euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Jimenez chef donostiarrak pintxoez gozatzeko gonbitea egiten du Seattle-ko Txori bere jatetxe berrian

2008/01/14

Joseba Jimenez sukaldaria Seattleko Txori-ko buru
Joseba Jimenez sukaldaria Seattleko Txori-ko buru

PUBLIZITATEA

Seattleko euskal komunitateak aurkitu du dagoeneko hiri estatubatuar honetako jatetxe berrienerako bidea. Eta ez du bide hori galtzeko asmorik, izan ere Txori tabernak Donostiako Alde Zaharreko toki hautuak gogora ekartzen dituen pintxo karta eskaintzen baitu. Joseba Jimenez de Jimenez da taberna berriko sukaldari eta jabea. Jimenez Harvest Vine jatetxeko jabea ere bada eta bi lokal hauetatik euskal gastronomia Seattle-en zabaltzeko apustua egiten du Ipar Ameriketako mendebalde kostaldean.
Joseba Jimenez de Jimenez sukaldariak Seattle-n ireki duen lokala txikia da, baina bere kartako platerekin gertatzen den bezala, tokiaren tamainak ez du kalitatean eraginik. Tabernako eskaintza osatzen duten pintxoek Euskal Herriko tabernetako pintxoz jositako barrak ekartzen dituzte gogora. Makailua, betiko gildak (pipermin, oliba eta antxoez eginiko pintxoa), Idiazabal gazta... tabernan erabiltzen diren produktuak euskal sukaldaritzako ohiko lehengaiak dira, Euskal Herritik bertatik ekarriak edota AEBetako merkatuetan eskuragai daudenen artean sukaldariak kontu handiz hautatuak.

Txori tabernako kartan topa daitezkeen proposamenen artean honelako izen ozenak daude: 'Txanpinoi tartaleta'; 'Txipiroiak bere tintan', 'Txorizoa txokolatearekin'; 'Makailua saltsa berdean'; 'Albondigak', 'Pipar gorria odolkiarekin', Galiziako 'Pulpo da feira' edota 'Barquitos y traineras' gazta pintxoa. Eta pintxoekin batera edateko 'euskal edari' sorta deigarri bat: kalimotxo, zuritoa, 'lejilla' (garagardo eta limoizko freskagarriarekin eginiko edaria), ardoa edota 'Kir Basque' delakoa bezalako koktelak (cava eta patxaranarekin egina omen, azken hau).

Harvest Vine-en ere bai

[Goiko irudian Caroline Messier de Jimenez, Joseba Jimenezen emaztea bikotearen beste jatetxean, Harvest Vine-en (argazkia KenLambert)]

Txorirekin bi dira Joseba Jimenezek eta bere emazteak Seattle-en dituzten jatetxeak. 1998an bikoteak Harvest Vine ireki zuen, euskal estiloko sukaldaritza eskaintzen duen lokal txiki baina arrakastatsua. Bikoteak Euskal Herriko sukaldaritza gertutik jarraitzen du eta urtean gutxienez bi aldiz bertara bidaiatzen dute azken nobedadeak eta berrikuntzak ezagutu eta dastatzeko (The Harvest Vine jatetxearen webgunean gustokoen dituzten Euskal Herriko jatetxe eta txokoen gida interesgarri bat eskaintzen dute).

Joseba Jimenez 1979an hasi zen sukaldaritza ikasten Madrilen, eta Donostian, Parisen eta Biarritzen osatu zuen bere trebakuntza. '1984an Estatu Batuetan Louis Urrumbide sukaldariaren zuzendaritzapean hasi zen lanean', argitzen du bere webguneetako batek. '1991an Seattlera heldu zen eta bertan ezagutu zuen Caroline emaztea, gozogilea berau. 1998an Harvest Vine inauguratu zuten'. Orain, Txorirekin, irmo jarraitzen dute euskal sukaldaritza Seattle-en ezagutzera emateko erronkarekin.


Lotura interesgarriak

Txori tabernaren webgunea
www.txoribar.com

The Harvest Vine jatetxearen webgunea
www.harvestvine.com

Seattle Euskal Etxea, Seattle, WA
www.seattleeuskal.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia