euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose C. Pazeko Adelma Molinarik eta La Platako Marutxa Zarranzek sari bana jaso dute Emakumearen Egunean

2013/03/22

Maria Celia ‘Marutxa’ Zarranz eta Adelma Molinari euren sariak jasotzen (argazkiakEE)
Maria Celia ‘Marutxa’ Zarranz eta Adelma Molinari euren sariak jasotzen (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

Omenaldi anitz burutu dira hilabete honetan Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta. Zeremonia batzuk eremu pribatuan gauzatu dira; beste batzuk, publikoan. Buenos Aires probintzian, euskal gizataldeko bi emakume izan dira gailenduak euren komunitateen alde egindako lanagatik. Jose C. Pazeko kasuan, Toki Eder Euskal Etxeko Adelma Molinarik ‘San Miguel Arcangel’ saria jaso zuen Telered telebista kateak antolatutako omenaldian. La Platan, berriz, Euzko Etxea-ko Maria Celia ‘Marutxa’ Zarranz-ek izan zuen ‘Kolektibitateetako Emakume Nabarmenen’ artean egoteko ohorea.

Jose C. Paz, Argentina. Hainbat ekitaldi egin ziren mundu osoan joan den martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunaren baitan. Beste leku askotan bezala, Argentinan ere bere inguruarekiko engaiamendu isil baina eraginkorra duten emakumeak saritzeko eguna bihurtu da martxoaren 8a. Testuinguru horretan, Buenos Aires probintziako Telered telebista kateak probintzia iparraldeko partiduetako emakumeen omenezko ekitaldia egin zuen 8an bertan. “Desde el alma saioaren aurkezlea den Gabriela Medinak luzatu zigun gonbitea eta oso gustura joan ginen hitzordura. Izan ere, kate honetan beti ematen digute tartetxo bat mintzatzeko eta adeitasun handiz hartu ohi gaituzte”, jakinarazi digu Jose C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeko lehendakari Maria Angeles Oñederrak.

Emakumearen Eguna Jose C. Paz-en 2013 01

[Maria Angeles Oñederra, Arantxa Escribano kazetaria eta Adelma Molinari sari emanaldian (argazkiaEE)]

Beste ehun bat emakumerekin batera, ‘San Miguel Arcangel’ saria jaso zuen Adelma Molinari Jose C. Pazeko euskal etxeko kideak minusbaliatuen aldeko egindako lanagatik. Adelma Molinarik jardunbide zabala dauka arlo honetan eta bere lan ezagunenen artean minusbaliatuentzako zentro batzuk sortzea aipa daiteke. Gogora dezagun Minusbaliatuak Lagundu eta Babesteko Elkarteko titularra dela Molinari eta Gral. Sarmientoko Unibertsitateko eta Buenos Aires Probintziako Kultur Etxeko sariak ere jaso zituela 2010ean eta 2011ean, hurrenez hurren.

La Platako 2013ko Emakume Nabarmenak

Buenos Airesen ere baina La Plata probintziako hiriburuan beste omenaldi bat burutu zen hainbat emakume saritzeko. Udaleko Urrezko Aretoan, Erakunde eta Gizatalde Atzerritarren Udal Zuzendaritzak Euzko Etxea-ko Maria Celia ‘Marutxa’ Zarranz gailendu zuen “Emakume Nabarmenen” ekitaldian.

“Marutxa La Platan jaio zen familia euskaldun batean. 1946. urtean sartu zen euskal etxean eta harreman ezin sendoagoa izan zuen hortik aurrera Euzko Etxearekin. Bere bizitzako momentu garrantzitsuenak euskal etxearen inguruan gertatu dira; esaterako, bertan ezagutu zuen bere senarra izango zen Bixente Ibarguren. Bere jardunbideari dagokionez, azken hirurogei urte hauetan Marutxa etxeko batzordekide, Emakumeen Taldeko kide eta erakundeko alkate izana da, azken hau 2008-2009 epean”, azaldu digute La Platako euskal etxetik.

Emakumearen Eguna La Plata-n 2013 02

[Maritxu Zarranz, La Platako Euzko Etxea-ko lagunek inguratuta, poz-pozik sariarekin (argazkiaEE)]

Martxoaren 12an egindako ekitaldi honetan, Javier Pacharotti hiriko jarduneko alkateak, Gabriel Bruera probintziako diputatuak eta Mauricio Castro Erakunde eta Gizatalde Atzerritarren Udal Zuzendariak izan zuten diplomak banatzeko ardura.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia