euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Mujica, Euskal Herrian: "Neure buruari agindu nion ahal bezain pronto itzuliko nintzela"

2015/05/19

Urkullu lehendakaria eta Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia, Muxika herrian (argazkia Irekia)
Urkullu lehendakaria eta Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia, Muxika herrian (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Euskal Herrian da Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohia, azken urteotan mundu mailako politikan pertsonaia maitatuenetako bat, bere jarrera apal eta zentzuzkoagatik. Bere arbasoen sorlekua bisitatzera etorri da berriz ere, oraingoan Lucía Topolansky emaztearekin batera. Protokolorik gabeko bidaian, euskal kulturan sakontzeko aukera izan du Mujicak, eta euskaldunen nortasun gardena azpimarratu du. "Joera politiko guztietakoak daude", esan du, eta barrez gehitu du udaletxeetan bandera guztiak "txikitxoak" direla, ikurriña "handi-handia" ezik.

Muxika, Bizkaia. Bisita pribatua eta protokolorik gabea ari da egiten Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia Euskal Herrira egunotan, bere arbasoen sorterria ezagutzeko. Ez da bere aurreneko aldia Euskal Herrian; izan ere, 2013an bidaia ofizialean izan zen. Alabaina, orduan ez zuen nahi zuena egiteko aukerarik izan, presidente karguaren protokoloa eta agenda ofizialagatik. Oraingoan, Lucia Topolansky emaztearekin batera etorri da, Euskal Herria patxadaz ezagutzeko prest. 

Mujica eta emaztea Muxika herrira bueltatu ziren igandean, 2013ko bidaian egin bezala. Orduan, Mujicak uste zuen Bizkaiko herri txiki hau bere arbasoen sorterria zela (harrezkero, bere familiaren jatorria Gipuzkoako Astigarreta herrian dagoela jakin du). 

Muxikan Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu zen Mujica, bilera pribatu batean. Horrez gain, herrian barrena zebilela herritarrekin hitz egiteko aukera ere izan zuen. Horietako bat izan zen, esaterako Onintza Enbeita muxikarra, Amaiurreko diputatua.

"Neure buruari agindu nion ahal bezain pronto itzuliko nintzela", esan zuen Mujicak. Bihar 80 urte beteko ditu, eta bere esanetan, ziurrenik ez da berriz bueltatuko. Bisita honetan, Mujicak txoko batean bazkaldu eta hainbat historialariekin hizketan euskal kulturari buruz ikasteko aukera izan zuen. Mujicak euskaldunen nortasuna azpimarratu zuen, eta "euskalduna espainarrarekin ez dela nahastu behar" esan zuen, bere ustez, nahiz eta azaleran "antza izan dezaketen", azkenean "euskal nortasuna delako nagusi".


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia