euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Josetxo Silguero Irungo saxofonistak Buenos Aires eta Rosarion egingo duen bira argentinarra hasiko du bihar

2008/03/11

Josetxok zenbait jarduera egingo ditu Buenos Aires eta Rosarioko argentinar biraren barruan
Josetxok zenbait jarduera egingo ditu Buenos Aires eta Rosarioko argentinar biraren barruan

PUBLIZITATEA

Josetxo Silguero euskal saxoak Argentinara egiten duen bigarren bisita izango da oraingoa. Bihar hasi eta martxoaren 16ra bitartean Buenos Aires eta Rosariotik luzatuko den 2008ko biran, musikariak mintegiak, hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak eskainiko ditu, besteak beste. Emanaldietan, Gabriel Erkoreka, Alberto Posadas, Giacinti Scelsi edo Christian Lauba konpositoreen lanak eramango ditu. Klaseetan, bertako konpositore den Jorge Sadekin batera, teknika eta azterketa-lana eskainiko du.
Josetxo Silguerok bihar emango dio hasiera, arratsaldeko zazpietan, bere 2008ko argentinar birari, Buenos Airesko Espainiako Kultur Zentroan, Jorge Sad konpositore argentinarrarekin batera egingo duen mintegi batekin. Instrumentu-konposizioko Argentinako irakasle honek zenbait sari irabazi ditu, tartean Espainiar Gobernuko, Phonos Fundazioko, Kanadako Gobernuko eta Rockefeller Fundazioko bekak, eta Buenos Aires Hiriko Saria. Nazioarteko zenbait konposizio txapelketako finalista izan da ere: Xiooatl (Austria), Métamorphoses d´Orphée (Belgika) eta Pierre Schaeffer (Italia). Argentinarrak eta irundarrak eskainiko duten gaia hauxe izango da: El modelo de Implicación/Realización de Meyer/Narmour y su aplicación en la composición contemporánea.

Ostegunean, martxoak 13, Josetxo Silguerok argentinar hiriburuko Espainiako Kultur Zentroan hitzaldi-tailerra emango du, 19:00tatik aurrera, Influencia de las músicas populares en la música contemporánea gaiarekin. Bi egun geroago, larunbatean, toki eta ordu berean, Josetxok bere lehen kontzertua eskainiko du. Saxo tenore eta sopranoarekin Gabriel Erkoreka, Alberto Posadas, Giacinti Scelsi, Christian Lauba, Jorge Sad eta B. Jolas musikarien obrak eskainiko ditu.

Buenos Aires eta Rosarioko birari amaiera emateko, euskal musikariak beste saxofoi errezitaldia eskainiko du, oraingoan Rosarioko Espainiako Kultur Zentroan 20:00etatik aurrera eta 2008ko Munduko Ziklo Garaikidearen barruan. Emanaldian Giacinti Scelsi, B. Jolas, Gabriel Erkoreka eta Christian Laubaren obrak eskainiko ditu berriz ere. Argentinako 2008ko bira amaitzen duenean, irundarrak honako beste proiektua eta hitzorduak dauzka aurten: Musikaste Festibala Errenterian maiatzean, Madrilgo Reina Sofia Museoa ekainean eta abuztuan Donostiako Musika Hamabostaldia.


Lotura interesgarriak

Josetxo Silguerori buruzko informazio gehiago
www.josetxosilguero.com

Buenos Aireseko Espainiako Kultur Zentroa
www.cceba.org.ar


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia