euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Erkizia, HABEko zuzendaria: "Ikas daiteke euskara heldutan, horretan ari dira 2.000 pertsona munduko euskal etxeetan"

2014/10/29

Joseba Erkizia, HABEko egoitza nagusian Donostian eginiko elkarrizketan (argazkia HABE)
Joseba Erkizia, HABEko egoitza nagusian Donostian eginiko elkarrizketan (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Urtero bezala, urria euskara eskolen hasiera izaten ari da 2014an ere mundu osoko hainbat euskal etxetan, ipar hemisferiokoetan bederen (Argentinan eta hego hemisferioan ikasturteak urte naturalak izan ohi dira, martxo aldetik abenduraino luzatuz). Ipar hemisferioko 2014-2015 ikasturtearen hasiera honetan, beraz, EuskalKultura.com-ek hurbildu nahi izan du munduko euskara eskolen errealitatera eta solasaldia izan du Joseba Erkiziarekin, HABEko zuzendari nagusiarekin. Berak adierazi digunez, munduko ia 90 euskal etxetaraino heltzen dira eurak bideratzen dituzten euskara eskolak, ikasle helduak, berriz, 2.000 direlarik.

Donostia-San Sebastian. Donostian dago HABEren egoitza nagusia eta bertako bere bulegoan hartu gaitu Joseba Erkiziak. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren barnean erakunde autonomiaduna da HABE eta helduen alfabetatzea eta berreuskalduntzea dauka helburu, lantzen duen esparruaren baitan munduan zehar euskal etxeetan euskara ikasten ari diren helduak daudela.

-Nork ikasten du euskara munduan? Badago soslaia bat euskal etxeetan euskara ikasten dutenena?

-Bai eta ez. Normalean Euskal Herritik emigratutakoen ondorengo diren pertsonak izan ohi dira, lotura afektibo eta familiarra daukatenak euskal etxearekin; beraz, euskal etxearen ingurukoak, euskal etxearen beste jardueretan parte hartzen duten pertsonak. Baina ikusten ari gara gero eta gehiago euskal etxera, bertan euskara ikasteko aukera dagoela ezagututa hurbiltzen ari den jendea. Alegia, entzun duena hizkuntza bat badagoela, Euskal Herrikoa, lotura ez duena inguruko hizkuntzekin eta, hurbil daukan bere herriko euskal etxean irakasten denez, ikasteko pausoa eman eta ikasten hasten dena, kuriositatez. Oro har esango nuke gaur egungo profila aniztun samarra dela, nahiz eta nagusiki euskal jatorria duen jendea izan.

-Adin aldetik?

-Denetatik dago, bada adineko jendea eta baita gaztea ere. Euskal Autonomi Erkidegoan, bataz bestekoa esan beharko bagenu, 37 urte dituela esango genuke. Baina, zer gertatzen da? Bataz besteko adina dela hori, ikasleen artean badira-eta 20 urtekoak eta baita 80koak ere. Diasporan beste hainbeste gertatzen da. Nik esango nuke adin guztietako jendea dagoela. Batetik, adinekoak, erretiroa hartuta gainditzear zeukaten asignatua horri ekin nahi izan diotenak, baina badago ere gaztetan hasten dena. Eta Diasporaren kasuan, uste dut hemen bezala badaudela guraso izatera iristen direnean, beren aitamen ahotan edo aitona-amonen ahotan entzuten zuten hizkuntza ikasten hasten direnak beren seme-alabei transmititzeko.

-Daturik badaukazu familia loturarik gabe, nahi dutelako, euskara ikasten hasi eta euskalduntzen direnena?

-Hori ere ikusten dugun errealitate bat da, jendeari bere motibazioarengatik galdetuta esaten dutenak lagun euskaldunak dituztelako, euskarak hizkuntza gisa interesatzen zaielako edo kuriositate kulturalak edo intelektualak eraginda ikasten dutenak. Beraz esan daiteke duela urte batzuk arte nagusiki eta ia modu esklusiboan euskara ikastera animatzen zen jendea euskal jatorriko jendea zela, baina gaur egun, talde horrek nagusi izaten segitzen duen arren, logikoa den bezala, gero eta gehiago direla jatorriarekin zuzeneko lotura izan gabe hasten direnak euskara ikasten. Gogoan daukat, adibidez, Japoniako unibertsitate batean, euskara ikasle ziren batzuekin hitz eginez, esaten zigutela "nik jakin dut Euskal Herriaren berri futbolaren bitartez, jakin nuelako bazegoela talde bat, Athetic Bilbokoa, bertako jokalariekin bakarrik jokatzen zuena eta aurre egiten ziela munduko futbol talde onenei eta horrek jakinmina sortu eta hortik jakin nuen zer den Euskal Herria, zein diren euskaldunak" eta gero, ikusiz beren unibertsitatean euskara klaseak zeudela kredituak ematen zituztenak, pausoa eman zutela. Euskal etxeetan ere gauza bera gertatzen da. Hau duela urte batzuk gertatzea zailagoa zen. Uste dut, alegia, esan genezakeela momentu honetan euskararen lurraldea ez direla bakarrik EAE, Nafarroa, Iparraldea eta Diasporako esparruak, baizik eta gaur egun mundu osoa ere badela euskararen lurraldea, ze han eta hemen gero eta maizago topatuko gara euskara ikasi duen edo euskara egiten duen batekin.

-HABEk arreta berezia eskaintzen die munduko euskal etxeetan euskaldundu nahi dutenei. Bide bat egin da hor.

-Datorren urtean, 2015ean, 25 urte beteko dira 'Argentinan Euskaraz' izeneko programa sortu zenetik. HABEk duen 'Euskara Munduan' programak ere laster 15 urte beteko ditu. Programa hori ezin emankorragoa izaten ari da eta euskal etxeetako arduradunek berek esaten digute, momentu honetan euskal etxe askotan bizkar-hezur nagusietakoa direla euskara eskolak. Alegia, garai batean beste jarduera batzuk indar eta eta pisu handiagoa izaten zutela, baina gaur egun euskara eskolek biltzen dutela astero astero jendea astean behin, bitan edo hirutan euskal etxera.

-Zeintzuk dira euskara eskolen zenbakiak Diasporan?

-Momentu honetan HABEk munduko 88 euskal etxerekin dauka hitzarmena euskara eskolak emateko. Alegia 88 euskal etxetan ematen dira eskolak HABEk lagundu, gidatu eta finantziatuta. Gure eremua helduak direnez, esan dezakegu 2013-2014 ikasturtean 2,000 heldu inguru ibili direla euskara ikasten euskal etxe horietan. Hortik aparte haurrak eta adingabeak daude, ehunka dira eta horrek guztiak oso errealitate aberatsa ematen digu, hazten ari den eskariarekin gainera.

-Orokorrean, ze aukerak eskaintzen dizkie Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herritik kanpo euskara ikasi nahi dutenei?

-Batetik dago arestian aipatu dudan euskal etxeen bidezko eskaintza, HABE partaide eskaintzen dena. Bestetik, euskara oso presente dago munduko hainbat unibertsitatetan, programa kurrikularrean, kreditu banaketan sartuta, eta hori Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen du, hau ere Jaurlaritzapeko erakunde autonomiaduna, munduan euskara eta euskal kultura sustatzeko, berariaz sortua. Euskal etxeen eremua, beraz, HABEren esku dago eta unibertsitateena Etxeparek darama. Bestela, oro har esatearren, euskal etxeekiko programak, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzatik kudeatzen dira, Lehendakaritzatik, eta baita ere Euskadiren eta munduko hainbat gobernu, erakunde, elkarte eta herritarrekiko harremana. Beraz, hiru zutabe nagusi horiek daude kanpokoekin edo kanpoan bizi direnekin harreman zuzena daukatenak: Lehendakaritza, Etxepare eta HABE, hurrenez hurren. Gero, euskararen alorrean baita ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak baditu harremanak eta akordioak kanpoko hainbat erakunderekin hizkuntza biziberritzeko esperientzian informazio eta ezagutzaren trukaketa egiteko. Gertatzen ari den fenomenoa baita, munduan zehar, hizkuntza gutxiagotuak berreskuratzeko esperientzian ari diren herrialdeetan, Europan, Ameriketan eta bestelakoetan, gero eta arreta handiagoa jartzea euskararen kasuari, arrakasta kasua izaten ari delako.

-Zertan datza arrakasta hori?

