euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Jose Maria Arizmendiarrieta’ izena hartu du La Platako CEVA Euskal-Argentinar Ikasketa Zentroak

2016/07/16

Arizmediarrietaren Lagunak Elkarteko presidentea den Miguel Angel Laspiurrek hitzaldi bat eman zuen Euzko Etxean
Arizmediarrietaren Lagunak Elkarteko presidentea den Miguel Angel Laspiurrek hitzaldi bat eman zuen Euzko Etxean

PUBLIZITATEA

La Platako Euzko Etxean burututako ekitaldi batean, Arrasateko Kooperatiben oinarriak jarri zituen Jose Maria Arizmendiarrieta apaizaren izenarekin bataiatu zuten La Platako Euskal-Argentinar Ikasketa Zentroko kideek euren ikerketa gunea. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearen izenean, elkarteko presidente Miguel Angel Laspiur gipuzkoarra argentinaratu zen omenaldian eta antolatutako ekintzetan parte hartzeko.

La Plata, Argentina. Izendatze zeremonian parte hartzeaz gain, egun hitzorduz betea izan zuen Euskal Herritik propio etorritako Miguel Angel Laspiur ekonomista arrasatearrak joan den uztailaren 7a, La Platan.

Goiz-goizean Buenos Aires Probintziako Senadore Ganbera Ohoragarria bisitatu zuen eta bertan Hernan Albisu senadorearekin eta Ricardo Lissalde eta Juan Amondarain diputatuen ordezkariekin bildu zen. Arratsaldean, berriz, hitzaldi bat eskaini zuen Laspiurrek Argentinako Lan Kooperatiben Elkartean (FECOOTRA).

Baina dudarik gabe, eguneko hitzordu bereziena Euskal-Argentinar Ikasketa Zentroarekin lotuta izan zuen. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko presidentea lagun, ‘Jose Maria Arizmendiarrieta’ izena jarri baitzioten ikasketa guneko arduradunek iaz formalizatu zen Zentroari. Jende ugari bildu zen Euskal Etxean ekitaldian parte hartzeko, tartean, Ricardo Lissalde diputatua; INAES-eko presidente Marcelo Collomb; eta La Platako Legebiltzarreko buru Fernando Ponce. Euskadiko ordezkari Sara Pagolak gutun baten bidez adierazi zuen bere atxikimendua.

Euskal Etxeko lehendakari Javier Cluak eta INAESko presidente Marcelo Collombek izan zuten publikoari ongietorria emateko ardura eta euren hitzetan azpimarratu zuten Euskadin indarra duen kooperatibismoaren ezagutzan sakontzeak duen garrantzia Argentinan eredu hartu ahal izateko. Segidan Mondragongo kooperatiben gaur egungo egoerari buruzko hitzaldia eskaini zuen Laspiurrek. Bere mintzaldian Arizmendiarrieta apaizaren izaera eta balioak goraipatu zituen.

Hitzaldiaren ostean, eta Independentzia Argentinarraren Bigarren Mendeurrenaren gogoan CEVAko kide den Jose Saldias irakasleak Libres de España y de toda otra dominación extranjera: los libertadores vasco argentinos bere liburua aurkeztu zuen. Zeremoniari amaiera emateko, Diego Sandullo gitarra jotzaileak eta Marcelo Hann abeslariak folklore argentinarreko abesti batzuk kantatu zituzten.

Ikerketa Zentroak jakinarazi du gaur egun CEVA eta Argentinako Lan Kooperatiben Elkartea proiektu bat ari direla garatzen, kooperazioa, asoziatibismoa eta laguntasun balioak sustatzeko La Platako eskola teknikoetan. “Hori da Jose Maria Arizmendiarrietari egin ahal diogun omenaldi onena” adierazi du CEVAk.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia