euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Azkarraga Mendozara iritsiko da bihar, Argentina eta Uruguaira egiten ari den bisita-sortaren barruan

2007/08/20

PUBLIZITATEA

Aurrera segitzen du Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua Argentina eta Uruguaira egiten ari den bisitak. Itzuliak ekarriko dituen emaitzen artean Plaza de Mayoko Amonen Elkartearekin sinaturiko akordio bat eta beste zenbait, Mendoza eta Santa Fe probintzietako erakunde desberdinekin. Santa Fen izan ere, ostegunean Gernikako Haritzaren Plaza inauguratuko du, Arrasaterekin senidetua den Sunchales herrian. Azkarraga Uruguain egon zen joan den asteazkenean eta Eusko Jaurlaritzaren eta Uruguaiko Botere Judizialaren arteko 2004ko protokoloaren 2007ko gauzapen plana izenpetu zuen.
Eusko Jaurlaritzaren eta Argentinako Gobernuaren arteko lankidetza egitasmoen testuinguruan, Euskadiko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza saila akordioak sinatzen joan da, modu berezian enpleguarekin zerikusia daukaten gaietan, lehenik Santa Fe probintziako gobernua eta bertako udalekin eta abiapuntu horrekin izpiritu bera beste probintzia batzuetara joan da hedatzen Ameriketako Cono Sur delako parte honetan.

Jokamolde honetan urrats berriak finkatzeko asmoak eramango du bihar Mendozara Azkarraga sailburua, Mendoza probintziako Ekonomia eta Gizarte Garapen ministerioarekin akordio berriak sinatzera. Hiriburu mendocinoCooperativas y Mutuales izeneko departamentuko buruekin ere bilduko da.

Mendozan, Lanbide eta kooperatibismoa

Kordillerape horretan eskuartean dauden proiektuek bi alor ukitzen dituzte. Batetik, Azkarragak 'Lanbide' programa aurkeztuko du, Euskadin zinez arrakastatsua dena, sailburuak esan duenez. Ardatza, lanik gabe dauden jendeak errezibitzen dituzten bulegoak sortzea da, eurak berriz ere lan munduan sartzea trebakuntza ematearen bidez erraztuz edota enplegu-emaile izan daitezkeenekin bitartekaritza eginez.

Bestetik, kooperatibismoa. Duela pare bat urte Santa Feko probintzian abiarazitako ereduari jarraiki, Mendozan ere formakuntza emaileen formakuntza hasteko asmo sendoa dago, hauek gero euren aldetik kooperatibismo egitasmoa produkzio sektoreko beste batzuei transmititzeko gauza izan daitezen.

'Gernikako Haritzaren Plaza' inauguratzea Sunchales-en

Azkarragaren egitarauak Mendozatik Santa Fe probintziara eramango du sailburua, Santa Fe hiriburura lehenik. Bertan hiruko konbenio bat sinatuko du Probintziako Lan Idazkaritzarekin, hau baita ere enplegu politika eta lanerako formakuntza alorrekoa; eta FISOrekin (Fundación Iberoamericana de Seguridad y Salud Ocupacional), bestetik, azken hauekin lan arriskuen aurreikuspen alorreko aholkularitzarako.

Ondoren, Santa Fe probintziako mugetan baina Sunchales hirira joanez, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak 'Gernikako Haritzaren Plaza' inauguratuko du Gipuzkoako Arrasaterekin senidetua den hiri honetan, Gonzalo Torriselli alkate bertan egonik. Ekitaldi horretan Euskadi eta Argentinaren arteko adiskidetasun eta alkartasuna aipatzen duen plaka bat desestaliko da.

Oroimen Historikoari buruzko Biltzarrak 2008 eta 2009an

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza saila Jaurlaritzan alor gehien biltzen dituena denez gero, Azkarragak bestelako gaiekin hasi zuen joan den abuztuaren 13an Argentina eta Uruguaira egiten ari den bidaia hau, Plaza de Mayoko Amonen Elkartearekin akordioa sinatzen Buenos Airesen hain zuzen. Tratuak Oroimen Historikoa berreskuratzea eta Giza Eskubideen defentsa hartzen du ardatz eta bi nazioarteko kongresu aurreikusten ditu Buenos Airesen 2008ko seihilabetekoan, beste bi Euskadin 2009an, eta baita ere bi argitalpen, kongresuotan aurkeztutako hitzaldi eta lanak bilduz. Bietan partzuer arituko dira Eusko Jaurlaritza eta Plaza de Mayoko Amonen Elkartea.

Gai honi dagokionez, Azkarragak bilkura egin zuen Buenos Airesen baita ere Adolfo Pérez Esquibel Nobel saridunarekin eta solasgai hartu zituzten, besteak beste, Euskal Herriko bake prozesuarekin zerikusia daukaten gaiak. Pérez Esquibelek, beste behin, bere jarrera ona agertu zuen bere eskuetan dauden gauzak egiteko Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko.

Ordezkaritza, garrantzitsua Euskadirentzat

[Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzak Buenos Aireseko Puerto Madero auzoan daukan 'Euskadiren Ordezkaritza Argentinan'eko egoitzako terrazan (argazkia EuskalKultura.com)]

EuskalKultura.com-ekin izaniko elkarrizketan, Azkarragak akordio guzti hauetarako joan den urte amaieran Buenos Airesen zabaldu zen Euskadiko Ordezkaritzan daukan garrantzia azpimarratu nahi izan du, Diasporako erakundeen eta Euskadikoen arteko lotura lana egiten baitu: 'Buenos Aireseko Ordezkaritza --dio-- funtsezko lan bat ari da egiten proiektu hauek guztiak gauzatzea ahalbideratzen baitu. Gaur egun iristen zaizkigun eskabide gehientsuenak Ordezkaritza medio heltzen zaizkigu'.

Geroari begira, Azkarragak argi ikusten du tankerako akordioak sinatzen segitzeko aukera, honelako egitarauak beste probintzia batzuetara hedatuz. Aldi berean, aurreratu du hizketan ari direla Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin 'Euskal Herrirantz' programa berriz jar dadin indarrean, gazte euskal-argentinarrak bidaiatu ahal izan daitezen Euskadira, lanbide heziketa eta oro har formakuntza alorreko ikastaroak egiteko.

Buenos Aires eta Montevideon hasitako bidaia

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren itzulia, esan bezala, joan den abuztuaren 13an hasi zen eta aipatutako Plaza de Mayoko Amonen Elkartearekin eta Pérez Esquivelekin izaniko bilkurez gain Azkarragak Laurak Bat Euskal Etxea bisitatu eta bertako lagunak agurtzeko aukera izan zuen, erakunde honek 130 urte betetzen zituela-eta egindako ekitaldien karietara.

Buenos Airesetik Azkarraga Uruguaiko hiriburura joan zen eta akordio bat sinatu zuen nazioko Justizia Gorte Gorenarekin, informatika alorrari zegokiona bereziki. Justizia informatizatzeko neurri batzuk aurreikusten ditu, horien artean aditu uruguaiarren egonaldia Euskadin eta Euskadiko Justizia Administrazioarekiko Harremanen Zuzendaritzako teknikari batena Uruguain, eta euskal lankidetza finkatzen du Informatika arloko Trebakuntza Zentru bat sortzeko Montevideon. Azkarragak sinatu zuen alde batetik, eta bestetik Uruguaiko Gorte Goreneko lehendakari den Sara Bossiok eta erakunde horretako idazkari letratua den Martha Chao de Inchausti epaileak.


Lotura interesgarriak

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza saila
www.juslan.ejgv.euskadi.net

Plaza de Mayoko Amonak Elkarte Zibila
www.abuelas.org.ar

Arrasate, Euskal Herrian, eta Sunchales, Argentinan, senidetuak
2007ko otsailaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

Ibarretxek Argentinako Ordezkaritza inauguratu du
2006ko urriaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana

Joseba Azkarragaren bisita Santa Fe probintziara
2006ko urriaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana

Arrasateko udal ordezkaritza Sunchales-en bisitari
2006ko uztailaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

Azkarraga Argentina, Uruguai eta Bolivian
2006ko martxoaren 6an EuskalKultura.com-en argitara emana

Azkarraga, Buenos Aires probintziako Diputatu Ganberan
2006ko martxoaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia