euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Zulaika (Renoko CBS): 'Mundu globalean euskal kulturak interes berezia duelakoan gaude'

2008/12/10

Joseba Zulaika antropologoa, Renoko CBSko zuzendarikidea (argazkia Durangoko Azoka)
Joseba Zulaika antropologoa, Renoko CBSko zuzendarikidea (argazkia Durangoko Azoka)

PUBLIZITATEA

Bukatu berria da Durangoko Liburu eta Disko Azoka, eta antolatzaileek lehen balioespenean krisiak salmentetan uste baino eragin gutxiago izan duela diote. Aurreko edizioetan bezala Azokan izan da Joseba Zulaika, Renoko (Nevada, AEB) Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendarikidea, erakunde honek plazaratzen dituen lanak aurkezteko. Berria aldizkariak egin zion eta jarraian jasotzen dugun elkarrizketan euskal amerikar diasporako ikuspuntuaz aztertzen du azoka eta CBSek euskal kulturaren alde egiten duen lana.

Durango/Bizkaia. Itxi dira Durangoko Azokaren ateak, datorren urtean Katalunia gonbidatu nagusi izango duen edizio berria heldu bitartean, eta orain balioespenak egiteko ordua iritsi da. Krisiaren beldurrez izan behar omen zuen salmenten beherakada ez da gertatu eta aurreko urteetako zifrak ez badira gainditu ere, antolatzaileak pozik agertu dira.

Urtero legez Azokan izan da Joseba Zulaika antropologoa, Renoko Unibertsitateko (AEB) 'Center for Basque Studies' zuzendarikide gisa. Estatu Batuetako euskal komunitatearen ikuspuntutik, Azokaren kontakizun berezia eskaintzen du Berriak egin dion elkarrizketa honetan.

-Lan nagusi gisa, Joxe Miel Barandiaran eta Koldo Mitxelenaren lan hautatuen ingelesezko itzulpenak aurkeztu dituzue aurten.

Barandiaranena halako antologia moduko bat da, Jesus Altunaren hitzaurrearekin aurkeztua; mitologia, etnografia eta arkeologiako testuak biltzen ditu. Beste horrenbeste egin dugu Mitxelenarekin, batez ere euskarari buruzko lanak bilduz, Pello Salabururen hitzaurrearekin. Ezezagunak baitira Barandiaran eta Mitxelena ingelesezko ikasketen munduan.

-Baina beste liburu batzuk ere ekarri dituzue Durangora.

Bai. Beste lau liburu: Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria nobelaren ingelesezko itzulpena, Amaia Gabantxok egina; diasporako ikerketez egin genuen kongresuko testuen bilduma; Pedro Ibarra ikerlariaren Relational Democracy; Igor Ahedok Ipar Euskal Herriko abertzaletasunaz egin duen lana. Horretaz gain, Nevada Pressen bi liburu ere ekarri ditugu: Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Gurseko zigor zelaiko presoei Euskal Herritik emandako laguntzari buruzkoa bata, Sandra Ottek idatzia; eta euskara irakasteko metodoa bestea, Linda Whitek egina.

-Zer da Durangoko Azoka Renoko Euskal Ikasketen Zentroarentzat?

Gu euskal ikerketen leihatila moduko bat gara han. Euskal pentsamenduaren, euskal literaturaren, euskal lan akademikoen globalizazioaren leihatila bat. Gustura egiten dugu lan hori, eta lan horren barruan Durangoko Azoka da gure azalpen nagusia. Gu ez gara beste inora joaten. Guretzat garrantzitsua da jendeak jakitea gu zertan ari garen.

-Ingelesezko argitalpenen bidez, euskal kulturaren zabalkundea da zuen xede nagusietako bat.

Kultura txikientzako ingelesak eta mundu globalak badituztela beren abantailak iruditzen zaigu, gure borroka hauei zabalkundea eta oihartzun berezia ematen dietelako. Gure txikitasunean eta gure berezitasunekin, mundu globalean euskal kulturak interes berezia duelakoan gaude, eta mundu global horrek gustura hartzen dituela Euskal Herriari eta euskal kulturari buruzko lanak.

-Oso kontrako jarrerak ikusten ditugu hala ere maiz inguruan, Espainian eta Frantzian adibidez.

Baina beste herrialde batzuek ez dute Espainiak eta Frantziak daukaten borroka zuzen hori. Euskal kulturarena eskaintza bat gehiago da haientzat, eta hastapenetik sinpatiaz begiratzen diote kasurik gehienetan. Gu oinarrizko lan bat egiten ari gara euskal kultura ezagutarazteko, eta horretan dena egiteko dagoela ikusten dugu. Oso hasieran gaude, baina konfiantza eta ilusio handiz ari gara lan horretan.

(Berrian argitaratua 2008ko abenduaren 9an)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia