ItziarAltuna / Donostia-San Sebastian. Bere azken CDa, 'Xuxurlak', kaleratzekotan da eta Argentinara abiatzeko prest dago Josu Okiñena. Han zenbait kontzertu eskainiko ditu eta zenbait hitzaldi emango unibertsitatetan, disko honek biltzen dituen piezak joz eta azalduz bertara batu dituen piezetako batzuk berreskuratzeko egin duen ikerlana. Azaroko bigarren hamabostaldian bigarren tour bat egingo du AEBetan barrena eta datorren urterako ixten ari da bere partaidetza New York, Kanada eta Japonian. «Egin dudan lanik zabalena izango da hau», onartzen du musikari eta ikertzaileak.
CDak 25 doinu biltzen ditu, ehuneko 70a argitaragabeak. Horien artean azpimarratzen du 'Andante doloroso', Aita Donostiaren (1886-1956) pianorako azken piezetakoa, Okiñenak Felix Lavilla pianistak eman zizkion eskuizkribu batzuetatik berreskuratua eta dagoeneko «egiazko bitxi bat», «abanguardista» eta «bere garairako berritzailea oso» kalifikatu izan dutena. «Erronka handia izan da obra hau berreraikitzea», onartzen Okiñenak, bera Aita Donostiarekin dagoeneko lotura sendoak dauzkan pertsona bada ere, bere doktoretza tesia hari buruz egin baitzuen eta haren pianorako obra guztia grabatu baitu.
Argitalpenak Tomas Garbizuren (1901-1989) Sei Dantza ere biltzen ditu, euskal klabezinistentzako sei sonata, horien arten Juan Andres de Lombideren (1745-1811) bat, Pascual Aldaveren (1924.2013) 'Tres Bagatellas' eta Felix Lavillaren pianista gazteentzako sei pieza. «Ahaztu samarra dagoen pianismo bat dela uste dut eta Euskal Herriko pianorako errepertorioa dezente aberasten duela pentsatzen dut», dio. Okiñenak azaltzen du 'Xuxurlak' izenburuak ongi biltzen duela proiektuaren izaera bera, «ahaztu ziren musika xuxurlak berreskuratzen baititu, ahozko iturri soiletan geratu ziren kantu folklorikoak, baina musikagile handiek jaso eta pianorako harmonizatu zituztenak».
Josu Okiñenak errepertorio hau ezagutarazteko lanari ekingo dio orain. Larunbatean Buenos Airesko Maimonides Unibertsitatean egingo du eta igandean kontzertua eskainiko du hiriburu argentinarreko La Usina del Arte-n. Ondoko astean San Miguel de Tucumán-era bidaiatuko du eta San Juan-era, Argentina iparmendebaldaldean, eta azaroaren 3an Uruguaiko Punta del Esten itxiko du Hegoameriketako bira hau.
Ondoren Estatu Batuetara joango da, eta azaroaren 16an Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroan arituko da, Renon, zentro horren 50. urteurrenarekin bat. Miamin ere arituko da eta Floridako Jacksonville Unibertsitatean, eta baita Chicagon ere.
Nazioarteko bira
Donostiako musikari eta ikertzaileak aldiberekotu egingo ditu kontzertuak eta hitzaldi zientifiko edo masterklaseak. Horietan, «musika interpretazioa egiteko segitzen dudan prozesua azalduko dut, eta obretan aurkitzen ditudan posibilitateak, jotzaile bakoitzak modu diferentean ulertzen baititu». Musikene Metodologia Masterreko irakasle, Okiñenak interpretaziorako segitzen duen prozesua azaltzeko oinarri zientifikoen bila eman ditu azkeneko urteak.
'Xuxurlak' CDaren obrak ezagutarazteko egingo duen nazioarteko birak abenduan jarraituko du Europa erdialdeko zenbait hiritan, hala nola Zurich, Varsovia eta Bucarest-en, eta datorren urteko otsailean Ipar Ameriketara itzuliko da, lehenengo New Yorkeko Carnegie Hall-era eta ondoren Kanadako Otawa-ra. Martxoan Donostiako Victoria Eugenia antzokian arituko litzateke, hauxe baitzen jotzen dituen piezen egileek euren lanak aurkezten zituzten lekua.
2018ko negurako lau emanaldi baieztatu ditu dagoeneko Japonian. Herrialde honetan «interes handiz hartu dute errepertorio hau, eurentat desezaguna». Okiñenak onartzen du euskal kultura ezagunagoa dela maila etnografikoan edo etnomusikologikoan. «Txalaparta edo folklorea ezagutzen dira, baina ez Euskal Herrian egon diren hainbat artista handiek garatu duten lana, eta utzi duten errepertorio handia».
«Abentura amerikarrera» abiatu baino egun batzuk lehenago, ikertzailea ilusio handiz dago eta esker ona agertzen dio erakundeen aldetik --Garapenerako Nazioarteko Kooperazio Agentzia Espainiarra, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Etxepare Institutua eta Mikel Laboa Katedra-- jaso duen babesari. «Tour hau erronka handia da», bururatzen ditu ilusioz bere hitzak.
(2017-10-23an El Diario Vascon argitara emana)