Dresden, Alemania. Joseba Gotzon kantari portugaletetarrak gaur astelehena, irailaren 1ean, bira bat hasiko du Dresdenen, Saxoniako 'lander' edo estatuan, bertako hiru hiritan barrena. Bira Saxoniako hiriburuko Vokalgruppe VIP kantu-zortzikotearekin antolatu du. Emanaldiok, kantautoreak Alemanian egiten dituen lehenengoak dira, eta bere ibilbide diskografikoaren 40. urteurrena ospatzeko aurten ematen ari den kontzertu akustikoen programaren barruan kokatzen dira.
Gaur arratsaldeko 5etan Alemanian eskainiko duen aurreneko kontzertua Dresdeneko Dreikönigskirchen izango da, eta bertan Vokalgruppe VIP taldea lagun arituko da oholtza gainean, Joseba Gotzonek berak azaldu duenez. "Vokalgruppe VIP eta biok arituko gara, bakoitza bere errepertorioarekin eta kontzertua hiru abesti elkarrekin kantatuz amaituko da, 'Kantautxote' deitu dugun proiektuaren barruan, FIOPren babespean", zehaztu du Joseba Gotzon Varelak..
Joseba Gotzon 'Kantu lurtarra' kantatzen Santiago Konpostelakoan 2011ko azaroaren 25ean
Bigarren kontzertua ostiralean, irailaren 6an, izango da, "Saxoniako Suitzarraren paisaia idilikoan, Rosenthal-Langenhennersdorf-eko Kirchgemeinde-n, eta bertan nire diskografiako abesti klasikoenak kantatuko ditut", adierazi du musikagileak. Bira igandean, irailaren 8an, amaituko da Dohna herriko Kulturcafe-n. "Biratxoaren amaiera honetan, abesti komertzial eta poperoagoak interpretatuko ditut", iragarri du.
Bere lau hamarkadako ibilbide musikalean, Joseba Gotzonek hainbat herrialdetan eman ditu kontzertuak, bereziki Amerikan, Iparramerikatik (Mexiko), Karibe (Kuba) eta Hegoamerikaraino (Argentina, Txile, Uruguai, Brasil, Paraguai, Venezuela...), askotan bertako euskal komunitateekin harremanetan eta lankidetzan. Euskal Herriaz eta Espainiaz gain, kantatu izan du baita ere Italia, Portugal eta Georgian, besteak beste.