Habana, Kuba. Habana euskal letretako bi izen haundiren biltoki bilakatu zen otsaileko azken egunetan, bertara bidaiatu baitziren Joseba Sarrionandia (Iurreta, Bizkaia, 1958) eta Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) idazleak, izan ere Habanako Unibertsitateko Arte eta Letren Fakultateak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako jardunaldietan parte hartzera, 2023ko ikasturteari hasiera emanez eta bat eginez otsailaren 21ean nazioartean ospatzen den Ama Hizkuntzaren Egunarekin.
Jardunaldiak otsailaren 21ean bertan hasi ziren, astearte arratsaldean, Habanako Unibertsitateko Alma Mater liburudendan Joseba Sarrionandiak idatzi eta “Ares” Aristides E. Hernandez artista kubatar nabarmenak ilustratutako "Munduari bira eman zion ontzia" liburua aurkezturik. Ilustratzailea ere bertan izan zen, eta aurkezten ari ziren lana aldi berean plazer handien emaile eta erronka handia izan zela jendaurretu zuen.
Joseba Sarrionandiak eta Bernardo Atxagak Habanan egunoran eginiko saioetako irudiak
Atxaga ere bertan gonbidatu, saioak agintari mordoa bildu zuen, tartean Fernando Rojas Kultura ministrordea; 'José Martí' Liburutegi Nazioaleko zuzendari Omar Valiño Cedré; Liburuaren Institutuko zuzendari Juan Rodríguez Cabrera; Arte Plastikoen Kontseilu Nazionaleko lehendakari Norma Rodríguez Derivet; Arte Plastikoen Elkarteko lehendakari Lesbia Vent Dumois; Habanako Unibertsitateko Arte eta Letren Fakultateo dekano Alejandro Sánchez, besteak beste.
Asteazkenean, Casa de las Americas-en, Bernardo Atxagak "Paradisua eta katuak" liburuaren pasarte batzuk irakurri zituen, Diego Abreu pianojolea lagun. Eta ostegunean, otsailaren 23an. Galeuscat-en hartu zuten parte. Galeuscat UHko euskal, katalan eta galiziar hizkuntza eta kultura katedrek batera antolatutako ekitaldiak hartu zuen izena da, Arte eta Letren Fakultateko hainbat gunetan eginik. Aurtengo programan, ginkana literario eta linguistiko bat ere gauzatu zuten, Marina Casas Katedra Katalaneko irakurleak gidatua, ikasle eta irakasle ugari partaide.
Sarrionandiaren “Munduari bira eman zion ontzia” liburua aurkeztuarekin batera, Fakultateko liburutegiari eta bertaratutako hainbati aleak eman zitzaizkien. Eta, azkenik, omenaldia egin zioten Rosalia de Castro poeta galiziarrari. Ikasleek, irakurleek eta bertaratuek De Castroren bertsoak irakurri zituzten, Xosé Liz eta Paula Gómez bikote galiziarraren musikarekin eta Alejandro Gisperten gaita ere laguntzaile. Jende ugari bildu zen ekitaldietako bakoitzean, bisitariei ohore eginez eta baita literaturari ere.