Montevideo, Uruguai. Euskal Erria Elkartea antolatzaile, Uruguaiko Euskal Kultura Kongresuaren VI. edizioa abenduaren 10etik 13ra egin da Montevideon. Euskal Herritik etorrita, Josu Okiñena piano-jotzaile donostiarrari egotzi zitzaion saioak estreinatzeko ardura, bere ‘Xuxurlak’ kontzertua eskainirik. Ekimeneko babesle, Euskal Erria Elkartea, Eusko Jaurlaritza eta Etxepare Euskal Institutua.
Kongresuko lehenengo egunean omenaldi berezi bat egin zioten antolatzaileek, Xabier Irujoren eskutik, Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeko kide izan zen Maria Ana Bidegaray-ri. ‘Voces de la Plaza’ abesbatzak ere hartu zuen parte ekitaldian, Francisco Simaldoni maisua zuzendari.
Abenduaren 12an, CLAEH Unibertsitateko instalazioetan hitzaldi berria eskaini zuen Nevada-Renoko Unibertsitateko irakasle eta zuzendarikide den Xabier Irujok; oraingo honetan Euskadiko ekonomia sozialaz. Josu Okiñena musikaria eta Alberto Irigoyen historialaria ere hizlari izan ziren, kasu honetan euskal kultura eta Uruguaiko euskal jatorriko musikarien gaia jorratuz. VI. Kongresua amaitzeko, Ameriketako Euskal Argitaletxeen Topaketa egin zen Euskal Erria Euskal Etxean, aurten Buenos Airesko Ekin eta Montevideoko Euskal Erria argitaletxeak partaide.
Topaketan honako liburu hauek aurkeztu ziren: Arantzazu Ametzagaren ‘María Ana Bidegaray’; Aitor Bengoetxearen ‘Economía social en el País Vasco’; Adriana Patron, Eneko Sanz eta Alberto Irigoyen-en ‘Cultura Vasca en Uruguay’; Francois Jauréguy-ren ‘Gramera Berria’; eta Iñaki Etxaniz Tesouroren ‘Air Pyrénees, la aerolínea de Euzkadi’. Liburu hauek editorialeuskalerria.eu webgunean daude salgai.
Bilkura bukatuta, lagunarteko afaria partekatu zuten bildutakoek.