euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juan Bautista Avalle-Arce hil da Iruñean, hispanista handia, nafarra, euskaltzalea, bere erroen maitalea

2010/01/06

Juan Bautista Avalle-Arce, 2003an erretiratu aurretik ateratako artxiboko argazki batean
Juan Bautista Avalle-Arce, 2003an erretiratu aurretik ateratako artxiboko argazki batean

PUBLIZITATEA

Joan den Eguberri egunean hil da Iruñean 82 urte zituela eta luzaz eri egon ondoren Juan Bautista Avalle-Arce irakaslea, Cervantesen espezialdutako hispanista eta 2003an erretiratu aurretiko azken hamarkadan Santa Barbara-Kaliforniako Unibertsitateko (UCSB) Jose Migel Barandiaran Euskal Ikasketa Katedrako titularra izan zena. Buenos Airesen jaioa, nafarren seme zen eta nafar sentimendua zeukan, euskaltzalea eta euskal kulturaren aldekoa. Hispaniar literaturari emana bizi ostean, azkeneko urteetan bere euskal erroetara hurbilagotu eta Kaliforniako Unibertsitatetik erretreta hartu ondoren Nafarroara etorri zen bizitzera, EuskalKultura.com-i 2003ko apirilean UCSBko Espainol eta Portuges Departamentuak eta Barandiaran Katedra utzi zituenean esan ziona eginez.

Iruñea-Pamplona. Avalle-Arceren heriotzaren berria oharkabean pasatu da, nahiz eta berez mundu mailako ospea zuen eta Kixote, Cervantes eta oro har espainiar Urrezko Mendeko literaturari dagokienean aditu gorena edo gorenetarik zen. Estatu Batuetan luzaz bizi eta lan egin ondoren, Kalifornian erretiroa hartu, eta Nafarroara bildu zen. Izan ere, 2003an UCSBko bere postua utzirik, hainbatetan iragarri zuena egin zuen eta emazte Constance Marginot-ekin, estatubatuarra bera, bere erroen lurraldera bildu zen. Iruñean, Nafarroako Ospitalean hil da, abenduaren 25ean, eritasunak larrialdi bat izan eta gainditu ahal izan ez duelarik.

Bere lanik handiena hispanista bezala izan bada ere, beti bere erro nafarretatik gertu sentitu izan den pertsona zen. Euskara eta euskal kultura hurbil sentitzen zituen eta ezagutza ere bazeukan. 1993an Santa Barbarako Kaliforniako Unibertsitateko Jose Migel Barandiaran Euskal Ikasketa Katedra sortu zenetik --Jaurlaritzak eta euskal aurrezki kutxek babestuta-- bertako titularra izan zen 2003an erretiratu arte.

EuskalKultura.com zenbaitetan mintzatu zen berarekin eta bisita ere egin zion Santa Barbarako Euskal Katedran, honako artikulua argitara emanez 2003ko apirilean omenaldia eskaini ziotenean Santa Barbaran bertan, Nevada-Renoko Unibertsitateko euskal adarreko kideak ere bertan, Europara bizitzera etorri aurretik. Berrogeita hamar bat libururen egile, zientoka artikulu ere eman ditu argitara eta Las novelas y sus narradores (eleberriak eta euren narratzaileak) liburua izan da plazaratu duen azkena, 2006an, Madrilgo Centro de Estudios Cervantinosen eskutik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia