Santiago, Txile. Joseba Gotzon kantari portugaletetarrak ekainaren 8an Txileko Santiagon emandako kontzertu batekin amaitu du Argentina eta Txileko zenbait lekutan maiatz azken-ekain hastapenean egin duen kontzertu bira. Kantariak Argentinan hasi zuen itzulia, San Lorenzo de Almagroko zelaian egindako ekitaldi batean kantatuz, ondoren maiatzaren 30ean La Platako UNLP unibertsitatean emanaldi bat eskaintzeko. Bertatik, jauzia eman zuen Txilera, lau kontzertuko programa bati ekiteko.
Bidaiaren zati txiletarrean, Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzak dauzkaten Txileko Unibertsitate Katolikoan eta Txileko Unibertsitatean aritu zen ekainaren 4ean eta 5ean hurrenez hurren eta ondotik Gluck Herriko Tabernan 7an eta Las Condesko Estadio Español-en aritu zen kantari, azken honetan, bertan egoitza duen Colectividad Vasca de Chile euskal etxearen eskutik Lope de Vega antzokian.
Kantaria itzultzekotan da irail-urrian Argentina eta Uruguaira. Berarekin kontaktatzeko emanaldiren baterako, josebagotzon@josebagotzon.com da bere helbidea.