euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Azkarraga Justizia sailburuak Argentina, Bolivia eta Perura bidaia ofiziala hasiko du astelehen honetan

2008/04/12

Joseba Azkarraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua
Joseba Azkarraga, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua

PUBLIZITATEA

Joseba Azkarragak, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, astelehenean Buenos Airesen ekingo dio bidaia ofizialari. Bost eguneko iraupena izango du bidaiak eta Argentinaz gain Boliviako Santa Cruz hirira eta Peruko Cuzcora ere eramango du. Buenos Airesen egingo duen egonaldi laburrean Azkarragak hainbat mintzaldi eskainiko ditu eta Maiatzeko Plazako Amen elkarteak antolatu duen mintegian parte hartuko du.
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren bidaia Buenos Aires probintziako La Plata hiriburuan hasiko da, hitzaldi bat emanez La Platako Unibertsitateko Zientzia Juridiko eta Sozialen Fakultatean, Zuzenbide Politikoari buruzko ikastaro baten barruan. Hitzaldiaren izenburua 'Euskal gatazka eta Nazioaren eta Estatuaren arteko harremana' izango da.

Astelehen horretan bertan, arratsaldez, Buenos Aires hiriburuan Nortasunaren Eskubidearen aldeko Arreta Zentroa eta Maiatza Plazako Amonen Etxe Historikoa bisitatuko ditu Azkarragak. Ondoren Maiatza Plazako Amonen Elkarteak antolatutako 'Oroimena eta Giza Eskubideak' mintegian parte hartuko du, Buenos Aireseko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean. Mintegia amaitutakoan, lan-bilera izango du Francisco Etxeberria auzitegiko antropologoarekin, Mercedes Dorotti antropologoarekin eta Marcelo Castillo Maiatza Plazako Amonen Familia Artxibategi Biografikoaren koordinatzailearekin.

Bolivia eta Perun

Biharamunean, asteartean, Boliviako Santa Cruzera joango da saiburua eta asteazkenean beste hitzaldi bat emango du, 'Autonomia: eredu juridiko, politiko eta ekonomikoaren azterketa' izenburupean, Santa Cruz de la Sierrako Unibertsitate Pribatuko Areto Nagusian.

Sailburuaren bidaia Perun amaituko da. Hilaren 17an Hugo González Cuzcoko Eskualdeko lehendakariarekin bilduko da, eta horren ondoren Eskualdeko Kontseiluaren Bilkuran parte hartuko du. Han 'Eskualdeko Gobernuko Pertsonaia Prestua' ohorezko goraipamenaren zeremonia egingo dute. Hilaren 18an beste bilera bat aurreikusten da, bertako Botere Judizialeko magistratuekin eta, horren ondoren, San Antonio Abad Unibertsitate Publikoko —bertan ere hitzaldia emanez— errektore eta errektoreordearekin bilduko da. Unibertsitate horrek ohorezko goraipamena emango dio Azkarragari.


Lotura interesgarriak

Euskadi eta Txileren arteko Justizia akordioa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko urtarrilaren 24ean

Azkarraga sailburuaren bidaia Dominikar Errepublikara
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008 urtarrilaren 19an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia