euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako musika folklorikoan izen handia den José Larralde, Arantzako nafarren seme eta biloba da

2009/06/18

José Larralde musikagile argentinarrak Arantzako euskalduna zeukan aita
José Larralde musikagile argentinarrak Arantzako euskalduna zeukan aita

PUBLIZITATEA

José Larralde Argentinako folklore eta musika herrikoiko izen handietarik da. Bere kantek gizakiak berea duen askatasuna eta duintasuna lortzeko borroka islatzen jakin dute. Huanguelén-en 1937an arbaso euskaldun eta arabiarrak zituela jaiotako gizon hau General Villegasko Euskal Etxeko 'Beti Aurrera' buletinak elkarrizketatu zuen behin. Han aipatutako datuen oinarrian, Sergio Recarte, musikariaren aitatxi euskaldunaren peskizan ibili da eta kantariak berak ezagutzen ez zituen jakingarriak batu ditu. Horretaz doa 'Beti Aurrera'ko azken alean argitara eman duen artikulua. Hona laburbildu dugu testua.

General Villegas, Argentina. 2003. urtea zen eta José Larralde General Villegas-era iritsi zen Argentina barnealdean eman ohi zituen kontzertualdi horietako batean. Artistak kantaldia eskaini behar zuen maiatzaren 9an eta aitzakia honekin, Sergio Recartek elkarrizketa bat egin zion Euskal Etxeko 'Beti Aurrera' buletinean argitaratzeko.

Denbora pasatu zen eta Recarteren eskuetara iritsi zen Juan Garmendia Larrañaga etnografo tolosarraren 'Artesanos de la regata del Bidasoa: Sumbilla, Aranaz y Yanci' liburua, 1983. urtean Donostiako Txertoa argitaletxeak plazaratua. Izenburuak islatzen duenez, Nafarroako aipatutako hiru herri horietan ziharduten zenbait artisauren berri ematen da hor.

José Larralde gaztetako kantaldia batean

[José Larralde aspaldi egindako kantaldi batean]

Larralderi egindako elkarrizketa hartan, honakoa esaten zuen artistak bere arbasoen inguruan: ' Nire abizena euskalduna da, nire arbasoak bezala. Nire aita, José Larralde Iribarren Machicote Berrotagaraicoechea zen. Bera Argentinara 14 urte zituela iritsi zen Euskal Herritik, Arantza herritxo nafarretik hain zuzen. Jaioterrian, aitaren arreba eta anaia bat geratu ziren. Aurrerago beste anaia bat ere Argentinara bildu zen. Aitak kontatu zidanez, bere aitak, aitatxik alegia, diru pixkat eta gazta bat eman eta itsasontzian sartu zuen. Gerora ez zuten berriro elkar ikusi, eta gauza bera amarekin'. Larraldek elkarrizketaren beste momentu batean aipatzen du: 'Nire aitak esan zidanagatik, aitatxik musika tresnak egiten zituen, baina etxe azpian harategi bat eta ileapaindegi bat ere bazituela esan zidan'.

Garmendiaren liburuak biltzen duenari bagagozkio, izan zen Arantzan Teodoro Larralde izeneko bat, arotza, baina denborarekin harakin ere lan egin zuena --eta emaztearen laguntzarekin-- baita ere bizargin, elektrizista... eta txistugile ere. Azken honetarako, Teodorok ba omen zuen aparteko dohain berezi bat. Izan ere bere musika tresnek arrakasta izan zuten baita Euskal Herritik kanpo ere. Garmendiak aipatzen du liburuan XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran, bazegoela Arantzan beste txitugile bat, Migel Biurrarena, eta Larralde eta Biurrarena zirela musika tresnagintzan jardun ziren bertako artisau bakarrak.

José Larralde duela gutxiko argazki batean

[José Larralderen irudi berriago bat]

Teodoro Larralde da José Larralderen aitatxi (aitona, aitxitxe) datu guztien arabera. Teodoro, 1871. urtean jaio zen Arantzako Maurdineko Borda izeneko baserrian eta 1964. urtean hil zen jaioterrian. Teodorok haurtzaroa Lorbido baserrian egin zuen eta oso gaztetatik hasi zen zurgintzan, auzoko Bera herrian ogibidez ikasirik. Han ezagutu zuen Etxalar-ko Bibiana Iribarren eta 21 urte zituela ezkondu ziren. Hasieran bikotea Arantzako Otxunea etxean bizi izan zen baina gerora Erreontenea, Arantzako elizatik gertu zegoen etxea, izan zen familiaren bizilekua.

1902.urtean, Larraldek Erreontenean harategi bat zabaldu zuen eta bertan emazteak egin zuen lan gehien bat, nahiz eta Bibiana emagin bezala ere aritzen zen. Harategiaren ondoan, Teodorok tailerra zeukan eta bertan altzariez gain, aipatutako txistuak egiten zituen. Txistu hauek Frantzia, Argentina eta Holandara iritsi ziren Garmendiaren idatzietan azaltzen denez.

Interesgarria da aipatzea José Larraldek bere abizenaz esan zuena elkarrizketan: kantari gisa hasi zenean ez zuela bere abizena aldatu, 'hori baita aitari egin diezaiokedan aitortzarik handiena, Larralde bat naizela eta euskaldunaren seme naizela esatea'. Bere arbasoen jatorriaz harro azaldu zen musikagilea. Teodoro Larralde txistugile saiatua izan zen eta bere biloba, José Larralde, Argentinako musikan erreferente. Badirudi bion historia musikak lotu nahi izan dituela.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia