euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Juan Antonio Urbeltz antropologoak jasoko du Jimeno Jurio sariaren III. edizioa, igande honetan Artaxoan

2007/05/09

Juan Antonio Urbeltz antropologo eta dantza aditua
Juan Antonio Urbeltz antropologo eta dantza aditua

PUBLIZITATEA

Nafarroako Artaxoa herrian astebeteko kultur ekitaldiak egiten ari dira egunotan, Jimeno Jurio Sarien 3. edizioa dela eta. Sari hauek Artaxoan jaiotako Jose Maria Jimeno Jurio etnografo eta historialariaren omenez antolatuak izan dira, eta aurtengoa Juan Antonio Urbeltz dantza aditu eta antropologoak jasoko du. Sariak Artaxoako udaletxeak eta Nabarralde aldizkariak sortu dituzte, besteak beste, Artaxoa eta Nafarroako kultura, historia, hizkuntza edota tradizioaren alde lan egin duten pertsonak omentzeko.
Juan Antonio Urbeltz antropologo, folklorista eta euskal dantza adituak jasoko du Jimeno Jurio sarien III. edizioa, igandean Artaxoan egingo den ekitaldian. Sariaren inguruan, astebeteko kultur ekitaldi programa mardulaz gozatzen ari da Nafarroako herri hau egunotan. Artaxoako ondare historiko eta kulturala eta Jose Maria Jimeno Jurio historialariaren lana dira asteko ardatzak. Nafarroako historia, ohiturak, hizkuntzak, tradizioak eta toponimia ikertu zituen Jimeno Juriok (1927-2002), liburu ugari argitaratuz. Pamiela argitaletxea, Udalbideren laguntzarekin, Jimeno Jurioren lanen bilduma osoa ari da argitaratzen.

Sari hauek Artaxoako udaletxeak sortu zituen orain hiru urte, Jimeno Jurioren familiaren laguntzaz, Euskadiko Kutxaren babesaz, Pamiela Argitaletxea partaide eta Nabarralderen antolakuntzaz. Egunotan Artaxoan egiten ari den aste kulturalean mintzaldiak, erakusketak, inguruetako gune historikoetara txango gidatuak eta eskoletako ikasleei zuzenduriko literatur lehiaketa bat ari dira egiten. Azken honen gaia 'Nafarroako leku historikoak' da eta antolatzaileek adierazi duetenez lan ugari jaso dituzte jada.

Mintzaldiak eta ibilaldiak

Gaur bertan, Erdi Aroko janzkien tailerra egingo dute, Javier Sáezen gidaritzapean eta 19:00tan El Cerco delako guneko indusketetara txango gidatua egin ahal izango da. Bihar Roldan Jimeno historialariak --Jose María Jimeno Jurioren semeak-- 'Artaxoa eta bere Erdi Aroko historia' izeneko mintzaldia eskainiko du. Ostiralean, bestalde, Artaxoara gerturatzen direnek Carlos Zuzak gidatuko duen Omenaldiaren Dorrera egingo den bisitan parte hartu ahal izango dute.

Larunbaterako prestatu dituzten ekitaldien artean Cerco-ra bisita berri bat, Pablo Guembek gidatuta, eta Andeloseko erromatar herrigunera bisita egingo dira, azken hau Mikel Soraurenen gidaritzapean. Igandean asteko ekitaldi nagusiaren txanda heldu da, sariaren banaketarekin. Eguneko egitaraua eguerdiko 12:45tan hasiko da, Nafarroako albokariek herriko kaleetan zehar egingo duten kalejirarekin. Ondotik Ortzadar taldeak euskal dantza erakustaldia emango du. Sari-emate ekitaldia eta Juan Antonio Urbeltzeri omenaldia eguerdiko 13:30etan izango dira. Bukatzeko, Artaxoako Forristar txarangak kontzertua eskainiko du Foruen Plazan eta Cerco-ra bisita berri bat egin ahal izango da. Asteburuan zehar, 'Artea eta moda' erakusketa izango da ikusgai Algane gunean (Hospital kalea, Artaxoa).


Lotura interesgarriak

III. Jimeno Jurio sariak
http://jimenojurio.info

J. A. Urbeltz: 'AEBtako dantzariek dantza gose dira'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 27an

Euskal dantzari buruzko web gunea
www.dantzan.net

Nabarralde aldizkaria
www.nabarralde.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia