euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Gutierrez txistulari: 'Dantzaldi batean musikaria zuzenean aritzea ikuskizunaren funtsezko zatia da'

2014/02/12

Jose Maria Gutierrez txistularia, Villa Mariako 2013ko Euskal Astean
Jose Maria Gutierrez txistularia, Villa Mariako 2013ko Euskal Astean

PUBLIZITATEA

Argentinako euskal musikaren erreferente handienetako bat da zalantzarik gabe. Jose Maria Gutierrez txistulari eta danbolin jotzaileak ia berrogei urte daramatza dantzariei laguntzen: Buenos Airesen, Accion Vasca-Laurak Bat-eko gazteekin; nazio mailan, Euskal Asteetako Plaza Dantzan parte hartzen duten euskal etxeetako neska-mutilekin. Euskal Herriko publikoa ere ez zaio arrotza egiten Bahia Blancako musikariari. Izan ere, Donostiako Konstituzio Plazan aurkeztu zen 1982an, talde argentinar batekin. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan, txistulari baten pasadizo, erronka eta iritziak, Jose Maria Gutierrezen eskutik.

Sabrina Otegi/Buenos Aires, Argentina. “Bahia Blancako Laurak Bat (gaur egun Union Vasca) euskal etxean hasi nintzen, dantzari. Pianoa jotzen nuenez, dantza batzuk hasi nintzen jotzen etxeko dantzariei laguntzeko, entseguetan eta baita jaietan ere”, kontatzen du Jose Maria Gutierrez-ek euskal dantza eta musikara nola hurbildu zen azaltzeko.

“1975ean Buenos Airesera etorri nintzen ikastera eta, jakina, hemengo Laurak Bat-era joan nintzen dantza taldean sartzeko asmoarekin. Bertan, dantzari batzuk txistua jotzen ikasten ari ziren Joaquin Sucunza-rekin eta berehala piztu zitzaidan interesa. Ordurako beste tresna batzuk menperatzen nituen, beraz txistua eskuratu nuenean, eta nahiz eta musika irakurtzen jakin, belarriz hasi nintzen jotzen. Gero, dantzok, Sucunza-ren ikasleekin erkatzen nituen, batez ere Xavier Archanco-rekin. Oso denbora gutxian, Xavierrek eta biok dantzatzeari utzi eta taldeko txistulari bilakatu ginen. Nire ikasprozesuari begiratzen badiot, laguntza 'apur bat' jaso zuen autodidakta bat naizela esago nuke”, azaltzen du Gutierrez-ek.

Jose M Gutierrez 2014 01
[Jose Maria Gutierrez eta Xavier Archanco, 70. hamarkadan, Buenos Aireseko Laurak Bat-en ospatutako Aberri Eguneko festan]
 

Archanco-Gutierrez bikoteak 1990era arte jarri zizkien melodiak Laurak Bat-eko dantzei. Urte hartan Xavier Tafalla-ra joan zen bizitzera, Jose etxeko txistulari bakar gisa utzita. “Bakarlari geratzeak aldaketak ekarri zizkidan. Nik normalean ‘jolastu egiten nuen’ armoniekin, bigarren ahotsak-eta egiten. Bakarrik geratu nintzenean, ordea, melodia behar nuen jo eta, batez ere, danbolinari kasu gehiago egin behar nion, garrantzi handia baitu danbolinak dantzentzat”.

Lau hamarkada, hainbat lorpen

Argentinako txistularitzaren baitan, Jose Gutierrezen ibilbidea oparoa bezain egonkorra dela esan daiteke. Urteetan zehar, dantza talde ugarirekin aritu izan da. Batetik, Laurak Bat bere euskal etxeko gazteekin. Baina txistulari eskasian, beste euskal etxe askotako taldeekin ere jo izan du Gutierrez-ek Buenos Airesetik kanpo. Besteak beste, Rosario, Bahia Blanca, Maipu eta Tandil bisitatu izan ditu. Baina inoiz haratago ere joan da, Argentinako mugak ere gaindituz, Uruguai eta Euskal Herrian aurkezteko, esaterako.

“Euskal Herrian izandako esperientzia nire bizitzako politenetako bat izan zen, 1982an, Donostiako Konstituzio Plazako dantzaldi batean. Bertan eta Mar del Platako Jose Mari Echeverria-rekin batera, dantzari argentinar talde batentzat jo nuen. Plaza gainezka zegoen eta jendea guri begira, harrituta… liluragarria izan zen”, gogoratzen du musikariak.

Mugak horretarako daude, zeharkatzeko. Eta geografikoak ez ezik, euskal kolektibitatearenak ere gainditu zituen Laurak Bat-eko kideak hiriburuko Corrientes kaleko antzokietara heldu zenean. “1996-97 urteetan Angel Pericet-en konpainiarekin jo nuen Buenos Aireseko ‘Broadway’ den Corrientes Kalean eta hori ere izan zen bizitzako oso une gogoangarria izan nuen. Antzezlanean, euskal suite bat jotzen zen eta nik txistuarekin laguntzen nuen. Gauero, bi hilabetez. Suite hori, gainera, Jose Mari Echeverriak egina zen, niretzat eredu bat izan den txistularia bera”.

Txistularien ondarea

“Mar del Platako Jose Mari Echeverria aipatzean beste izen batzuk ere datozkit burura. Zorionez, balio handiko txistulariekin jotzeko aukera izan dut, nigan eta baita euren erakundeetan ere marka handia utzi zuten txistulariekin: Rosarioko Fermin Sanchotena; Necocheako Hipolito Zubillaga; Lomas de Zamorako Iñaki eta Luis Ostolaza; Laurak Bat-eko Joaquin Sucunza; dantzari garaian Bahia Blancan nire lehenengo txistularia izan zen Jorge Diez; Arrecifeseko Potxolo Loyola… Eta lagun onak ere egin ditut, tartean, Crescencio Alberro, Alejandro Clua, Abelito Noseda, Sejo Franco, Juanjo Arregui, Guillermo Canut… Hauekin batera, Isidro Errotaberea atabalaria ere behar dut aipatu, elkarrekin jo baikenuen Euskal Aste anitzetan, Plaza Dantzan. Eta nola ez, Xavier Archanco… berarekin hasi nintzen bide honetan eta hamabost urtez asko ikasi eta primeran pasatu genuen. Gaur egun, enpresari ospetsua da Iruñean”.

Euskaltasuna, berak hartutako erabakia

Beste zenbait musikari edo dantzarik ez bezala, Gutierrez-ek Euskal Herriarekin duen lotura, bere buruarekin hartutako erabakia eta prozesu den emaitza dela diosku. “Familiari dagokionez, esan behar dut euskal kulturarekin dudan harremana neure hautua izan dela. Argentinar askok bezala, zenbait jatorritako arbasoak ditut, tartean, Aldude-n, Nafarroa Beherean, jaiotako amona bat. Herria oso polita da, duela hiru urte ezagutu nuen; baina egia esateko, ez dut gauza handirik egin bertan oraindik familiarik dudan jakiteko. Arbasoak XIX. mendearen amaieran etorri ziren eta ez dakit daturik lor daitekeen. Nik Argentinako euskal erakundeetako kide ikusten dut nire burua, nik neuk egindako ibilbide baten emaitza, musikaren eskutik. Duela 39 urte hasi nintzen txistua jotzen Buenos Airesko Acción Vasca-Emakume Abertzale Batza taldearekin. Duela urtebete, guztiok Laurak Bat-era pasatu ginen bertan burutzen baititugu gure aktibitate guztiak. Txistulari izateak nire bokazio musikala garatzeko aukera eman dit, hezkuntza eta lan arloen osagarri”.

Ikasitakoa eta ikasteke dagoena

Asko dakitenek argi dute sekula ez dela ikasten bukatzen. Kari horretara, 2013an, Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen Gaztemundu programan hartu zuen parte Gutierrez-ek. Gasteizko egonaldian, bertako Musika Etxea-ko Roberto Alvarez Leza eta Eneko Espino-rekin lan egin zuen batez ere, teknika hobetze aldera. Horrez gain, ensemble-ak sortu eta musika tresnak konbinatzeko aukera berriak ezagutu zituen. “Musikari elkarteak sortzeko kezka ere izan dut, instrumentuka edo musika generoka. Asmoa da hemen, Argentinan, horrelako zerbait egitea, eta euskal musikari eta jotzaileak elkarte batean biltzea, FEVAren baitan, gure euskal musika hedatu, bultzatu eta sendotzeko”, diosku Gutierrez-ek.

Txistulari berrien irakasle gisa, txistuaren egoera nola ikusten duen komentatu digu muiskari bahiablancatarrak: “Nire ustez, gaur egun oso bizirik dago txistua Argentinako erakundeetan. Adibide bezala, duela hamalau bat urte, bakar-bakarrik jo nuen Euskal Aste batean berrehun dantzarientzat. Gaur egun, ordea, jotzaileak badaude, hala nola Baietz taldeko mutilak, Mar del Platako tailerreko kideak, Arrecifesekoak, San Nicolaseko neskak… Ia guztiek hartu izan dute parte Gaztemundu programan eta hori oso motibagarria da eta efektu biderkatzailea du. Gauza bera gertatzen da FEVAko tailerrekin; horien asmoa ere bada mailak parekatu eta emaitza homogeneoagoak lortzea. Gaur egun txistulari gehienek irakurtzen dute musika eta asko entseatzen dute eta hori funtsezkoa da. Ondo jotzen da”.

Jose M Gutierrez 2014 02

[Iazko Euskal Astean, beste txistulari argentinarrekin igandeko dantzetan. Jose Gutierrez hirugarrena da, eskuinetik

Balantzea baikorra izan arren, Gutierrez-en ustez lan handia dago oraindik egiteke etorkizunari begira. “Txistulari berriak sortzeaz gain, txistuaren presentzia sendotu behar da jai handietan eta eguneroko ekintzetan. Ona izango litzateke jaialdietan une berezi bat izatea txistu musikarentzat; eta grabazioak zuzeneko musikarekin ordezkatzea. Denon artean Euskal Astean egiten ditugun alardeetarako errepertorio bakarra izatea; eta ensableetan, beste tresna batzuekin jotzen hastea ere ondo legoke. Gauza hauei buruz hitz egiten dugu txistulari berriekin eta baita FEVAko agintariekin”.

Bere historiari erreparatuta, argi dago erakundeen garrantzia Jose Gutierrez-ek euskal musikan egindako jardunbidean. Horregatik, instituzioen eta txistulariaren arteko harremana azpimarratzen du musikariak txistulari berriei mezu bat luzatzeko momentuan: “Nik uste dut txistulari izateko, Argentinan, oso emankorra dela erakunde baten baitan aritzea, aurrerapen pertsonala eta dantzariekin egiten diren piezak orekatuz. Txistulariaren zereginak konpromisoa eta aldi berean, dantzariei eta oro har folkloreari eskaintzen diegun zerbitzu bat behar du izan. Dantza ikuskizunetan ez da gauza bera grabazio batekin edo zuzeneko musikarekin aritzea. Nahiz eta batzuetan – batzuetan bakarrik–  musika grabatua aberatsagoa edo jantziagoa izan, musikariaren presentzia taula gainetan ikuskizunaren funtsezko zatia da”.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia