euskal diaspora eta kultura
2008/07/29
PUBLIZITATEA
José C. Paz, Argentina. "Pintxoa oso mokadu tipikoa da Europako euskal gastronomian. Ohitura arrunt baino arruntagoa da Euskal Herrian aperitibo legez tabernetako barratik pintxoak hartzea, baxoerdiaz edo zuritoaz lagunduta. Euskaldunek hain gustukoa duten plater hau prestatzeko ogi-xerra eta gainean jartzeko osagaiak baino ez dira behar pintxo xinpleenen kasuan. Osagaien artean, ohikoenak arraina, tortilla, piper beteak eta kroketak dira". Honainokoak (euskal) argentinar bati pintxoa zer den azaltzeko balio dezake. Eta tankera honetako azalpenak entzungo ditugu José C. Paz-en datozen asteotan.
Izan ere, "pintxoak jateko ohitura berreskuratzeko edo bultzatzeko asmoz", José C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxeak Pintxo Lehiaketa antolatu du. Edonork parte hartu dezake, baina halako ideia izan dezaketenek kontuan hartu behar dute izena emateko epea abuztuaren 12an bukatuko dela. Partaide bakoitzak gehienez bi pintxo ezberdin aurkeztu ahal izango ditu, eta mota bakoitzeko hiru egin beharko ditu, epaimahaiko hiru kideek dastatu ahal izan ditzaten.
Lehiakideek aukeratu duten izengoitia eta pintxoari ipini dioten izena gutun-azal baten kanpoko aldean idatzi beharko dute, eta barruan, karta tamainako orri batean, euren benetako izen-abizenak eta pintxoaren errezeta. Lehiaketaren irabazleak ehun pesoko saria eta diploma jasoko ditu. Parte hartzaileek pintxoak eginda eraman ditzakete Euskal Etxera edo, bestela, hitzorduaren egunean Euskal Etxean bertan prestatu. Kasu horretan, kontuan izan beharko dute pintxoak arratsaldeko 7ak baino lehen prest izan beharko dituztela. Hitzordua abuztuaren 16an izango da, arratsaldeko 7etan, Toki Eder-en egoitzan, José C. Paz kaleko 2120 zenbakian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus