euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jostailu mordoa banatu zuen Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak Pedro de Elizalde Ospitaleko umeen artean

2015/02/13

Iazko urte amaierako jaian, Olentzero, Kultur Batzordeko kideak eta bildutako jostailuak (argazkia IEE)
Iazko urte amaierako jaian, Olentzero, Kultur Batzordeko kideak eta bildutako jostailuak (argazkia IEE)

PUBLIZITATEA

Olentzero Festan bildu zituen jostailuak instituzioak Argentinako hiriburuko Pedro de Elizalde izeneko Pediatria Ospitaleri dohaintzan emateko. Bigarren urtez jarraian, umeentzako ez ezik, ingresatuta dauden umeen senideentzako materiala ere eskuratu zien Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Batzordeak ospitale publikoko emakume boluntarioei.

 

Buenos Aires, Argentina. Erakundeko kide eta lagunen laguntzari esker, jostailu dohaintza egin zion Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak hiriburuko Pedro Elizalde Pediatria Ospitaleri. Jostailuez aparte, toailak eta higiene pertsonalerako produktuak ere utzi zituen euskal erakundeak ospitalean, bertan egon behar duten umeen senideei eskuratzeko.

“Ospitalera eraman genituen gauzak, tartean panpinak, auto txikiak, pilotak eta liburuak, urte amaierako Olentzero Festan bildu genituen helburu solidario hau betetzeko asmoarekin. Ez dezagun ahaztu osasun zentro honetara etortzen diren gaixoak, kasu askotan, behar handietan daudela eta Buenos Airesetik oso oso urrun bizi direla. Batzuk Argentinatik kanpo ere etortzen dira; eta denetik behar dute”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Iparraldeko Euskal Etxeko ordezkari Norma Riosek.

Materiala eskuratzeko momentuan, ospitaleko ‘Damas de Rosa’ emakume boluntarioen laguntza izan zuten euskal etxeko kideek eta beraiekin batera egin zuten banaketa. “Esker beroak luzatu nahi dizkiegu emakume boluntarioei –ondo baino hobeto hartzen baikaituzte bisitan etortzen garenean– eta nola ez, Iparraldeko Euskal Etxeko Kultur Azpibatzordeko guztiei. Gizartearen alde zerbait egiteak benetako sentidua ematen dio egunero egiten dugun lanari. Oso garrantzitsua da kolektibitateko ohiko erakundeak komunitateari irekitzea, euskal kultura zabaltzeko batetik, baina baita herritarren ongizatea bermatzeko ere”, adierazi du Riosek. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia