euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Josetxo Silguero saxoa biran Rosarion eta Buenos Airesen: 'Informazio eta material trukea izan da garrantzitsuena'

2008/03/24

Josetxo Silguero, bere saxofoiarekin
Josetxo Silguero, bere saxofoiarekin

PUBLIZITATEA

Josetxo Silguero saxojole irundarrak martxoaren 12an hasi zuen Argentinako bira eta amaituak ditu dagoeneko Buenos Airesen eta Rosarion behar zituen mintegi eta kontzertuak. EuskalKultura.com-ek solas batzuk egin ahal izan ditu berarekin. Jendearengan eta, bereziki, antolakuntzarekin somatu duen hurbiltasuna azpimarratu nahi izan du Silguerok. Egunotan egindakoa errepikatu nahiko lukeela adierazi du saxojoleak.
Rosario hiriko Republica Hotelean aurkitu du EuskalKultura.com-ek Josetxo Silguero saxofonista irundarra. Elkarrizketa atsegin batean musikari gipuzkoarrak Argentinan bizitako esperientziak eta etorkizunerako proiektuak azaldu ditu.

--Zer moduzko esperientzia izan da bira argentinar hau?

--Argentinan mota honetako bira egiten dudan bigarren aldia da. Lehena 2006ko abuztuan izan zen eta Buenos Airesen aritu nintzen, Lanuseko Unibertsitate Nazionalak antolatutako Jaialdi batean. Aurten, Martin Devoto biolontxelo-jotzailearen eta Buenos Aires eta Rosarion dagoen Espainiako Kultur Zentroaren gonbidapenari esker itzuli naiz. Egun hauetan mintegiak eta kontzertuak burutu ditut besteak beste.

Jorge Sad konpositore argentinarrarekin bizitako esperientzia bikaina izan du Josetxo Silguerok. 'Interesgarria iruditzen zitzaidan zentroak eskaintzen zuen aukera estreinaldia egiteko eta, kasu honetan, Jorgerekin izan da', esan du Silguerok.

--Nolakoa izan da Jorge Sadekin izan duzun harremana?

--Oso ona. Astebetez aritu gara elkarrekin lanean, baina lehen kontaktua Gabonak ondoren eduki genuen. Kontaktu zibernetikoz hasi ginen harremanetan: internetekin, bideokonferentziaren bidez... Egia esan, oso konpositore ona da. Erronka handia izan da berarentzat saxofoi tenore bakarlariarentzat abestiak konposatzea berak elektroakustika egiten baitu eta osagai elektronikorik gabe lan egin behar izan baitu.

[Josetxo Silguero eta Jorge Sad musikariak obran lan egiten]

--Zer nolako harrera izan duzu jendearengan?

--Jendearen harrera, arreta deitzekoa izan da. Jendea bikain jardun da. Oso atsegina izan da nirekin. Are gehiago, 'hiper atsegina' izan dela esatea ausartuko nintzateke. Mintegietan hitz egiteko edota musika egiteko nirekin elkartu nahi zuten ikasle eta irakasleak zeuden. Egia esan, Argentinan antolatu diren honelako ekintzetan informazio eta material trukea garrantzitsuena izaten da.

--Zer nolako aldea ikusi duzu egun hauetan Argentinan eskainitako bi kontzertuen artean?

--Ikusten dudan lehen alde argia kontzertuko agertokien kontua da. Bi aretoak, bai Buenos Airesen eta bai Rosarion dagoen Espainiako Kultur Zentroarenak, bikainak izan dira kontzertuak emateko. Bi horien artean Rosariokoa azpimarratu beharko genuke. Aretoa 'Túnel 4' deitzen da, XVIII. mende amaieran materialen karga eta deskarga egiteko erabiltzen zituzten trenbide-tunelak. Asko harritu ninduen areto barruan sortzen zen akustika bikaina.

--Sarritan egiten al dituzu honelako ekintzak Euskal Herrian edo atzerrian?

--Nire kasuan, orain arte normalena Euskal Herritik kanpo jotzea izan da. Etxean jotzea zailagoa izaten dela esan ohi dute. Besteak beste, Zaragozan, Alacanten eta Madrilen aritu izan naiz. Euskal Herriari dagokionez, Gasteizen, Bilbon... eskaini ditut kontzertuak.

--Diasporarekin edo euskal etxeekin harremanen bat mantentzen al duzu?

--Egia esan orain arte ez dut harreman askorik eduki euskal etxeekin. Saxofoiaren gaiak eta nire lanbideak euskal etxeen zirkuitutik alde egiten dute. Dena den, egia da etorkizunera begira proiekturen bat pentsatuta dugula, baina oraindik zehaztu gabe. Ez ernegatu, ordea, dena da posible bizitza honetan.

--Zein proiektu dauzkazu momentu honetan buruan etorkizun laburrerako?

--Lehenengo gauza Argentinan deskantsatzen geratu nahi dut egun batzuk gehiago. Mendozara abiatuko naiz bertan zenbait leku ikusteko, hain zuzen ere, udan hara eta hona ibili beharko dut eta. Maiatzaren 12an Musikaste Jaialdian parte hartuko dut Euskal Herrian jaiotako solistekin batera. Ekitaldia Krater Ensembleren irekiera-kontzertua izango da Ibarrondo, Lazkano, Erkoreka, Elder, Ozaita eta Mariñoren obrekin. Beste alde batetik, abuztuaren 27an Donostiako Kursaal auditorioan Cuarteto Sigmaren irekiera-kontzertua eskainiko dugu.


Lotura interesgarriak

Josetxo Silgueroren webgunea
www.josetxosilguero.com

Buenos Airesen dagoen Espainiako Kultur Zentroa
www.cceba.org.ar

Martin Devoto biolontxelo-jotzailearen spacea
www.myspace.com/martindevoto


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia