euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juan Bautista Istilart, Tres Arroyosen marka utzi zuen euskalduna: asmalaria, aitzindaria, enpresaria eta ongilea

2007/06/07

Juan Bautista Istilart makearraren argazki bat
Juan Bautista Istilart makearraren argazki bat

PUBLIZITATEA

Datorren ekainaren 27an Juan Bautista Istilarten heriotzaren 73 urteurrena beteko da baina bere oroitzapenak bizirik dirau Tres Arroyos hiri argentinarrean. Istilarten bizitzak self-made man soslaiari erantzuten dio: ezer gabe Argentinara heldu zen umeak nazioarteko arrakasta lortzen du berak sortutako lantegiarekin. Asmalaria, berritzaile, langile nekaezina eta eskuzabala, gaur egun ere pertsonaia mirestua segitzen du Tres Arroyosen.
Hamar urterekin Argentinara, Dolores herrira, heldu zenean Graciano Etcheverry eta Miguel Joaquín Galdosen familiek hartu zuten Juan Bautista Istilart eta euren semeekin batera eskolaratu. Istilarten lehenengo lana irin errota batean izan zen kontulari bezala, lehendabizi Doloresen bertan eta gero Tres Arroyosen. Horrela heldu zen gazte euskalduna bizitoki izango zuen hirira, hemen bertakotu baitzen. Ez zeukan berak lan administratiboa arras gogoko eta denbora gutxira bi garijotzeko makina erosi zituen. Makinen ezagutza abiapuntu izango zuen berezkoa zeukan sormena eta trebezia erabiliz nekazaritza lana errazteko asmakuntzak egiteko. Mekanikarako berebiziko gaitasuna zeukan eta 1898an tailerra sortu zuen.

Lehendabiziko pausoa izango zuen hori eta Istilart lantegia berehala asmakuntza eta produktu berriak sortu eta saltzen hasi zen. 1915an jaio zen enpresaren produktu ezagunena: sukalde ekonomikoa. Argentinan eta nazioartean arrakasta handia izan zuen. Ondoren beste produktu asko etorri ziren: keroseno sukalde eta berogailuak, sukalde elektrikoak, gasa erabiltzen zutenak, ikatz berogailuak, garbigailuak eta beste asko.

Filantropoa eta kultura sustatzailea

Tres Arroyoseko hiritar garrantzitsuenetakoa bilakatuko zen Istilart. Izan ere, Tres Arroyosen kultura eta gizarte baliabideak garatzeko ekarpen handia egin zuen. Sarmiento Liburutegiaren eraikina dohaintzan eman eta erakundea bera bizi zen artean lagundu zuen. Pirovano Ospitalaren eraikitze lanen ardura hartu zuen. Club Atlético Huracán delakoaren lurrak dohaintzan eman zituen eta kirol elkarte horretako kontseilari izan zen. Salbazio Armadari eraikina egiteaz arduratu zen, bertan Umezurtz Etxea kokatzeko, besteak beste. [Ezkerreko irudian Tres Arroyoseko Istilart Fabrikako irudi bat (argazkia El Periodista de Tres Arroyos)]

1934ko ekainaren 27an Juan Bautista Istilarten heriotzak samina ekarri zuen. Tres Arroyoseko alkate Pedro Irigoyen euskal argentinarrak adierazi zuenez 'Juan B. Istilart jaunaren heriotzarekin Tres Arroyoseko arimaren zati batek alde egiten du'. Gertaeraren oihartzuna Buenos Aireseko komunikabideetara heldu eta La Razon bezalako egunkari batek bere heriotza 'galera latza (zela)nazioarentzat eta bereziki Buenos Aires probintziarentzat' idatzi zuen, 'kulturaren eta garapen kolektiboaren zerbitzura jarritako borondate praktikoak eman dezakeenaren adibide bizi'tzat hartuz.


Lotura interesgarriak

Juan Bautista Istilarten soslaia
www.elperiodista3a.com.ar

Istilart fabrikaren webgunea; 109 urteko lan historia
www.istilart.com.ar


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia