2017 urtean Joseba Gotzon musikariak futbola, musika eta historia uztartuko ditu, "Euzkadi" talde ospetsu haren omenez egingo duen birarekin. Taldea 1937an sortu zuen Agirre Lehendakariak, euskal jokalari ezagunenekin, eta munduan zehar ibili zen lagunarteko partidak jokatzen Euskal Herriak gerra zibilean bizi zuen egoera latzaren berri zabaltzeko. Biran, Joseba Gotzonek kontzertuak egingo ditu Irlandan, Ingalaterran, Kuban eta Argentinan, baina egitaraua irekita dago oraindik eta musikariak gonbitea luzatzen die emanaldia antolatu nahi duten euskal etxeei.
Donostia-San Sebastián. Datorren urtean 80 urte beteko dira "Euzkadi" futbol taldea sortu zenetik. Euskal Herriko futbol selekzio harek Europan eta Ameriketan barrena bira egin zuen, 1937an Euskal Herria gerran pairatzen ari zen egoera latzaren berri zabaltzeko. Nazioartean oso ezagunak ziren jokalariek osatzen zuten taldea --Blasco, Eguskiza, Aedo, Areso, Zubieta, Muguerza, Zilaurren, Etxeberria, Larrinaga, Luis eta Pedro Regueiro, Iraragorri...-- asko Italiako 1934ko Mundialean arituak, eta taldearen partidek oihartzun handia zuten.
Parisen aurkeztu zen, 1937an, eta Europan eta Ameriketan futbol zelaiak bete zituen. Europako partidetan bildutako diruarekin Biarritzeko La Rosariae gerrako ospitala sustatu zuten.
Bira amaituta eta gerra galduta, taldeko kide asko Mexikon gelditu ziren erbesteratuta, eta beste zenbait Argentinan lekutu ziren, bi herrialdetan bertako euskal komunitateko kide bihurtuz, bai jokalariak eta baita euren familiak ere.
Kontzertua, dokumentala eta erakusketa
Orain, 80 urte beranduago, Joseba Gotzon musikariak futbol taldearen istorioa gogora ekarriko du, nazioartean egingo duen bira batekin. Dagoeneko hainbat kontzerturen antolakuntza abian da, musikariak EuskalKultura.com-i agertu dionez: Ingalaterra maiatzean, Kuba uztaileak, Irlanda abuztuan eta Argentina urrian/azaroan. Argentinan emanaldia egingo dira honako hirietan: Buenos Aires, Bariloche, La Plata, San Nicolas eta Villa Puyrredon.
Horrez gain, Mexikon ere egingo da kontzertu bat, baina datak zehazteke daude.
Gotzonek azaldu duenez, Buenos Airesen San Lorenzo de Almagro taldearekin lotuta omenaldiren bat ere ari da antolatzen. Selekzioako zenbait jokalarik, esaterako Isidoro Langara pasaitarrak, San Lorenzo de Almagron jokatu zuten.
Ikuskizunak musikaz gain taldeari buruzko dokumental bat eta erakusketa bat ere eskainiko du, azken hau taldearen argazki eta uniformeekin.
Ikuskizuna zuren euskal etxera edo hirira eraman nahi baduzu, jar zaitez Joseba Gotzonekin harremanetan e-maila bidaliz josebagotzon@josebagotzon.com helbidera.
Euskadiko selekzioaren historiari buruz gehiago, hemen.
Euskadiko selekzioari buruzko beste zenbait lan egin ditu Joseba Gotzon, esaterako “Historia de la Selección de Euskadi de Fútbol” (1998) liburua eta "Ametsen bila" (2015), selekzioaren mendeurrenari buruzko erakusketaren antolakuntza.