-Euskadin, euskara berreskuratzeko prozesuan, euskara dakitenen portzentajea puntu erdi bat igotzen ari da urtez urte, eta gehikuntza hori askoz nabarmenagoa da adin txikietan. Duela 30 urte, Jaurlaritza berriz ezarri zenean, bost herritarretatik batek bakarrik zekien euskaraz eta momentu honetan hirutik batek daki ondo euskaraz eta beste hainbestek daki gainera neurri batean edo bestean. Gainera, adinari erreparatzen badiogu, duela 30 urte belaunaldi euskaldunenak zaharrenak ziren eta momentu honetan gazteenak dira: 25 urtetik beherakoetan %75 euskalduna da dagoeneko. Erabilera esparruetan ere aurrera egin du euskarak, irabaziz sekula izan ez dituen espazioak eta horrek sortu du arreta handia jartzea, munduan gurea bezalako esperientziak izaten ari diren herrialdeetan, hona etorri eta gurea ikusi, ezagutu eta aztertzeko.

-Egingo al zeniguke egoera horren argazkia?

-Euskal Autonomia Erkidegoan 30.000 pertsona heldutik gora dira urtero euskara ikasten ari direnak. Horrek ekarri du gaur duela 30 urte baino 300.000 hiztun gehiago izatea; horietatik heren bat, ehun mila, helduen alfabetatzeari zor zaizkio, euskaltegiei, HABEren esparruko arloari, eta beste berrehun mila irakaskuntzari. Amaitu berria den ikasturtean 32.200 ikasle izan ditugu hemen eta Diasporan. Adin nagusira iritsitakoan ikasten dute, lehenago aukerarik izan ez dutelako etxean edo eskolan; tartean etorkinak ere badira, baina gehienak hemengoak dira. Honek esan nahi du borondatea badagoela euskara ikasteko. Esan, bestalde, datu geografikoak ere ematearren, euskal etxeetan ari direnen artean, bi mila horietatik Argentinan dagoela nukleo sendoena, zazpiehun bat ikaslerekin. Estatu Batuetan badira berrehun bat eta gainerakoak barreituta daude: Bartzelonan eta Madrilen 150etik gora bakoitzean, Brasilen ehun bat, Italian laurogei, Uruguain hirurogeita hamar, Parisen eta Bordelen hirurogeina... Eta baditugu euskal etxeen eskari berriak, euskara eskolak hasteko, esaterako Kubako Habanan, Limako Perun eta Espainiako Zaragozan eta Naiaran, Errioxan.

-Materialari dagokionez, garai batean, bakarrik gaztelania zekitenak gogoan hartuta zegoen prestatuta, horretan ere egin da aurrerapenik...

-Duela urte batzuk arte ikasle tipoa jatorriz gaztelaniatik zetorrena baitzen, baina gero eta gehiago dira ingelesetik eta beste hizkuntza batzuetatik datozenak. Horientzat eta euskal etxeetako ikasleei begira antolatuak ditugu, batez ere euskararen oinarrizko ezagutza eskuratzeko, materialak frantsesez eta ingelesez. Eta baditugu baita ere material berezituak prestatuak, hasiera urratsak egiteko, beste hainbat jatorritako etorkinentzat.

-Euskal etxeek bertako irakasleak lor ditzaten, ikasleak irakasle bihurtzea ere sustatzen duzue.

-37 irakaslegai ditugu momentu honetan formakuntzan, 29 Hego Ameriketan eta beste 12 Ipar Ameriketan. Lau urtetan egoten dira euskara ikasten, gero irakasle izateko konpromisoa hartuta. Urtean zehar euskara eskolak ematen dizkiegu online, Euskal Herritik. Horrez gain, Hego Ameriketan urtean bitan eta Ipar Ameriketan urtean behin barnetegi presentzialak ematen dizkiegu eta horietan lantzen ditugu bai alderdi didaktikoa, irakasle izateko, eta baita mintzamena eta ahozkotasuna ere. Prozesu hau segitu duen jende asko, gero bere euskal etxeko irakasle bihurtu da. Azken batean, euskal etxeek hori bilatzen dute, beren baliabideekin eta beren jendearekin, bestelako dependentziarik gabe eman ahal izatea euskara eskolak, kanpoko irakaslerik ekarri behar izan gabe. Oso esperientzia emankorra izaten ari da.

-Uste duzu Diaspora, bertako ahalegin, errealitate eta ekarpena aski ezagutua dela Euskal Herrian?

-Uste dut ez dela aski ezagutzen, nire inpresioa behintzat hori da, nahiz eta azken urte hauetan zuek eta zuek bezala beste batzuek egiten duten lanari esker euskal diasporaren errealitatearen berri ematen duten albisteak errazago eskuratzen ditugun. Nik uste dut, esaterako, EuskalKultura.com oso hedabide emankorra dela alde horretatik, etengabe ematen ari delako kanpoan bizi diren euskaldunen albisteak. Ni elkartzen naizenean euskal etxeetan ardura dutenekin, aztertzen ditugunean esku artean izaten dituzten jarduerak, ikastaro, hitzaldi eta bestelakoak, gertutik ikusten dut euskaldun izateko gogo horri nola eusten dioten, nola landu eta transmititzen duten belaunaldi batetik hurrengoetara, eta nola askok bukatzen duten euskara ikasita, hemen jaioak izan gabe eta Euskal Herritik urruti bizi arren. Hori guztiaren aurrean, argi konturatzen naiz errealitate aberats hori ez dugula behar bezala ezagutzen. Egia da baita ere, euskal literaturan eta liburugintzan gero eta isla handiagoa izaten ari dela Diaspora. Badira idazle oso ezagunak kanpora joan eta ezagutu dutenean errealitate hori beren obretan islatu dutenak eta horrek lagundu duela dibulgatzen kanpoko euskaldunen irudia.

-Atxagaz ari zara...

-Bernardo Atxagaz, Asun Garikanoz eta baita beste batzuez ere. Horien produkzioa nik uste txundigarria dela eta erakusten duela errealitate bat, konparazio Estatu Batuetan, askotan duela urte batzuk irudikatu ere egiten ez genuena. Hobeto ezagutzen dugu, beraz, Diaspora, duela urte batzuk baino, baina iruditzen zait oraindik harribitxi handia dela eta zer ezagutu asko dugula hortik.

-Zer egin beharko luke euskara ikasi nahi, eta euskal etxerik ez dagoen leku batean bizi den pertsona batek. Nora jo beharko luke?

-Zorionez, komunikazioaren teknologiei esker, pauso esanguratsuak eman ditugu azken urte hauetan eta gero eta aukera gehiago daude saio presentzialik gabe urrutitik ere ikasteko. HABEk homologatutako euskaltegien sarean ehun euskaltegitik gora daude eta horietako askotan, hiru modalitatetan ematen dira eskolak: presentzialean, semipresentzialean eta konbinatuan, eta baita autoikaskuntzan ere. Beraz, mundu edozein lekutatik, sarerako lotura bat izan ezkero oso erraz dago gaur egun euskara ikasteko modua. Aipatu ditugun 32.200 ikasleetatik, sei mila inguru ari dira autoikaskuntzako ikastaroak egiten eta horietatik zenbaki adierazgarri bat dira Euskal Herritik kanpo ikasten dutenak. Horri buruzko informazioa nahiko lukeenak www.habe.org webgunera jo dezake edo info@habe.org helbidera idatzi. Hor emango liokete behar duen informazioa aukerarik gertukoena non duen edo urrutiko sistemaren bat beharko balu, zein aukera dituen.

-Euskara ikasle diren edo euskara interes duten Diasporako jendeak irakurriko dute hein handi batean elkarrizketa hau. Ze mezu pasatu nahi zenieke?

-Euskal etxeetako lankideei eta euskara ikasten ari direnei mezu baikorra emango nieke: euskarak merezi du. Euskara ikastea merezi du eta gainera euskara ikas daiteke, ez umetan bakarrik, baizik eta heldutan ere, hori egunero ikusten dugun gauza da. Esango nieke baita ere euskara ikastea hizkuntza berri bat ikastea denez horrek pertsona aberastu egiten duela, pertsonari aukera gehiago ematen dizkiola eta, bistan da, gureratu ere egiten dituela; animatuko nituzte jarrai dezaten. Oraindik euskara ikasteko urratsa eman ez dutenei, euskal etxeen inguruan-eta mugitzen diren euskaldunei eta euskal herritarrei ere, merezi duela esango nieke, animatzeko. Aurretik askok eman duten pausoa da. Egin dezatela aproba: ikas daiteke euskara heldutan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia