Santiago, Txile. 85 urte bete dira irailaren 3an Winnipeg ontziak Pauillac-eko portu frantsesa utzi eta 1939 hartan Francoren jazarpenetik ihesean zetozen bi milatik gora errefuxiatu errepubikar barnean zekartzala Txileko Valparaisora iritsi zenetik, hilabeteko itsas bidaian. Urteurrena ospatzeko Josu Chuecaren "2.000 del Winnipeg. Diario de a bordo" liburuaren bigarren edizioa aurkezten ari dira egunotan Santiagoko eta Viña-Valparaisoko euskal gizataldeak. Intxorta 1937 Kultur Elkartea argitaldari, Josu Chueca Intxusta historia irakaslearen liburua 2021ean kaleratu zen lehen aldiz eta oraingo edizio honek informazio, argazki eta orrialde gehiago dakartza, kalitate hobearekin gainera.
Ostegunean, irailaren 12an, Txileko Unibertsitateko Etxe Nagusian aurkeztuko da liburua, gai bera oinarri hartzen duen Cecilia Zabaletaren erakusketa artistikoa bertan inauguratzearekin batera
Ekitaldien programa abuztuaren 28an hasi zen Santiagoko Euzko Etxean.Josu Chueca historialariak berak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko presidente Juan Ramón Garaik, Einnipigen urteurrenak Euskal Herritik propio erakarrita, liburu lehenengoz aurkeztu zutenean, besteak beste Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkari Rafael Kutz Garaizabalen partaidetza ere bilduta, ekitaldiko gidari Santiagoko Euzko Etxeko lehendakari Ignacio Bastarrica Molina izanik.
Liburua eta erakusketa
Aurkezpenekin jarraituz, ondoko egunetan, Euskadiren Txileko Ordezkaritzan (abuztuak 30) eta Valparaisoko Udaletxean (irailak 2) ere aurkeztu zuten liburua egileak eta Intxorta Elkarteko arduradunak. Eta jendaurretze hitzordu gehiago ere etorri ziren, hala nola joan den ostegunean (irailak 5) Santiagoko Memoria eta Giza Eskubideen Museoan; eta irailaren 7an, Viña del Mar-Valparaisoko Euzko Etxean. Datorren ostegunean, azkenik, irailaren 12an, Txileko Unibertsitateko Etxe Nagusian aurkeztuko da.
Urteurrena ospatzeko prestatutako egitarauaren brnean baita ere, Valparaiso eta Santiago hiriak Cecilia Zabaletaren "Diario de a bordo. Cartografía interior" izeneko erakusketa artistikoaren egoitza izango dira. Berau osatzeko Winnipeg itsasontziko egunkarien artxibo-dokumentuak erabili ditu artistak, teknika mistoak baliatuz. Lana irailaren 7ra arte egon zen lehenik ikusgai Valparaisoko Udaletxean eta ostegu honetan Txileko Unibertsitateko Etxe Nagusiko ‘Imaginarios’ Aretora ermango da, 2025eko urtarrileko 20ra arte bertan egon dadin bisitagai.
Txileko Eusko Abesbatzaren 85. urteurrena
Santiagoko Eusko Abesbatza "2.000 del Winnipeg. Diario de a bordo” liburuaren aurkezpenean]
Hamaika historia eta istorioren abiapuntu izan zen Winnipegek Frantziatik Txileraino egin zuen bidaia. Jende asko zen, familia osoak, erbestera ihesean besoak zabalik jasoko zituen herrialde batera menturatuak, gogor eutsiz Pablo Nerudak zabaldutako salbazio lehio hari. Eragina izango zuten eurak eta euren ondoengoek Txileko ondoko hamarkadetako gizartean. Euskaldunei dagokienez, euskal komunitateak eta Viña-Valparaisoko Euzko Etxeek ahalegin handia egin zuten abegia ematearren bertako euskal bizitzan ere eragina izango zuten Winnipegen iritsitako euskal erbesteratuei.
Ignacio Bastarricak gogoratzen digunez, bidaia hartan sortu zen gero egungo Txileko Eusko Abesbatza izango zena, denbora betetzeko kantari etorri baitzen hogeita hamar gizoneko multzo bat, Ramon Muguruza Zubillaga maisu hernaniarra. Txilera iristean, bertan zegoen Euskal Orfeoiarekin bat egin eta gaur egun gure Euzko Etxean segitzen duen Eusko Abesbatza sortu zen, koralak ere, beraz, 85 urte ospatzen dituela Winnipeg.en etorrerarekin batera. Bere urteurrena ere ospatzeko, bitan abestu zuen Txileko Eusko Abesbatzak Santiagoko Euzko Etxean egin zen liburuaren aurkezpenean, hasieran eta ekitaldiari amaiera emateko. Patricio Aburto maisua zuzendari, txalo zaparrada jasoz.