euskal diaspora eta kultura
2013/12/16
PUBLIZITATEA
Leire Gondra/Deia. Joseba Andonik rocka maite du. Metallicak zoratzen du. Eta Aerosmithek. Eta gitarra txiki batekin bere heroien plantak egiten saiatzen da. Ume berezia da. Oso. Mutiko bakioarrak zortzi urte ditu, irribarrre liluragarria eta batere erraza izan ez den bizitza... Izan ere, hamaika hilabete eskas zituela piszina batean itotzear izan zen. Bizitza salbatu zuen. Baina gertaera harek bere garapenean eragin duten ondorioak utzi zituen. Bere amatxuk, Eneritz Larrazabalek, AEBetan semeari lagunduko zion ospitale baten berri izan zuen eta, birritan pentsatu barik, hara joan zen. Atlantikoz bestaldera joan zen, Joseba Andoni eta bere anaia gaztea, Anaitz, hartuta. Gaur, sei urte beranduago, Miamiko Euskal Etxea buru belarri ari da lanean Joseba Andoniri errekuperatzen lagunduko dion tratamendu berri bat ordaintzeko dirua biltzearren.
Piszinako istripu hark betirako marka utzi zuen familia honen bizitzan. Eneritzen esanetan, nabaritzen zuten Joseba Andoniren garapena ez zela normala. Medikutik medikura ibili ostean, umeak ez zuela berriz hitz egingo, ez zela berriz ibiliko esan zioten; eta semea konbultsioak jasaten ikusi eta gero, Eneritzek Floridara joatea erabaki zuen, orduan bi urte zituen Joseba Andonik Miami Children´s Hospital-en tratamendua jarrai zezan. "Han esan ziguten behin-betiko sendabiderik ez zegoela, baina bere bizi kalitatea hobetuko zela", azaldu du Eneritzek.
Urteotan Joseba Andoniren hobekuntza nabarmena izan da, baina zortzi urte bete zituenean ospitaleko laguntza-programatik kanpo gelditu zen. Baina Eneritzek ez zuen amore eman. Bere semeak aurrera egin behar zuen. Ama zelulekin egiten den tratamendu baten berri izan zuen, arrakasta portzentai altua duen tratamendu baten berri. Gauzak horrela, Miamiko Euskal Etxeak familiarekin bat egin eta tratamendurako dirua biltzen laguntzea erabaki zuen.
[Abendu hasieran Miamiko Euskal Etxeak dirua biltzeko piknika egin zuen. Beheko iladan, Joseba Andoni (argazkia Larrazabal/Deia)]
Boni Guenetxea Miamiko Euskal Etxeko presidentea da. Elkartea birtuala da gaur egun, diru arazoak medio egoitza utzi egin behar izan zuten eta. Boniren eta elkarteko kideen helburuetako bat euskal etxea bizirik mantentzea da. "Larrazabaldarrak Aberri Egunean jarri ziren gurekin harremanetan. Gure helbururako, Euskal Etxea bizirik mantentzeko. Berri oso ona izan zen, euskaldun peto-peto direlako eta Bermeo, Bakio eta Busturialdeko musika eta folklorea ondo ezagutzen dutelako. Miamira Jai-Alaietan jokatzera etorri aurretik hantxe bizi nintzen ni", azaldu du Bonik. Halatan, euskal etxean txistu eta danbolin klaseak ematea proposatu zion Eneritzi.
Baina Larrazabal familiaren egoeraren berri izan zuenean, Bonik argi ikusi zuen lehentasuna beste bat zela. "Eneritzek gure behar handiago zuela konturatu nintzen, guk bere musika klaseena baino", agertu du. Euskal Etxeko beste kide batekin hitz egin zuen, eta argi ikusi zuten biek bakioar gazteari errekuperatzen lagundu behar ziotela. "Andoni sendatzen denean, orduan joko dugu txistua, ospatzeko", amaitu du Bonik.
-Artikulu osoa, gaztelaniaz, Deia-n
-Sostengu kanpainan lagundu nahi baduzu, eta donazio bat egin nahi izanez gero, jo Miamiko Euskal Etxearen webgunera
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus