euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Maria Bengoa hil da, 96 urterekin, elikapen medikua eta Venezuelan hazitako Diasporako euskalduna

2010/01/18

Jose Maria Bengoa Lekanda
Jose Maria Bengoa Lekanda

PUBLIZITATEA

Jose Maria Bengoa Lekanda (Bilbo, 1913) joan den larunbatean hil da, hein handi batean Venezuelari lotutako bizimodua eraman ondoren, bertara heldu baitzen gazterik errefuxiatu, 1938an. "Euskalduna naiz izatez, Euskal Herria da nire ama, baina sozialki, kulturalki eta zientifikoki venezuelarra sentitzen naiz", esan izan zuen inoiz. 1947an Amaia Renteriarekin ezkondua, sei seme-alaben aita da, euretako bat egungo Jaurlaritzako Osasun sailburua, Rafael Bengoa Renteria. Elizkizunak gaur arratsaldeko zazpietan izango dira, Algortako Bariko San Nikolas elizan.

Bilbo, Bizkaia. Jose Maria Bengoa Lekanda 1913an jaio zen Bilbon, aita merkataria, Dimakoa, eta ama Arrigorriagakoa zeuzkala. Zazpi anai-arrebetan azkenaurrekoa izan zen. Medikuntza Valladolid-en (Espainia) ikasi ondoren, 1936an amaitu zuen karrera eta ia berehala, Franco altxatu ondoren, 23 urte besterik ez zituela, Jaurlaritzak bere Guda Saileko Osasun idazkari izendatu eta frentean sorospen lekuak antolatzen eta kanpaina ospitaleak eratzen aritu zen. Bilbo erori baino pare bat egun lehenago Pirineoetako muga pasatu zuen eta bertatik Venezuelako bidea hartuko zuen, errefuxiatu, 1938an.

Venezuelan, Caracasetik urrun dagoen Sanare herrian, Lara estatuan, ibili zen mediku, hiru bat urtez, gaur egun herriko ospitaleak bere izena daramalarik. Elikapen faltaren kontrako borrokan jardun zuen bertan, geroago Caracasetik ere alor horretan Elikapen Institutu Nazionalean aritu eta Elikapen Medikuen Eskola sortuko zituelarik.

Iñaki Anasagastik, bestalde, bere blogean idatzi du Jose Maria Bengoak garai venezuelar hartan euskal komunitateko kide aktibo gisa garatu zuen lana, besteak beste, Euzkadi aldizkariko zuzendari gisa 1942 eta 1949 bitartean, Caracasen.

1954an, Munduko Osasun Erakundeak deiturik elkarte honentzako lanetan hasten da, beti ere elikapen arloan, eta munduan zehar bidaiatzen hasiko da, elikapen eskasiaren kontrako borrokan. Bi hamarkada horretan, beste bi urte Washington hirian, 1960an, eta Genevara itzuliko da 1962an Munduko Osasun Erakundeko Elikapen buru bezala. Franco hilik Eusko Jaurlaritza berriro abiatzen denean, Garaikoetxea lehendakariak 1979an deituko du eta lau urtez orduan hasten ari zen Osasun saileko aholkulari izango da.

Beste zenbait domina eta ohoreren artean Osasunaren Erakunde Panamerikarrak "Osasunaren Heroi" izendatu zuen eta, denboran askoz hurbilago, Sabino Arana Fundazioak izen bereko saria eman zion 2007an, 2008ko urtarrilean Bilboko Arriaga antzokian Ibarretxe lehendakariaren eskutik.

-Jose Maria Bengoa Lekandaren aldeko elizkizunak gaur arratsaldeko zazpietan egingo dira Algortako Bariko San Nikolas elizan. Goian Bego Jose Maria Bengoa.

Lotura interesgarriak

Jose Maria Bengoaren biografia osoa
Berak kontatua



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia