euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Joseba Attard, Bedaronako Olabe baserria biziberritu nahi duen diseinatzaile, surfista eta artile-moztaile euskal ingelesa

2016/11/16

Ilunabarra Bedaronako Olabe baserrian (argazkia Olabe Project)
Ilunabarra Bedaronako Olabe baserrian (argazkia Olabe Project)

PUBLIZITATEA

Joseba Attard abenturatan buruz murgiltzen den horietakoa da. 27 urterekin bere jaioterria, Ingalaterra, utzi zuen eta Euskal Herrira etorri zen bizitzera, amaren hizkuntza ikastera. "Nire familian euskara galduko zen bestela", dio berak. Hemen diseinatzaile grafikoa, surfista eta artile-moztailea izan da. Orain, bera emazte eta alabarekin batera, bide berri bati ekin dio: Bedaronako 400 urteko baserri bat biziberritzea, kultur topagune bihurtzeko asmoz. Abentura honetan parte hartu nahi? Olabeko ateak irekita dituzu!

Bedarona, Bizkaia. Diasporan esperientzia nahiko ohikoa da etxea atzean utzi eta bizi berri bat hastea, leku berri batean. Adibidez, Ispaster, Bedarona eta Ea herrietatik gazte asko joan ziren artzain Ameriketara aurreko belaunaldietan, familia eta baserria utzita.

Orain, aldiz, Bedaronako baserri haietako batek familia bat hartuko du, bizi berri bat hasteko gogotsu. Etxea Olabe da, 400 urtetik gora dituen baserri ederra. Familia, istoria eta jatorri nahiko berezia duen abenturazale eta ekintzaile sendi bat, Attard familia. Josebak, Joanak eta haien alaba Nahiak baserri hau biziberritu nahi dute, kultur topagune eta baserrie-eskola bihurtzeko asmoz.

Slow life, euskaraz eta ingelesez

Abentura honetan atzean utzi dute Elorrion zuten bizimodua: Josebak ibilbide polita egina du diseinu grafikoaren munduan -- oso ezagunak batzuk, Korrika eta Durangoko Azokarako-- eta Joanna irakaslea zen. Euren ametsa Olabe baserriari bizi berria ematea da, eta horrela baserria salbatzea. Horretarako, Olabe topagune bihurtu nahi dut; slow life delakoaz eta baserriko bizimodu tradizionalaz gozatzeko aukera emango duen gunea, eta gainera euskaraz, zein ingelesez.

"Gure ideia zera da, ikastaroak eskaintzea, ikastolentzako lantegia, mintegiak... baserriko bizitza erakutsiz", azaldu dio Josebak EuskalKultura.com-i. "Gaur egun 200 orduko abiadan bizi gara, teknologiaz inguratuta, baina oinarrizko trebetasunak galtzen ari gara. Horregatik nahi dugu umeak hona etorri eta adibidez, ogia egiten ikas dezatela, eta gainera, zergatik ez, euskeraz edo ingelesez! Horiek dira eta gure hizkuntzak".

Surflari eta artile-moztaile

Eta nagusiei agian ardiei ilea-mozten erakutsiko die Josebak, hori baita bere afizioetako bat. Attard-en aita artzaina izan zen Ingalaterran, eta txikitandik mundu horrekin harremana izan du Josebak. "Betidanik nahi izan nuen ardiei ilea mozten ikastea, baina ezkerra naiz eta tresna eskuin eskuarentzat zeuden eginda. Baina duela urte batzuk Arantzazuko Artzain Eskolan izan nintzen eta han ikasi nuen"; agertu du. Harrezkero, urtero tarte bat hartzen du eta inguruetako baserrietako artalde txikiei ilea mozten ibiltzen da. 

Josebaren beste zaletasun bat surfa da, eta horrek ere izango du lekua Olaberen proeiktuan, Bizkaiko kostako hondartza ederretako olatuei esker. Eskarmentua du horretan Attardek, Cross Culture Surf izeneko egitasmoaren sustatzailea izanik. Ekimen honen bitarteaz atzerriko neskamutilak Euskal Herrira ekartzen dituzte surfa egitera, eta hemengoak atzerrira eraman. Irlandarekin egin dituzte saioak, Japoniarekin ari dira beste bat prestatzen datorren urterako eta Iranen ere izan dira, hango gazteei surfean erakusten (ikus bideoa, hemen).

Auzolanerako gonbitea

Olabeko lana hasi baino ez da egin, eta luzea izango da, berritzeko asko dago eta.Horretarako, Joseba eta bere familia euren inguruko sare zabalaren -Inglaterra eta Euskal Herria batzen dituen sarearen-- laguntza jasotzen ari dira. Baina Olaben laguntzeko gogoa duen edonori irekitzen dizkiote ateak.  

Azken asteotan lagun asko hasi dira Olabetik pasatzen, batzuk Ingalaterratik etorriak, eta han ibili dira, sasiak mozten, korta garbitzen... bakoitzak ahal duenean edo dakienean laguntzen. Alegia, auzolanean, edo Josebak ingelesez dioenez "many hands make light work" (esku askok lana arintzen dute). Zuk ere abentura honetan parte hartu nahi baduzu, jarri eurekin harremanetan Olabe proiektuaren Facebook orrian. 

Belgikan, esaterako, aste honetan Olaberi laguntzeko Txitxiburduntzi bat egingo dute, Bruselako Euskal Etxeko Txalaparta abesbatzaren partehartzearekin. 

Guk adi-adi jarraituko dugu proiektua, eta EuskalKultura.com-etik partehartzeko gonbitea helarazi nahi diegu bereziki inguru hauetan jatorria duten AEBetako Oesteko euskaldunei. Sustraiekiko lotura biziberritzeko aukera aparta izan daiteke!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia