia arlokoak, bestea beste”.
Bi bidaia proposatzen
Bi bidaia ari da antolatzen 2017an Juan de Garay Fundazioa, Bask in Motion bidaia-agentzia hernaniarra lagun. Lehenengoak, Iparralde eta Frantziako hegoaldea du helmuga eta maiatzaren 15ean abiatuko da Buenos Airesetik. “Normalean, Euskal Herrira egiten diren bidaietan oso denbora gutxi uzten da Iparraldea ezagutzeko. Beraz, bidaia honen helburu zehatza Euskal Herri Iparraldea eta Frantziako hegoaldea ezagutzea da, ohi baino era sakonagoan”, esan digu Beramendik.
Ibilbidea bi astez luzatuko da eta bisitatuko diren lekuak Baiona, Biarritze, Donibane Lohizune, Donibane Garazi, Baigorri, Sara, Ainhoa, Paue, Maule, Foix, Andorra, Tolosa eta Bordele aipa daitezke, besteak beste. Bidaiaren prezioa 5.900 pesokoa da (bi pertsonarentzako logeletan) hegazkina eta autobus txartelak, ostatua, txangoak, sarrerak eta otorduak (bi egun libreetako bazkaria izan ezik) barne. Erreserbak egiteko bidaiaren %15a ordaindu behar da Fundazioan. Beste %85a apirila bukatu aurretik kitatuko da. Bidaiaren ibilbide osoa, egunez egun, hemen.
Aurtengo bigarren bidaia irailean izango da, 1etik 15era, eta kasu honetan Euskal Herriko zazpi herrialdeak bisitatuko dira. Bi astetan zehar, Euskal Herriko hiriburuak, leku turistikoenak eta toki esanguratsuenak bisitatuko ditu taldeak.
Informazio gehiago, Fundazioarekin kontaktatuz, fundacionjuandegaray@gmail.com helbidean.