euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Azkarragak Cusco hirian bukatu zuen Argentina, Bolivia eta Perura egin duen bost eguneko bidaia ofiziala

2008/04/22

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako sailburua, Gustavo Azpiazu UNLPko presidentearekin
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako sailburua, Gustavo Azpiazu UNLPko presidentearekin

PUBLIZITATEA

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak zenbait hitzaldi, mintegi eta bileratan partaide izan da edo eskaini ditu Argentina, Bolivia eta Perura burutu berria duen bost eguneko bidaia ofizialean. Hitzaldietan, 'Euskal gatazka eta Nazio Estatu harremana' (La Platan, Argentina) edo 'Autonomia: eredu juridiko politiko ekonomikoaren azterketa' (Santa Cruzen, Bolivia) izenekoak eta Cuscoko (Peru) mandatariekin edukitako bilerak nabarmendu dira hiru lurralde horietan garatu dituen jardunaldietan. Sailburua, 'Bisitari Ospetsu' izendatu zuten La Platako Unibertsitate Nazioanlean (UNLP) eta 'Ohorezko Bisitari' Cuscoko Unibertsitate Andinoan.
Joseba Azkarraga Justizia sailburuak ostegunean bukatu zuen Cuscon --ketxua hizkuntzan Qosqo da hiriaren izen ofiziala-- , Argentina, Bolivia eta Perura egin duen bost eguneko bidaia. Cuscon, lan-mahai batean aritu zen, eskualdeko Gobernuko presidente Hugo Gonzalezekin, eta haren lehendakariorde eta sailburuekin. Bileran, Andeetako mandatariak Cusco eskualdearen autonomia-prozesua garatzeko lankidetza hitzarmen bat sinatu nahi zuela Justizia Sailarekin adierazi zion Azkarragari. Eskualdeko Kontseiluak 'Huesped Honorario ('Ohorezko Apopilo') izendatu zuen Azkarraga.

Cuscoko bisitan, sailburuak 'Autonomia: eredu juridiko-politiko-ekonomikoaren azterketa' izenburuko hitzaldia eskaini zuen Universidad Andina del Cuscoko Zuzenbide eta Politika Zientzietako fakultatean. Bertako arduradunek, Azkarragaren ibilbide profesional eta politikoa aitortu nahi izan zuten 'Ohorezko Bisitari' izendatuz. Hego Amerikako bira azkar honi amaiera emateko, sailburua Cuscoko eskualdeko alkate guztiekin, eta Unibertsitateko errektorearekin eta errektoreordearekin bildu zen.

La Platako Unibertsitate Nazionalean

Hego Ameriketarako bidaia joan den astelehenean hasi zuen Argentinan Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, hasi ere Hernan Rodolfo Gomez UNLPko Zientzia Juridiko eta Sozialen fakultateko dekanoarekin bilduz. Ondoren, 'Euskal gatazka eta Nazio Estatu harremana' izeneko hitzaldia eskaini zuen, Unibertsitatean bertan. Eusko Jaurlaritzako Argentinako ordezkaria den Marieli Diaz de Mendibilek lagundu zuen bisitaldian.

[Hernan Gomez UNLPko Zuzenbideko dekanoarekin bilera. Bertan dira Marieli Diaz de Mendibil Eusko Jaurlaritzako Ordezkaria Argentinan, Azkarraga sailburua bera, Cesar Arrondo irakaslea eta Matias Arteaga Zuzenbideko irakaslea]

[Goiko argazkian, Azkarraga, Marieli Diaz de Mendibil eta Cesar Arrondo UNLPko irakaslearekin batera, UNLPko Zuzenbideko fakultatean]

Azkarragak Federico Storani-ren Zuzenbide Politikoko katedran eskaini zuen hitzaldia eta argentinar unibertsitateko Euskal Ikasleen Taldeak zabaldutako oharrak aipatzen duenez, ekitaldiak 'ikasle asko eta oro har bertako komunitateko kide asko bildu zituen'. Gustavo Azpiazu UNLPko presidenteak, bere aldetik, Eusko Jaurlaritzako sailburuari harrera egin eta 'Bisitari Ospetsu' izendatu zuen. Arratsaldez, Buenos Aires hiriburuan 'Nortasunaren Eskubidearen aldeko Arreta Zentroa' eta 'Maiatza Plazako Amonen Etxe Historikoa' bisitatu zituen Azkarragak. Ondoren Maiatza Plazako Amonen Elkarteak antolatutako 'Oroimena eta Giza Eskubideak' mintegian parte hartu zuen, Buenos Aireseko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean.

[Joseba Azkarraga sailburuak UNLPn eskainitako hitzaldira gerturatutako entzuleen irudia]

[Ezkerretik eskuinera, Pedro Mauregui Larranda, UNLPko 'Grupo de Estudiantes Vascos' taldekoa; César Arrondo irakaslea, Matías Arteaga abokatua, UNLPko presidente Gustavo Azpiazu arkitektoa, Azkarraga sailburua eta Sailburuaren Kabineteko aholkularia Arantza Fernandez de Jauregui]

