Joseba Etxarri. 'Jose Antonio Aramayo' dio bere nortasun agiriak, baina bere lagun eta ingurukoek Joseba deitzen diote. Ondarroan jaio zen 1944an, baina lau urte baizik ez zituela La Platara emigratu zuen familiarekin, eta Buenos Aires probintziako hiriburuko Euzko Etxearen gerizpean hazi zen, anaia-arrebak bezala dantzari, eta txistulari. Kirol arloan, atezain gisa hasi zuen Argentinan karrera eta, 23 zituela itsasontzia hartu eta Espainiara joan zelarik soldaduska egitera, bertara aldatu ahal izan zuen zaletasun eta lanbide hori, eta zenbait urtez aritu zen langak jagoten, Alaves, Mirandes, Real Valladolid, Almeria eta Rayo Vallecano taldeetan hurrenez hurren. 32 urterekin jokalari botak eskegi eta fisioterapia eta masajista gisa segitu zuen aldageletan, 2011an erretiratu arte. bi urte A Corunako Deportivon eta gainerako 32ak Real Valladoliden emanik. Izan ere, sorrera unetik da Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeko bazkide eta bertara gonbidatu ohi ditu Valladolid taldeko lagunak. Marmitakoa gutxik bezain ongi prestatzen omen du.
Aita bizkaitarra, Ondarroakoa, ama gipuzkoarra, Aizarnazabalgoa, umea zinela emigratu zenuten Argentinara.
-Itsasontziz joan ginen, 1948an. Dirudienez ni ez nengoen oso konforme eta nire kexuen aurrean aitak esaten omen zidan, "isildu hadi eta segi arraunean". Anaia zaharrena, Iñaki, eta biok joan ginen. Ama haurdun zegoen, zazpi hilabetekoa, eta anaia-arrebetan hirugarrena, Beatriz Ester, La Platan jaio zen. La Platako Euzko Etxea sortu berria zen orduan, ni jaio nintzen urte berean, eta iritsi berritan gurasoei bertako jatetxeko ardura hartzea eskaini zieten. Beraz, instituzioaren barruan haziak gara: Euskal Herrian bezala hazi gintuzten, Euskal Herrian bezala ikasi genuen dantzan, han bezala ibiltzen ginen jolasean eta euskal janari ohiturak genituen, guztia Ondarroatik hamar milatik gora kilometrora.
La Platan, musikan, perkusio jotzaile eta futbolean, atezain ibili zinen.
-Gogokoa dut musika eta gaztetandik jo nuen orkestretan eta zenbait taldetan. Hona etorri baino apur bat arinago saltsa orkestra handi batean sartu eta 1967an Espaniara abiatu arte aritu nintzen. Atezain gisa, Estudiantes-en jokatu nuen, La Platako liga amateur-era pasatu eta Club Atenas-en ere ibili nintzen. Gero, lagun batekin, Espainiara abiatu nintzen. Soldaduska egitera deitu ninduten eta Armadak bidaia ordaintzen zidan ontziz. Gurasoei ez zien batere graziarik egin, baina nik bide berriak urratu nahi nituen eta saiatu nahi nuen hemen, musikari edo futbolari bezala, gero, urte batzuren buruan, atzera joateko. Azkenean soldaduska Gasteizen egin nuen eta Alavesekoek hartu ninduten atezain. Bi denboraldi eman nituen han, 68tik 70era.
Alavesen Puskasekin entrenatu eta Mirandes, Real Valladolid, Almeria eta Rayo Vallecano-tik pasatu zinen, ia hamaika urte. 77an futbolari karrera bukatzea erabakiko duzu eta masajista hastea. Hor em ango dituzu bi urte Deporren eta 32 Real Valladoliden. Valladoliden finkatu eta sortuko duzu familia.
-Hala da. Rayo utzi nuenean ezkondu nintzen, 76an. Emaztea ondarroarra dut eta Valladoliden bizi bagara ere, nire bi semeek ederto egiten dute berba euskaraz, amarekin beti, beraz Euskal Herrira goazenean gustura dabiltza. Zintzo eusten diot baita ere La Platarekiko harremanari. Han bizi ditut bi anaia-arrebak, lau ilobak eta euren seme-alabak ere. Gustatzen zait, ahal badut pare bat urtero, bisitatxoa egitea. La Platako Euzko Etxeak nire etxea bezala izaten segitzen du.
Valladoliden, zu eta zure familia bertako Gure Txoko Euskal Etxeko bazkide zarete.
-Bertako lehendakaria izandakoa naiz eta Zuzendaritza Batzordekide iaz arte. Segitzen dut parte hartzen antolatzen dituzten irteera, kontzertu, elkarretaratze eta abarretan. Valladolideko euskaldunek, honelako elkarte bat sortzeko gauza izan izana eta 'Gure Txoko' hor egotea harro egoteko gauzatzat daukagu. Ni bizpahirutan joaten naiz astero egoitzara, Noiz edo noiz Valladolid taldeko lagunekin ere, deitzen baitidate, batzuetan hamaikakoarekin eta ingurukoekin bazkaltzeko-eta. 40-50 bagara, emazteak laguntzen dit. Marmitako on bat haragi txuletoi eder batek lagunduta aise prestatzen den gauza da, haragia argentinarra, jakina. Anfitrioi ona izatea gustatzen zait.
Badakit Diasporako berriak etengabe jarraitzen dituzula.
-Diasporako parte sentitzen baitut nire burua eta harro nago horretaz. EuskalKultura.com-en irakurlea zintzoa naiz eta benetan eskertzen dizuet egunero nire ordenagailuan sartu eta munduko euskaldunen berriak ekartzea. Asko pozten nau munduko euskal gizataldeek garatzen dituzten jarduera horien guztien berri izateak. Burura datorkit La Platako Euzko Etxea, lau belaunaldi euskal suziari gogor eusten...Uste dut herri gutxik daukatela euskaldunek daukaten indar eta kemena euren kultura, izaera eta nortasunari eutsi eta hura atxiki eta geroa ematen segitzeko. Poz handia hartzen dut euskal etxeek egiten dituzten gauzez irakurtzen dudanean, eta gustatuko litzaidake eskatzea horretan segi dezaten, gogor eustea eskatzea, eta zorionak bidaltzea hemendik munduko euskal etxe guztiei.