Jose C. Paz, Argentina. Gero eta zabalduago dago gure gizartean genero-berdintasunaren gaineko gogoeta eta euskal etxeak ez dira arlo horretatik kanpo geratzen. Hausnarketak ezinbestekoak dira eta helburu horrekin deitu du Toki Ederrek bere bazkide den Paula Basaldua soziologoa “Emakumeak lehenengo pertsonan. Emakumeen aurrerapenak gizonezkoen munduan” mintzategia antolatzeko.
Basalduak berak EuskalKultura.com-i esan dionez, buru izango duen mintzategia trebakuntza eta gogoeta kolektiboa bultzatzeko baliabide bat izango da. Parte hartzaileek euren esperientziak konpartitu ahal izango dituzte eta horrekin batera agerian utziko da jendearen bizitzan genero baldintzatzaileek izan duten eragina. Tailerra apirilaren 17an izango da, arratsaldeko 5etan, Toki Ederren egoitzan. Ekitaldi berean Euskal Herriko Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak plazaratutako hainbat kanpainatako materiala biltzen duen ‘Begiradak Eraldatzen’ erakusketa inauguratuko du Euskal Etxeak. Erakusketa apirilaren 29ra arte ikusi ahal izango da Toki Ederren areto nagusian.
Paula Basalduak ibilbide luzea du genero gaietan. Buenos Aireseko Unibertsitateko soziologoa izateaz gain, graduondoko ikasketak egin zituen Gral. Sarmiento Unibertsitatean, ‘Genero, Politika eta Partaidetza’ diplomatuan. 'Ekitate' izeneko erakundeko zuzendaria da gaur egun eta aholkularitza ematen die estatuko hainbat erakunde, sindikatu eta gizarte elkarteei.
Gonbite berezi honekin batera, urteko programazioa ere luzatu du Euskal Etxeak. Hona ekintza nagusien egitaraua:
-Euskara eskolak: hasierako maila, larunbatetan ordu 2etan, Dario Rodriguez irakasle; maila ertaina, asteazkenetan 3:30etan, Martin Colombet irakasle; maila aurreratua, ostegunetan ordu 2:30etan, Dario Rodriguez irakasle
-Dantza klaseak. Gure Talde Alai taldearen entseguak: larunbatetan, ordu 2etatik 4etara, Agustina Olaizolaren ardurapean
-Literatur Tailerra: apirilaren 13an hasiko da, Lidia Lucía Lechardoy irakasle. Klasean hautatuko da lan egiteko materiala
-Elkartearen Biltzar Orokorra: apirilaren 22an izango da, goizeko 10etan. 2017ko Memoria eta Balantzea aurkeztuko dira
-Ekintza Gernikaren omenez: apirilaren 26an Bonbardaketari buruzko filmak proiektatuko dira eta Meza eskainiko da San Pedro Claver elizan
-Aberri Eguna: apirilaren 29an ospatuko dute paztarrek Euskal Etxeko egoitzan bazkari batekin. Dantzariek dantza egingo dute
-‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’: maiatzaren 6an, Gure Talde Alai taldearen dantzak eta Euskal Etxeak argitaratutako liburuak aurkeztuko ditu Toki Ederrek Mayo etorbideko jaialdian
-Toki Eder Euskal Etxearen 22. urteurrena: bazkaria ekainaren 10ean izango da, ohiko paella, dantzak eta musika ikuskizuna barne
Ekintza hauez gain, beste batzuk ere baditu Euskal Etxeak urteko programa osatzen jarraitzeko: Mikel Ezkerroren hitzaldia, Colegio México delako ikasteko abesbatzaren errezitala, Diasporaren Eguna, eta dantzarien ekitaldiak. Datak zehaztu ahala jakinaraziko dira. Eta Mar del Platan izango den 2018ko Euskal Astera ere joango dira Euskal Etxeko ordezkariak, azaroaren lehenengo asteburuan.
Euskal Etxetik jakinarazten dute informazio gehiago jasotzeko idazkaritza eta liburutegia astearteetan eta ostegunetan dagoela irekita arratsaldeko 4etatik 7etara. Ordutegi horretatik kanpo, emailez kontakta daiteke instituzioarekin toki_eder@speedy.com.ar helbidera. Toki Eder Euskal Etxea Jose C. Paz kaleko 2120. zenbakian dago, Jose C. Pazen.