Hitzaldia Santa Cruz de La Sierrako Unibertsitate pribatuan

Asteazkenean, Joseba Azkarragak, sistema autonomikoa ikertu zuen nazioarteko mintegi batean parte hartu zuen, Santa Cruz de La Sierrako Unibertsitateak gonbidatuta (Bolivia). Euskadiko errealitatea ezagutzeko interes handia zuen auditorioan bildutako ikusleen aurrean, argi utzi nahi izan zuen euskal politikariak, hitzaldiaren helburua informatiboa zela, 'Estatu Espainiarrean prozesu autonomikoa nola garatu den eta horrek Euskal Herriari zer ekarri dion ezagutzera ematea'. Bere esanetan, 'begibistakoa da herri bateko eredua ezin zaiola bere horretan beste bati aplikatu. Herri bakoitzak arazodiferenteak dauzka eta, horregatik, konponbideak ere ezin dira berdinak izan', adierazi zuen.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko arduradunak 'euskal gizarteak azken urteotan bizi izan duen aldaketa ikusgarria' azpimarratu zuen, estatu espainiarrean demokrazia iritsi zenetik egungo autogobernura heldu arteko gertakarien bilakaeraren gaineko bere ikuspegia azalduz. 'gizarte ireki eta solidarioa gara', esan zuen, 'egoera zailenen aurrean erreakzionatzeko gauza izan den gizartea', 'justizia sozialik gabe aurrerapenik ez dagoela dakiena', 'desberdintasunen aurka eta herritar guztien eskubide zibil eta politikoen alde borrokatu gabe etorkizunik ez dagoela argi ikusten duen gizartea', esan zuen.

'Euskal politika sozialak, Espainiako Estatuko aurreratuenak'

Azkarragak Eusko Jaurlaritzaren urteko aurrekontuaren % 72,5 gizarte gastuek (osasuna, hezkuntza eta gizarte babesa) osatzen duela adierazi zuen baina, ez zuen alde batera utzi nahi izan badaudela 'konpondu behar eta konpondu nahi ditugun arazoak, ahuleziak, gabeziak eta bidegabekeriak'. 'Argi dugu', esan zuen, 'herrialde baten indarra, oinarrian, sektore behartsuenei ematen dien laguntzetan ikus daitekeela; eta, zalantzarik gabe, gure gizarte-politikak Espainiako Estatuko aurreratuenak dira, alde handiz', adierazi zuen Santa Cruzeko Unibertsitatean eskainitako hitzaldian.

1978ko Konstituzioaren aurreko epearen azalpen labur baten ondoren, Gernikako Estatutuaz aritu zen Joseba Azkarraga, nabarmenduz 'batzuk aurka egon arren --'muturreko eskuinak eta euskal ezker erradikalak ez zuten ontzat eman', esan zuen--, une historiko batean autogobernura iristeko eta elkarbizitza baketsua arautzeko euskal gizarteak hartu zuen marko juridiko-politiko gisa eratu zen'.

Estatutu Politiko Berriaren proposamena

Espainiako Estatuan bizitako 'garai beltza' ere gogoratu zuen Santa Cruzeko hitzaldian Joseba Azkarragak, alegia 'Jose Maria Aznar Espainiako gobernuko buru egon zen denboraldia (1996-2002)'. 'Euskal abertzaleen aurkako konfrontazio bortitzeko etapa bati ekin eta autonomiaren erabateko blokeoa izan zen bera buru izanik Espainiako Gobernuak hartu zuen bidea', aitortu zuen Azkarragak.

2004ko abenduaren 30ean Legebiltzarrak onartutako Estatutu Politiko Berriko proposamenaren hiru zutabeak gogoratu zituen sailburuak: 'Euskal Herria nortasun propioa duen eta bi Estatutan kokatzen diren hiru esparru juridiko-politiko desberdinetan ezarrita dagoen Herri gisa badela ziurtatzen duena'; 'Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela' baieztatzen duena; eta 'eskubide hori herritarrek kontsultatuak izateko duten eskubidea errespetatuz gauzatuko dela' dioena'.

Kritika eta deia Zapateroren gobernuari

Azkarragaren ustetan, 'PSOEk eta Rodriguez Zapaterok beldurra izan diote Espainiako estatuaren egituraketa berriari errealitate nazioanitza abiapuntu hartuz ekiteari'. Euskal Autogobernuari dagokionez, aurreko legegintzaldia 'zurian pasatu zen'. Sailburuak deia luzatu zion Zapaterori esanez Eusko Jaurlaritzaren jarrera politikoa 'akordiora iristeko zabalik dagoen eskua' dela. 'Une hauetan presidente aukeratu berri duten Zapaterok zabalik den esku ireki hori onartzen duen ala ez behar du erabaki', 'euskaldunen erabakitzeko eskubidea onartzeko borondate politikoa duen ala ez behar du erabaki'.

Sailburuak ziurtatu zuen 'euskal gizartearen adierazpen askea gauzatu egingo dela', eta klase politikoak emaitzari men egin beharko diola, 'ez baitago erabaki demokratiko baten aurka erabil litekeen indarraren arrazoirik'. Are gehiago, 'ez dugu hitzarmen nazionalista nahi, hitzarmen demokratikoa baizik', esan zuen. 'Berriro adierazten dut Eusko Jaurlaritzaren eskua zabalik dagoela. Gure ibilbide-orria ezaguna da, eta negoziazioaren elementu giltzarria izan dadin nahi dugu', amaitu zuen.


Lotura interesgarriak

Joseba Azkarragaren bidaia ofiziala Argentina, Bolivia eta Perura
2008ko apirilaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskadi eta Txileren arteko Justizia akordioa
2008ko urtarrilaren 24ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia