Donostia-San Sebastian. Hemen bertan zenbaitetan aipatu izan dugunez, Diasporari eskaini dio bere azken lana, Urrundik izenpean, Joseba Gotzon kantari portugaletetarrak. Bizi dugun pandemia egoerak aurkezpen-bira gibelerazi badio ere --2021erako iragarri du-- gaur kaleratu du bideoklipa. Bertan kantan parte hartu duten diasporako kideak ere ikus eta entzun daitezke kantari, zortzigarren probintziari dagozkion hainbat irudirekin. Gogora dezagun kantua irailaren 8an, Euskal Diasporaren Nazioarteko Egunean aurkeztu zuela sarean Gotzonek.
Kantari bizkaitarrak harreman oso estua du Euskal Herritik kanpo bizi diren euskal jatorriko lagunekin, bereziki Latinoamerikako euskal komunitateekin, eta hainbat aldiz egin ditu birak eta eman ditu kontzertuak euskal etxeetan eta euskal etxeak laguntzaile. Argentinako Paraná hiriko Urrundik Euskal Etxekoekin harreman berezia duelarik, 'Urrundik' kantuarekin euskal etxe jakin hori eta, bere bitartez, euskal etxe guztiak eta gure diaspora osoko lagunak omendu nahi izan ditu.
Gogora dezagun kantuaren koroetara, euskal diasporako hamaika lagunen ahotsak bildu dituela. Argentinatik Begoña Tisera, María Silva Soloaga, Carolina Bravo, Sabrina Otegui, Valeria Aramburu eta Juan Carlos Borrás; Brasildik, Ederson Otharan, Juliana Batista eta Eusko Brasildar Etxeko Oskar Goitia, María Cecilia Medina, José Pérez eta Dunia Karolina Salazar; Kubako Odalys Echevarria; Japoniako Hidenao Dohino; Mexikotik, Nancy Romano Echavarria, Haizea Elizondo Gorroño eta UNAMeko Euskara Irakurletzako kideak; Uruguaitik, María Noel Abella Aiscar eta Federica Zieleniec; Txiletik, Angel Espinoza eta Carmilla Karnstein; eta Kolonbiako Iker Guillermo López.
Hona Urrundik-en bideoklipa:
hauek kantuaren hitzak:
Atlantikoak banandu bagaitu ere
Malkoek ikusten ez utzi arren
Nostalgia itzelean murgildurik
Zure dantzari lotuta, zutik.
Gure aberriak ditu bi arima
Zure askatasuna da gure ametsa
Arbasoen aztarna mendez mende
Gure barnean bizirik segitzen.
Urrundik, Urrundik beti gure bihotzean
Urrundik, Urrundik zure penak, gureak.
Txapela eskaintzen dizuegu
Eskerrik onenak emateko
Gure kultura lau haizetara
“Presencia Vasca” irratsaioz
Euskal Herritik Ameriketaraino
Urez betetako zeru
Hamar mila kilometro
Sentimendu bat tinko
-Proiektuari buruzko informazio osoa, hemen
-Joseba Gotzonen webgunea: www.josebagotzon.com