euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Mujica presidente uruguaitarraren erroak Gipuzkoako Astigarreta, Azpeitia eta Tolosan daude

2015/01/28

Jose Mujica 2015eko martxoaren 1era arte da Uruguaiko lehendakari. Bere adarreko muxikatarrak Astigarreta, Azpeitia eta Tolosatik datoz (argazkia Primicia.com)
Jose Mujica 2015eko martxoaren 1era arte da Uruguaiko lehendakari. Bere adarreko muxikatarrak Astigarreta, Azpeitia eta Tolosatik datoz (argazkia Primicia.com)

PUBLIZITATEA

Hala baitetsi du Mikel Prieto Eusko Ikaskuntzako kideak agintari uruguaitarraren zuhaitz genealogikoa egin ondoren. Laurehun urte atzera egin ditu XVI. mende amaieran Gipuzkoako Astigarreta herrian kokatu arte. Hangoa zen topatutako arbaso zaharrena, bertatik geroago Azpeitiako Urrestillara eta Tolosara aldatu zirelarik muxikatarrak. Tolosakoa zen, izan ere, Montevideora pasatu zen Francisco Muxica Yeregui, presidentearen birraitona. Hau guztia Juan Aguirrek sinatutako artikulu batean eman du argitara El Diario Vascok.

Donostia-San Sebastian. Artikuluak Mikel Prieto ikertzaileak datorren martxoaren 1era arte Uruguaiko presidentea den Jose Mujica Cordanoren arbasoez eginiko zuhaitz genealogikoa aurkezten du. Ikerlanak XVI. mendeko azken laurdenera garamatza eta Gipuzkoako Astigarreta herrian --orduan udalerri zen eta egun Beasaingo parte-- kokatzen ditu Pascual Mujica eta Marina Yeregui, agintari hegoamerikarraren arbasoak. Hortik gaurdaino eta Jose Mujicaraino heldu arte, hamabi belaunaldi identifikatu ditu Mikel Prietok, behar bezala dokumentatuak, bereziki Oñatiko Protokolo Artxibo Historikoan.

Astigarretatik, familia Azpeitiko Urrestillara mugitu eta handik Tolosara pasatu ziren eta hor jaio zen, jaio ere 1818an  Francisco Muxica Yeregui. Hau 1840ean aita italiarrekoa zen donostiar batekin, Catalina Chipiriano Esnaolarekin ezkondu eta 1842an atera ziren Donostiatik Montevideora. Uruguain zegoen dagoeneko Franciscoren osaba bat, Juan Fermin Yeregui Yzaguirre, tolosarra baita ere, Uruguain ireki zen lehenengo botiketako baten sustatzaile izan zena, eta Uruguaiko Floridan jaio zen 1846an, presidentearen aitona izango zena, Jose Cruz Mujica.

(Artikulua osorik, gaztelaniaz, El Diario Vascon)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia