euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Otondo argentinarrak Euskal Herrira bidaian eginiko margoak ikusgai ipini ditu Concepción del Uruguayen

2007/05/29

Erakusketako irudietako bat, 'Iturri' izenburua duena
Erakusketako irudietako bat, 'Iturri' izenburua duena

PUBLIZITATEA

Elizondo, Erratzu, Donostia, Baztan bailarako kale eta txokoak, marra biziekin eginiko Nafarroako zelaiak... horietxek eta beste askok osatzen dute Jose Otondok Concepción del Uruguay herrian (Argentina) aurkezten duen erakusketa. Margolari euskal argentinarrak iaz Euskal Herrira eginiko bidaian margotu zituen eta Concepción del Uruguayen hilabete osoan ikusgai izan ondoren datozen hilabeteetan Rosarion eta Río Cuarton ere erakutsiko ditu.
Marrazki eta Grabatuaren 'Guaman Poma' Museoan Jose Otondo margolariaren marrazkien erakusketa bat dago ikusgai hilabete honetan, Ricardo Ajler egilearen marrazki eta grabatuekin batera. Otondo euskal argentinarraren artelanek Euskal Herriko hainbat bazter eta txokoen irudiak dira. Chascomusen bizi da Otondo baina joan den urteko urrian bere familiarekin Europara bidaia egin zuen familiaren sorterria ezagutzeko.

'Nire aiton-amonak, Santiago Otondo eta Eleuteria Goñi, Baztangoak ziren. Nire aita José Otondo zen eta amaren abizena, Seillant, Iparraldekoa da. Bi urte dira nire alaba Manuela Madrilen bizi dela eta joan den urrian bisita egin genion eta bide batez Segovia, Toledo, Bartzelona, Euskal Herria eta Parisera ere bidaia egin genuen', azaldu dio Otondok BasqueHeritage.com-i. Bidaian zehar, margolari eta arkitektu euskal argentinarrak bere koadernoetako orrietan jaso zituen Euskal Herriko eta gainerako tokietako paisaia eta herriak.

150 bidai-krokis

'Elizondo landetxe batean ezarri genuen kanpamendua, eta Amaiur, Erratzu, eta azkenik 'Iruitarrengo', gure aiton-amonen etxea bisitatu genuen. Nire alaba Manuela, bere senar Gastón eta nire emaztea joan ginen eta esperientzia zoragarria izan zen. Bazter haietan 150 bat marrazki egin nituen, paisaia, arkitektura, margoak... Etxean bueltan marrazkiak digitalizatu eta kolorea eman nien, tamaina handituz A3 orri baten neurria hartu arte, afitxe baten tamaina', azaltzen du Otondok. 'Marrazki azkarrak, biziak dira eta kasu batzuetan aldaketa pertsonal batzuk egin nituen irudietan'.

Marrazki hauek osatzen dute hilabete honetan zehar Concepción del Uruguayko 'Guaman Poma' Museoan ikusgai ipini den erakusketa. Datozen hilabeteetan marrazki bilduma hau Rosarion ere ikusi ahal izango da eta uztailean Rio Cuarto Córdobara eramango ditu Otondok. [Ezkerreko irudietan Jose Otondoren marrazki batzuk. Goitik behera: Elizondoko paisaia bat, Kontxako badia Donostian eta zelaiak Baztango bailaran]

Euskal Diasporako saga bat

José Otondok harreman estua dauka euskal Diasporarekin eta bere herrian, Chascomusen, Zingirako Euskaldunak Euskal Etxearen jardueratan parte hartzen du. Berak eta bere alabak, adibidez, Euskal Etxearen patioan Picassoren 'Guernica' muralaren kopia bat egin zuten. Gainera Otondo Diasporan ibilbide zabala izan duen saga baztandarreko kide da. Margolaria eta bere familiakoak parte hartu zuten Otondotarrek Chascomusen egin zuten topaketan. 'Familiako kide asko izan ginen bertan. Kontuan izan nire aitaren familian bost anai-arreba garela eta ia denek bost seme-alaba inguru izan ditugu', azaltzen dio gure buletinari.

Familia eta bere sustraiekin duen harreman estua nabaria da Otondoren erakusketan. 'Bidaiaren kronikan Mercedes Sosa kantariaren hitzak erabiltzen ditut --y uniré las puntas de un mismo lazo-- horrekin azaltzeko Argentinan jaiotako batek arbasoen sorterrira joan eta bere iraganarekin kontaktua egiten dueneko une zoragarria'.

[Goiko irudian Otondo familiako kideak Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxean egin zuten 'Guernica'ren muralean lanean]


Lotura interesgarriak

Otondo familiaren web gunea
www.otondobaztan.com

200 Otondo bildu ziren familiaren IV Topaketan
EuskalKultura.com-em argitaratua 2006ko azaroaren 7an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia