euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Journal of Oral Tradition estatubatuar aldizkariak bertsolaritzari buruzko ale berezia plazaratu du, ingelesez

2008/03/18

Journal of Oral Tradition aldizkariaren azala
Journal of Oral Tradition aldizkariaren azala

PUBLIZITATEA

Journal of Oral Tradition Missouriko Unibertsitateko Center for Studies in Oral Tradition-ek plazaratzen duen munduko ahozko tradizioei buruzko aldizkaria da. Azken zenbakiak euskal bertsolaritza du ardatz nagusi eta gaiaren inguruko hamairu artikulu biltzen ditu, euskal eta estabatuar adituek idatziak. Euskal adituen artean Andoni Egaña bertsolaria eta Joxerra Garzia ikertzailea daude, besteak beste. Aldizkaria internet bidez irakur daiteke.
'Imajinatu ahozko poesiarako 13.025 sarrera saltzea. Imajinatu telebista nazionalean sei-zazpi orduko zuzeneko ekitaldien emanaldia, adituen azalpen eta laburpenekin. Imajinatu egun bateko ikuskizuna, lau urtetan behin gertatzen den lehiaketaren azken ekitaldia, nortasun etniko eta nazionala sutan jarriaz, munduan parekorik ez duen eran. Imajinatu fenomeno horiek guztiak aldi berean, eta Bertsolari Txapelketa izango duzu'. Horrela hasten da John Miles Foleyk, Center for Studies in Oral Tradition-eko irakasleak, 2005eko txapelketan bizi izan zuen esperientziaren kontakizun bizia, aldizkari honetan amerikar irakurleei euskal bertsolaritzaren munduan sartzeko ateak irekitzen dizkiena.

Bertsolaritzak euskal gizartean duen onarpenak eta komunikabideetan duen oihartzunak izan daitezke Journal of Oral Tradition aldizkariak fenomeno honi ale berezia eskaintzeko arrazoietako batzuk. Bertan euskal bertsolari eta adituek bertsolaritzaren alde desberdinak aztertzen dituzte eta ingeles hizkuntzako irakurleei ahozko inprobisazio molde hau ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen die. Ingelesez argitaratzen da aldizkaria eta sarean dago jada irakurgai, doan, interesa duen edonorentzat.

Egaña, Lujanbio, Sarasua, Garzia...

Ale berezi honetako artikuluetako bat aurretik aipatutako Foleyren kontakizuna da. 2005ean Barakaldon egin zen Bertsolari Txapelketan egon zen Foley eta bertako giroak eta jendearen erantzunak piztu zion interesa azaltzen du. Alfredo Retortillo eta Xabier Aierdi soziologoek A Sociological Study of Sung, Extempore Verse-Making ikerketa dakarte eta Jon Sarasua bertsolari eta adituak Social Features Of Bertsolaritza artikulua sinatzen du. Joxerra Garzia adituak Basque Oral Ecology ikerketa aurkezten du eta Ainhoa Agirreazaldegik eta Arkaitz Goikoetxeak bertso eskolen ekimena aztertzen dute Verse Schools artikuluan.

Jarraian Joxerra Garziak bertsolaritzak eskola kurrikulumean duen presentzia aztertzen du In the School Curriculum artikuluan eta bertsolaritzaren historiaz jarduten da History of Improvised Bertsolaritza: A Proposal idatzian. Andoni Egaña bertsolariak bertso bat sortzearen prozesua azaltzen du The Process of Creating Improvised Bertsos testuan eta Joxerra Garziak Toward True Diversity in Frame of Reference artikulua sinatzen du. Bukatzeko Joxe Agirre Esnal, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariekin elkarrizketak biltzen ditu aldizkariak.


Lotura interesgarriak

Aldizkariaren azken ale hau irakurtzeko
http://journal.oraltradition.org

Bertsozale elkartea
www.bertsozale.com

'XXI. mendeko bertsolaritza eraman nahi dugu Diasporara'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 11an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia