euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendaria Ezpeletako Biperraren Kofradiako kide jargiratu dute

2010/10/29

Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendari eta Baionako Herria astekariko kazetaria Ezpeletako Biper Gorriaren Kofradiako 'zaldun' dela adierazten duten domina eta diploma jaso eta gero (argazkia EuskalKultura.com)
Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendari eta Baionako Herria astekariko kazetaria Ezpeletako Biper Gorriaren Kofradiako 'zaldun' dela adierazten duten domina eta diploma jaso eta gero (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Ezpeleta herri lapurtarrak, urteko bere festarik handiena bizi izan zuen joan den igandean, herriari munduan fama ematen dion Ezpeletako Biper Gorriaren Eguna hain zuzen, Ezpeletaren ekonomia eta ospea biperrari lotua baitago hein handi batean. Egun nagusi horren testuinguruan, Ezpeletako Biper Gorriaren Kofradiak bere kide berriak jargiratzeko ekitaldia egin zuen, urtero bezala kirol, gizarte eta kultur munduan nabarmendu diren zenbait pertsonaia Kofradiari lotuz. Aurten ohoratutakoen artean, Joseba Etxarri, EuskalKultura.com-eko zuzendaria eta Baionako Herria astekariko kazetaria izan da euskal kultur arloko, eta Diasporako ordezkari gisa, 'zaldun' izendatua.

Ezpeleta, Lapurdi. Herriaren izena daraman biperra da Ezpeletari mundu osoan fama ematen diona eta bertako mozkin honi lotua urtero antolatzen eta ospatzen du herriak 'Ezpeletako Biper Gorriaren Eguna', herriko karrika guztiak azoka handi bat bilakatzen dituena, milaka jende erakarriz, aurtengoan, antolatzaileen esanetan, hogei bat mila pertsona asteburuko egun bakoitzeko. Eta igandearekin, Ezpeletako biperra zaindu eta prestigiotzeko helburua duen elkarteak, 'Ezpeletako Biper Gorriaren Kofradia'k, bere urteroko bilkura nagusia egiten du, urte horretan gizarte, kultura edo herri mailan nabarmendu diren zenbait pertsona kofradiako 'zaldun' edo kide izendatuz.

Aurten izendatutakoen artean EuskalKultura.com-eko zuzendari eta Baionako Herria astekari euskalduneko kazetari den Joseba Etxarri jargiratu zuten joan den igandean Ezpeletako gazteluaren aitzinean aire librean berrehun bat pertsona lekuko eginiko ekitaldian. Michel Darraidou Kofradiako buruak egin zuen Etxarriren aurkezpena, Euskal Herriaren eta bere Diasporaren artean egiten duen zubi-lana azpimarratuz. Bere burua Herria-ko irakurle zintzo aitortu zuen Darraidouk, astero Etxarrik Herria astekariaren azkeneko orrialdean argitara ematen duen zutabetik hasten dela irakurtzen alea esan zien bildutakoei.

EuskalKultura.com-eko zuzendariarekin batera aurtengoan izan dira jargiratuak Euskaltel taldeko Romain Sicard txirrindularia, Europako txapeldun den Antton Haramboure igerilaria, Nicolas Etcheto eta Serge Camy pilotariak, Gerard Mot kazetaria eta gastronomia arloko Julien Duboué eta Michel Larran. 'Biper-Saria' Europako txapeldun den Johann Diniz atleta frantsesak jaso zuen eta 'Biper-Jaun' Manex Olhagaray ezpeletarra izendatu zuten, biperraren alde bizitza osoan egindako lan aitzindariagatik, gizon langilea, euskaltzalea, laborari eta pertsona zerbitzu egilea izateagatik.



Komentarioak

  • Muito obrigado

    Muito obrigado, mila esker, Oskar zure hitzengatik. Zoritxarrez azkenean ez naiz Mar del Platan egongo, baina trukatuko dugu edonon gaudela pote hori guztion osasunaren, geroaren eta bakearen alde.

    Joseba Etxarri, 2010/10/30 14:02

  • Zorionak!!!!

    Zorionak Joseba, barkatu... Joseba Jauna, ala "Sir" Joseba... Besarkada handi bat Brasildik. Espero dut Mar del Platan pote bat edango dugun elkarrekin. Oskar.

    Oskar Goitia - Eusko-Brasildar Etxeako Lehendakaria, 2010/10/29 22:17

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia