Jose C. Paz, Argentina. Buenos Aires probintziako Jose C Paz herriko euskal etxea da Toki Eder eta plangintza zabala aurkeztu du 2020. Izan ere berehala hasiko da burutzen, larunbat honetan hain zuzen, Dario Rodriguez irakasleak eskainiko dituen euskara eskolekin, batetik, eta baita ere bestalde Agustina Olaizolak eta Agustina Etcheberryk emango dituzten dantza klaseekin. Literatur eta Sukaldaritza tailerrak ere martxoan hasiko dira. Lehenengoa, komunitateari irekia, Lidia Lucia Lechardoy irakaslea arduradun; bestea, janari tipikoak prestatu eta dastatzeko helburuarekin, Blanca, Camila, Marta eta Angeles sukaldarien eskutik.
Urte osorako iragarri duen egitarauko parte, zenbait aditu gonbidatu ditu Euskal Etxeak bere egoitzara, bakoitzak bere alorra aurkeztu eta jendaurretu dezan: Paula Basalduak generoari buruz hitz egingo du; Celeste Castiglionek, Jose C. Pazeko euskal historiari buruz. Magdalena Mignaburu euskal jantzi tipikoak hartuko ditu hizpide eta Aitor Pescador Medranok, Euskal Herriko historia.
Omenaldi bereziak ere egingo dituzte data jakinetan. Gernikako Bonbardaketa gogoratuko dute; Aberri Eguna eta San Ignazio ospatuko eta ekitaldi polit eta adierazgarriak antolatuko Diasporaren Nazioarteko Egunerako. Urtero bezala,, Toki Eder Jose C. Pazeko euskal gizataldearen ordezkari izango da Cañuelasko Dantzari Topaketan, ‘Buenos Aires Celebra’ jaialdian, Llavallolgo Ume Topaketan eta aurten Macachinen egingo den Euskal Aste Nazionalean.
Baina zalantzarik gabe egun bereziena ekainaren 7a izango da, igande horretan bere urteurrena ospatuko baitu erakundeak. Festa jendetsua izango da eta urtero bezala, paella erraldoia, dantzak eta musika ikuskizunak izango dira protagonista. Urte osoko programa hemen eskura daiteke. Euskal Etxetik jakinarazi nahi dute Idazkaritza eta “Reyes Michelena” Liburutegia astearteetan eta ostegunetan dagoela irekita, arratsaldeko 4etatik 7etara.