Portugalete, Bizkaia. Hainbatetan bisitatu izan ditu Joseba Gotzonek Latinamerikako euskal etxe eta komunitateak eta kantatu izan du Diasporako publikoa lagun. Atlantikoa dozena bat aldiz baino gehiagotan zeharkatu ondoren, buru-belarri dabil egunotan portugaletetarra Amerikako Euskal Diaspora omendu nahi duen proiektua eskuartean. ‘Urrundik’ eman dio izena kantuari, "Zortzigarren Probintziak urrundik Euskal Herriarekiko hartutako konpromisoa" gogoan, horren gorazarre, eta maitasun keinuz baita ere Parana hiri argentinarrean izen bera daraman euskal etxeari, lagun finak baititu.
Gotzonen esanetan, “Aspalditik sentitzen nuen Euskal Herritik 10.000 kilometrora gure kultura, hizkuntza eta folklorea bizirik mantentzen dituen jende honekiko nire miresmena kantu batera ekartzeko beharra. Oso jende gutxik ezagutzen du oraindik hemen, Euskal Herrian, Diasporak daukan indar, atxikimendu eta konpromiso hori, eta uste dut jakinarazi egin behar dugula”.
Abestiaz sortu eta grabatzeaz gain, bira ere egingo du Joseba Gotzonek ‘Urrundik’ lelopean Euskal Herrian, Katalunian, eta Amerikan. Irail aldera hasiko du Amerikarako bidaia eta Mexiko, Argentina eta Kuba bisitatuko ditu; eta baieztatzeke dauzka oraindik kontzertuak Txile eta Kalifornian, ibilbideak beraz geldialdi gehiago izan ditzake.
(Pentsatu al duzu artistarekin kontaktatu eta zeure euskal etxean edo zeure herriko aretoren batean kantatzeko eskaintza egitea? Facebook bidez kontakta dezakezu berarekin https://www.facebook.com/joseba.gotzon.12 helbidean).
Urrundik
‘Urrundik’ abestia soinu nahasketa fasean dabil momentu honetan eta martxoan iritsiko da plataforma digitaletara. Bideoa ere izango du kantak eta ustekabe polit bat: Diasporako zenbait euskaldunek –euskara ikasle eta irakasleek– lagunduko diote Portugaleteko kantariari kantaren leloa abesten.
Hona kantuaren jatorrizko bertsioa:
Atlantikoak banandu bagaitu ere
Malkoek ikusten ez utzi arren
Nostalgia itzelean murgildurik
Zure dantzari lotuta, zutik.
Gure aberriak ditu bi arima
Zure askatasuna da gure ametsa
Arbasoen aztarna mendez mende
Gure barnean bizirik segitzen.
Urrundik, Urrundik beti gure bihotzean
Urrundik, Urrundik zure penak, gureak.
Txapela eskaintzen dizuegu
Eskerrik onenak emateko
Gure kultura lau haizetara
“Presencia Vasca” irratsaioz
Euskal Herritik Ameriketaraino
Urez betetako zeru
Hamar mila kilometro
Sentimendu bat tinko