euskal diaspora eta kultura
2009/02/06
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Josema Mendiola dantzari donostiarra azken uneko ikutuak ematen ari da hilaren 12tik 24ra AEBetan eskainiko dituen dantza lantegiei. NABOk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, antolatu du bira, iazko udarako dantza lantegiaren arrakastak animatuta. Lantegiak fandangoa eta arin-arina izango dituzte ardatz eta bi eratakoak izango dira: alde batetik euskal amerikar dantza taldeei zuzendurikoak, eta bestetik euskal dantzatan hasi nahi duen edonori zuzenduriko lantegi irekiak.
'Fandango eta arin-arinaren bi bertsio prestatu ditut, bat erraz-erraza, eta bestea konplikatuagoa' azaltzen dio Mendiolak EuskalKultura.com-i. 'Erakutsiko ditudan beste dantza batzuk Baztango mutil dantzak, Behe Nafarroako Iautziak, Erronkariko Ttun-Ttuna, Iturengo Soka-Dantza eta Ingurutxoak izango dira. Eta horrezaz gain dantza oso errazak erakutsiko ditut, plazatan dantza egiteko, Mutxikoak edo Zazpi-Jauziak adibidez'.
BCC-ren urteurrena
Mendiola San Frantziskora helduko da otsailaren 12an, eta hurrengo egunean, ostiralean, Baztango mutil dantza-ri buruzko lantegia eskainiko du. Larunbatean, Ingurutxoa izango da protagonista. Eguerdian bilera bat egingo da esperientziaren balioespena egiteko eta honen ostean, Basque Cultural Center (BCC) elkartearen 27. urteurreneko ekitaldien barruan, Mendiolak fandango lantegi ireki bat eskainiko du. Igandean dantzari donostiarrak urteurreneko ekitaldiekin bat egiteko aukera izango du, bere egonaldiko azken eguna izanik.
Astelehenean, otsailaren 16ean, Boisera helduko da eta hurrengo egunean lantegia eskainiko du Boiseko Gazteak dantza taldearentzat. Asteazkenean, aldiz, Oinkari taldearen txanda izango da eta ostegunean Homedale herrira joango da Mendiola Txoko Ona Euskal Etxean ikastaro berri bat emateko. Otsailaren 20ean Chinora (California) helduko da eta bertan bi lantegi eskainiko ditu: larunbatean dantzari aditu eta dantza irakasleentzat, eta igandean ikastaro irekia.
Jaialdietan ibilia
Mendiola ameriketako euskal komunitatearen ezagun zaharra da, izan ere, Jaialdi askotan parte hartu izan du (Jaialdi AEBetako euskal etxeen bost urtean behineko jai handi da): '1990an Argia taldearekin izan nintzen, eta 1995 eta 2000an Arkaitz taldearekin. AEBetan talde onak daude, Boiseko Oinkari adibidez. Oinkarikoak Euskal Herrira ere etorri ziren; bost urtetan sekulako jauzia eman zutela gogoratzen dut'. Bira honekin Mendiolak jardunean ari diren dantzariei dantza berriak erakustea espero du, eta bide batez, sekula dantza egin ez dutenei lehen pausuak emateko gogoa sartzea.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus