Hargatik, La Plata. 2001ean paperetik internetarako jauzia eman zuenetik, euskaldun eta euskal etxe ugari daude munduan Diasporaren eta euskal kulturaren berri EuskalKultura.com-ek bere buletin eta webgunearen bidez garatzen duen lotura eta komunikazio zerbitzuaren bidez eskuratzen dutenak. "Jende askok aipatzen digu sarritan gure bidez enteratzen direla euren euskal etxean bertan gertatzen diren gauzez edota euren herrialdeetan euskal alorrean gertatzen direnez, eta horrek harrotasun puntu bat ematen digu", azaldu digu ekimen digital honen koordinatzaile den Joseba Etxarrik.
"Seguruenik arrazoia izango dute gure hau ekimen bitxia dela esaten dutenek", diosku bizkar gainean hogeita hamar urteko Diasporarekiko eskarmentua duen kazetari donostiarrak. "Izan ere, geure lanak, profesionaltasuna eta izaera bolondresa konbinatzen ditu, kazetariak baikara, baina bokazioa eta izpiritu bolondresa ezaugarri duen Diasporarekiko eta gure herriarekiko engaiamendu eta zerbitzu izpirituarekin". "Ez gaude inongo erakunde edo talderen menpe eta ekimen independentea gara, horrek dauzkan gauza on eta txarrekin --"txarren artean, zalantzarik gabe, larriena, segurtasun eza ekonomikoa", azpimarratzen du irribarrea ezpainetan-- eta geure hondar-aletxoa saiatzen gara ekartzen, hain zuzen Diasporatik elkarren lokarri dugun euskal kulturari egiten zaizkion ekarpenen berri emanez, eta Diasporari helaraziz, baita ere, euskal kultur arlo orokorrean gertatu eta interesgarrien izan dakizkiokeen gai eta berriak", azaltzen du.
Elkarren berri izatearen garrantzia
Aitzindari izan ziren, eta euren motako ekimenetan erreferentzia dira Diasporan. Euren sorrera "munduko euskaldunek eta euskal etxeek elkarren berri izateak daukan garrantziaz" jabetzeak ekarri zuen, ezagutza hori bera komunitatea egiten eta sendotzen joatea dela konturatzeak". "Elkarren berri, zertarako? Bada, igoal ideia onak elkarri kopiatzeko, iritziak trukatu eta ahalegin eta indarrak metatzeko hain zuzen ere ezagutza hori baliatuta, jakinda han edo hemen zein soluzio eman dieten halako eta holako arazo komunei, sinergiak probestu eta etekinik handiena ateratzearren", aitortzen du Etxarrik konbikzioz. "Baita ere, jakina, egiten denaren berri gorde eta lanean ari direnei merezi duten errekonozimendua emateko", eransten du.
"EuskalKultura.com ezaugarri dauka Diasporaren munduaz daukagun ezagutza zabala, edo nahiago bada, euskal diasporen ezagutza zabala, eta geure engaiamendu edo konpromisua informatiboki hor egoteko, aktibo eta sostengatzen, beti, jakina, geure indarren arabera. Kontsulta asko jasotzen ditugu, eta informazio eskeak, eta euskal etxe eta norbanako askorentzat gertuko edo konfidantzazko baliabide bat gara, euskal etxe bat gehiago, baina informazioa ematen eta komunikazioan espezialdua. Zubiana egiten dugu, gure zangoetako bat Euskal Herrian baitago eta bestea Diasporan, eta bata zein bestea oso ondo eta barrutik ezagutzen ditugu, eta horrek panorama eta ikuspuntu pribilegiatua ematen digu".
Ahalegin konpartitua
"Gure lan eta ahaleginik handiena egunero egunero plazaratzen dugun buletinak eta webgunea etengabe berritzeak daroa", segitzen du gure solaskideak. "Hor, agendarekin eta gainerako atalekin batera, munduan zehar euskal alorrean egiten diren ekitaldi eta gertakari guztiak daukate lekua. Aldi berean, ongi dakigu kanpoko euskaldunek egiten dituzten ekitaldien zati bat islatzera baino ez garela iristen, egia izanik ere oharrik bidaltzea euskal etxe bakoitzaren esku dagoela". "Bestalde, euskal etxeei dagokienez geure esparrua mundu osoa bada, Euskal Herrian gure lanak Euskal Autonomi Erkidegoa. Nafarroa eta Iparraldea baitaratzen ditu eta, ildo beretik, Argentina eta Txileko sei nafar etxeak, eta baita Iparraldeko Euskal Etxea ere, Buenos Airesen".
Argitzen digu Etxarrik "egunero egunero buletin bat ateratzearena esan erraz esaten dela, baina gero egitea ez dela hain gauza egin-erraza". "Gure ekimenak hamabost urte bete ditu interneten eta langintza lotua da, etengabe behar duzu kontaktuan egon Diaspora eta euskal etxeekin, askotan hango ordutegietara moldatuta. Horri erantsi behar zaio, bat ez, hiru buletin ditugula, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, eta horrek lana hirukoiztea dakarrela. Eta sare sozialak plazaratu zirenetik, derrigortuta gaude Facebook eta Twitter-en presentzia etengabean egotera, medio tradizionalak baztertu gabe. Diasporako berriei ahalik eta oihartzunik handiena emateko gure konpromisuak, bestalde, astero beste komunikabide batzuetan ere aritzera garamatza, prentsa idatzian zein irratian, eta bestetik, astero astero baita ere, Baionako Herria astekarian 'Diaspora' zutabea idazten dugu".
"Aipatu guztia egiteko, gure baliabideak eta egitura txikiak dira oso, eta hor iristen gara ezaugarri dugun beste puntu batera: irakurleekin dugun sinergia eta konplizitate estura. 1998tik aurrera paperean eta 2001etik hona internetez, ahalegin konpartitu bateko parte gara buruz buru munduko hainbat euskaldun eta euskal etxerekin. EuskalKultura.com-ek ez luke zentzurik eta ez zen bideragarria izango euskal etxeetan eta munduan barrena lagun ditugun hamaika pertsonaren partaidetza eta lankidetzarik gabe, hainbat ekimen aurrera atera eta gero ohar datu batzuk idatzi eta argazkiekin batera eskuzabal bidaltzen dizkiguten lagunen ahalegin estra hori gabe. Konplizitate hori gure lanaren oinarrian dago, zubi horiek eraiki eta mantentzean munduko leku bateko eta besteko euskaldunekin".
"Apal-apal esango dizut", jarraitzen du Etxarrik. "Nire ustez, EuskalKultura.com-ik ez balego, sortu beharko litzateke hau bera edo antzeko zerbait. Lan hau egin beharra dago, norbaitek egin behar du, oinarrizkoa eta ezinbestekoa baita Diasporan, elkarrekiko jarrera eta joera hori elikatzea, elkarren berri izateak bilduago agiten baikaitu, komunitatea egiten laguntzen du, eta hori guztia nahitanahiezkoa da baldin eta geure Diasporari geroa eta gero emankor eta sendoa eman nahi badiogu", bukatzen du.