euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Josu Elberdin-en “Magnificat” berriro ere taularatu da Argentinan, oraingoan Tucumango Alberdi Antzokian

2014/09/23

Mendozako hainbat abesbatzako ume, Orkestra Filarmonikoa eta euskal musikariak Magnificat” eskaintzen
Mendozako hainbat abesbatzako ume, Orkestra Filarmonikoa eta euskal musikariak Magnificat” eskaintzen

PUBLIZITATEA

Tucumango Unibertsitate Nazionaleko Orkestra sinfonikoa, bertako gazte abesbatza eta Mendozako Escuela Italiana XXI Aprile eskolako ume abesbatza, Tucumango Alberdi Antzokian bildu ziren “Magnificat” pieza aurkezteko. Ikuskizunean, Alexander Garate soinujolea eta Gaspar Jaurena albokaria izan ziren musikari bakarlariak. Emanaldia musikagile pasaitarraren obraren bigarren aurkezpena izan da; Ameriketako estreinaldia Mendozan izan zen, 2012ko abenduan. 

Tucumán, Argentina. Galaz jantzi zen Argentina ipar-mendebaldeko San Miguel de Tucuman hiria Magnificat pieza plazaratu zuten artistei harrera egiteko. Silvana Vallesi eta Lucia Vallesi irakasleen proiektua burutuz, Tucumango Unibertsitate Nazionaleko Orkestra Sinfonikoa eta Umeen eta Gazteen Abesbatza, eta Mendozako Escuela Italiana XXI Aprile eskolako ume abesbatza Alberdi Antzokian elkartu ziren eliz musika eta Euskal Herriko erritmo folklorikoak batzen dituen musikalana taularatzeko.

Musikarien alorrean, aipatu behar da Alexander Garatek eta Gaspar Jaurenak ere hartu zutela parte, euskal musika tresna tradizionalen atalaz arduratzeko. Kontzertua joan den abuztuaren 22an egin zen, Daniel Mazza maisua zuzendari.

Magnificat-en Argentina eta Amerika mailako estreinaldia Mendoza hirian izan zen 2012ko abenduaren 19an. Izan ere, Mendoza probintziako Orkestra Filarmonikoaren 2012ko Gabonetako kontzertuan jo zen lehen aldiz, jardunbide handiko Silvana Vallesi abesbatza zuzendariak antolaturik. Gabonetako kontzertu horretan, orkestrarekin batera zenbait korutako berrehun bat ume, Alex Garate (akordeoia) eta Baietz taldeko Gaspar Jaurena (alboka) eta Noe Fernandez eta Agustín Alonso (txalaparta) ere izan ziren kontzertuko protagonista (Bideoa hemen).

Geroari begira, antolatzaileak prest daude Mendozako esperientzia errepikatzeko. Asmoa da aurtengo abenduan egitea. Beste alde batetik, eta bi emanaldietan lortutako arrakastak bultzaturik, Argentinako beste probintzia batzuetan eskaintzeko aukera ez dute baztertzen ez antolatzaileek ezta musikariek ere.

Gogora dezagun Josu Elberdin-en lana abesbatza eta orkestrarentzat sortua dela, baina baita trikitixa, alboka eta txalapartarentzat ere. Magnificat zazpi zatitan dago banatuta eta eliz musika eta euskal folklorea batzen ditu. Lehenengo grabaketa 2009an egin zen, Kepa Junkera jotzaile.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia